Iñaki Lazkano EHUko irakasle eta kazetaria aditua da euskal zineman; Kimuak programaren liburuan parte hartu du, Ainhoa Fernandez de Arroiabe eta Nekane Zubiaur irakasleekin batera. Hirurei ez zaie erraza egin Kimuaken parte hartu duten film laburren artean hautaketa egitea, baina pozik daude aurkitutako lanen kalitatearekin.
Zeintzuk izan dira film laburrak aukeratzeko irizpideak?
Ez da erraza izan; 109 film laburrek parte hartu dute Kimuak programan, eta gehienak oso onak dira, baina aukeratzerakoan ia erabat ados egon gara. Kimuaken gutxienez bi film aurkeztu zituzten zuzendari esanguratsuenak aztertu ditugu; horietako batzuk zuzendari ezagunak dira, esate baterako, Koldo Almandoz eta Jose Mari Goenaga, eta beste batzuk Oscar sarietan izan dira, Borja Kobeaga, adibidez. Baina gehienek nazioartean lan egin dute.
Nazioartean arrakastatsuak izan arren, hemen ez da oso ezaguna film laburren egileen lana. Zergatik?
Euskal Herrian ez dago zinema industriarik, eta, beraz, zinemagileak kanpora joaten dira. Dena den, gurean bada proiektu ertainak egiteko aukera, lan txukunak egiteko adinekoa; esate baterako, kalitate handikoak dira Aupa Etxebeste eta 80 egunean lanak, eta laster Jose Mari Goenagaren Loreak estreinatuko dute. Erakundeek kultura babestu beharko lukete, baina ikusleok ere badugu euskal zinema bultzatzeko arduraren zati bat.
Gaztelera hutsean argitaratu duzue liburua; euskaraz egiteko asmorik?
Salamancako argitaletxeak ditu liburuaren eskubideak, baina, lan hau euskaratzekotan, berri bat egin beharko litzateke, eguneratua. Dena den, euskal film laburren inguruko hainbat artikulu argitaratuko ditugu hemengo hedabideetan.
Ikerketa prozesuan lanen kalitatea azpimarratu duzue. Baten batek atentzioa eman al dizu?
Asko aipatuko nituzke; oso gustuko ditut, adibidez, Igor Legarretaren El gran Zambini, Kobeagaren lehen bi laburrak, Vigalondoren lehena, Berdejoren lanak, Altunarenak, Almandozenak... Aipatutako guztiek izaera unibertsaleko film laburrak egin dituzte.
Iñaki Lazkano. 'Cortometrajes de Kimuak' liburuaren egilea eta EHUko irakaslea
«Ikusleok badugu euskal zinema bultzatzeko arduraren zati bat»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu