Zinema

Ikusmira Berriak, bidea urratzeko sei modu

Hiru 'opera prima' eta hiru bigarren pelikula aurkeztu dituzte. Zinemagileek sei asteko egonaldia egingo dute Donostiako Tabakaleran, beren filmak garatzen. Euskal Herriko bi zinemagilek hartuko dute parte aurtengo egitasmoan.

2024ko Ikusmira Berriak egitasmoko sei zinemagileak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko Ikusmira Berriak egitasmoko sei zinemagileak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko martxoaren 16a
05:05
Entzun

Sei zinemagile berri, eta, beraz, sei proiektu berri, aurkeztu ditu Ikusmira Berriak egitasmoak bere hamargarren aldian. Zinemagileak bultzatzeko eta laguntzeko helburuarekin sortu zen Ikusmira Berriak, hain zuzen, Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak sustatuta. Mundu osoko zinemagileei eskainitako programa da, eta hori bera aukeratuen zerrendan ikus daiteke. Euskal Herriko bi zinemagile aukeratu dituzte: Mikele Landa eta Maria Elorza. Haiez gain, Lucy Kerr AEBetatik bertaratu da, Felipe Galvez Txiletik, Cande Lazaro Espainiatik eta Marieke Elzerman Herbehereetatik. Bakoitzak bere filmean lan egiteko sei asteko egonaldia egingo dute Tabakaleran, bakoitzak bere gela propioa edukiz.

Hiru adituz osatutako batzorde bat dauka Ikusmira Berriak programak: Flor Clerico, Javier Martin eta Pont Chafer. Horrez gain, Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek esan duenez, zinemagile bakoitzak banakako tutoretzak izango ditu, hori baita proiektuak duen «berezitasun handienetarikoa». «Oso pozgarria da, eta nabarmentzekoa, aukeratutako zinemagileen artean emakumeak eta queer komunitateko kideak izatea. Leku seguru bat da hau, eta horrek hainbat gazte bultzatzen ditu bertan aurkeztera, ez enkajatzeko beldur hori atzean utziz», esan du Clericok. Adituak azaldu du hiru opera prima daudela, eta hiru bigarren pelikula. «Oso garrantzitsua iruditzen zait bi euskal filmen proiektuak edukitzea zinemagileen artean. Ni ez naiz hemengoa, baina Euskal Herrian bizi naiz, eta uste dut hainbat politikaren emaitza direla, kulturaren aldeko apustuen emaitzak», adierazi du Clericok.

Landaren eta Elorzaren filmaren hariak Euskal Herrian garatuko dira. Senda da Landaren lana, eta izenak berak berezitasun ugari ditu, haren ustez: «Hainbat esanahi ditu senda hitzak. Gaztelerazkoan baino gehiago, euskarazko esanahian oinarritu dut nire lana. Osatu edo sendatu hitzaren oinarrian dagoen sustraia da senda, eta bertatik ateratzen dira sendagile, sendagai edo sendabide hitzak». Fikziozko film luzea da, Zornotzan (Bizkaia) garatua, eta hiru pertsonaia nagusi edukiko ditu: Bakary, Oihana eta Agustina. «Hiru pertsonaiak ezberdinak dira, mundu ulerkera kontrajarriak dituzte, baina, talka egin ordez, elkarrengana hurbiltzeko ahalegina egingo dute, hirurek sendabide bat bilatzea dute-eta helburu». Elorzak Caro Bastiano filma du esku artean. Haren familiako istorio bat berreskuratu du zinemagileak, eta lanaren oinarri bilakatu. «Nire aitona hil zenean, bere gauzen artean gutun bat aurkitu genuen, maitasun gutun bat. Gutun horrek galdera asko ireki zituen familian, eta, pelikularekin, galdera batzuei erantzuna bilatu nahi izan diet», azaldu du Elorzak. Caro Bastiano dokumental bat izango da, baina fikziozko puntu batekin.

Kerren filma, The Bow, Houston (AEB) hirian gertatzen da, 2004. urtean. «Angela da nire laneko protagonista. Goi klaseko emakume gazte bat da, eta gizartean lehen aldiz aurkezteko egiten den festarako prestatzen dabil. Texasen oraindik ugari egiten dira halako festak. Era berean, Angela adderall drogaren mendera erori da, eta horrek hainbat arazo ekarriko dizkio», azaldu du Kerrek. Etorkizuneko fikzio moduan deskribatu du Kerrek The Bow, eta gehitu du «drama eta izua» uztartzen dituela. Elzerman fikziozko film baten garapenean dabil, Wash Over izenekoa. Espainiako Prinioetan ardaztu du filmaren hasiera. Bertan, Herbehereetako emakume bat Espainiako mendietara hurbiltzen da, ugatzak birpopulatzen lan egitera. Mendian, putre baten erreskatean dabilela, erori eta hainbat hezur hausten ditu. Haren herrialdera itzuli beharko du, eta etxean, aspaldiko lagunekin eta familiarekin elkartzean, hainbat pentsamendu berri sortzen zaizkio protagonistari. «Dependentziaren aurkako borroka batean murgiltzen da protagonista», azaldu du Elzermanek.

Ez da Galvezek egiten duen lehenengo pelikula. Orain, Ikusmira Berriak egitasmoaren baliabideekin Impunidad filma garatzen ari da. «1998. urtean girotu dut filma, Londresen. Urte hartan Pinochet atxilotu zuten Britainia Handian, eta, horren harira, espioien istorioz beteriko lana osatzen ari naiz. Thriller politiko baten antzeko lana da», esan du Galvezek. Azkenik, Lazarok bere filma transexualitatearen eta intersexualitatearen ikuspuntutik jorratu nahi izan du. «Florenci Pla makia da nire laneko protagonista. Bere istorioa kontatzeko aukera paregabea da hau. Askotan guri, queer munduko erreferenteak falta izan zaizkigu, eta, horregatik, bion arteko elkarrizketa hau sortu dut. Intersexualitatearen harira garai haietako eta gaur egungo egoerak aztertu nahi izan ditut, eta Florenciri omenaldi bat egin», Lazaroren esanetan. Filmak La Pastora izena du.

Gelako bakardadean, «pozik»

Zinemagile bakoitzak bere espazioa dauka Tabakaleran. Bertan, beren proiektuetan egin behar dute lan, eta tutoreei eta beste zinemagileei esker doaz aurrera. «Talde lan handia dago, eta hori oso polita da. Harreman handia egin dute seien artean, eta horrek talde lana sortzen du», azaldu du Clericok. Elorzaren esanetan, askotan, sorkuntza «bakartia» da, eta beste partaideen presentziak modua ematen du elkarrizketak izateko. Elorza: «Bidelagunak edukitzeak ez du preziorik». Landak nabarmendu du «harro» dagoela egokitu zaioen taldeaz.

Beren gelan pasatzen dituzten orduak idazketa prozesurako erabiltzen dituzte gehienak. Elzermanek esan du gaur egun lanorduak pertsonaiak «garatzeko» erabiltzen dituela, eta tutoreen garrantzia goraipatu du. Elorzak, aldiz, esan du gidoia idazteari ekin diola, eta Ikusmira Berriak egitasmoak emandako baliabideak bertan bideratu dituela oraingoz. Tutoreengandik ikasteko «irrikan» agertu dira Kerr eta Landa, eta, era berean, Kerrek adierazi du zinemaren industriari buruzko azalpen asko lortu dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.