Irusoin ekoiztetxean lan egiten du Xabier Berzosak (Donostia, 1976), eta Moriarti Produkzioak etxeko kidea ere bada, haren sorreratik. Bada hamarkada bat pasatxo film luzeak, laburrak, dokumentalak eta beste ontzen dituztela, eta ia hogei laneko katalogoa osatu dute. Abangoardistatzat edo modernotzat hartu izan dituzte, inoiz, eta hori ukatu nahi du Berzosak: «Ez gara horrelakoak; ezta gutxiago ere. Gauza askotarikoak egiten ditugu, baina gure helburua da, argi eta garbi, ahalik eta jende gehienarengana iristea». Horren adibide da Loreak.
Zailtasun handiak edukitzen dituzue proiektuak gauzatzeko.
Bai. Moriartiren kasuan, proiektuen garapen faseak oso luzeak izan ohi dira; bi urtekoak, agian. Fase horretan finantzaketa lortzea oso-oso zaila da. Aukera bakarra dago, Eusko Jaurlaritzarena, eta diru laguntza irrigarria izaten da: 10.000-12.000 eurokoa. Gero, aurrera egiterakoan, lehen bi urratsak EITBra eta Jaurlaritzara jotzea izaten da, baina bestela oso zaila da mugimenduak egitea. Azkenean, euskarazko proiektu batek Euskal Herritik kanpo lor ditzakeen finantzaketa iturri urri horiek lortuko ditu behin hemengo diruak batu dituenean. Eta bukaeran, zortea izanez gero, TVEren ekarpenarekin bete dezakezu aurrekontuaren %20-edo.
Bereiz ezazu, mesedez, Loreak-en aurrekontua.
Espero genuen baino finantzaketa gehiago lortu dugu. Azkenean, 1,8 milioi euroko aurrekontua itxi dugu —hasierakoa 1,5ekoa zen—. EITBk %40 gutxi gorabehera, Jaurlaritzak %17, Euskaltelek %10-edo, TVEk %16-%18, eta ICAAk beste %20 bat.
Jaurlaritzak 1,8 milioi eurorekin laguntzen du zinema.
Beti esaten dut: Jaurlaritzaren Kultura Sailaren aurrekontuen datuak ikusita, zineman egiten duten inbertsioa, %0,8koa-edo, erabat irrigarria da. Milioi bat euro. Ikuspegi itxiko jarrera bat antzematen dut. Azkenean, ikuspegi industrialarekin jokatzea da zentzuzko inbertsio bat egitea. Europan zinemari diru gehien ematen dioten herrialdeak dira, hain justu, gero diru gehien berreskuratzen dutenak. Frantzian, esaterako, ikus-entzunezkoentzako laguntza negozio bat da! Instituzioek kalkulatuta daukate bueltan datorrena handiagoa dela egiten duten inbertsioa baino.
Zineman inbertituz gero desgrabatzea onartuko duen lege bat daukate mahai gainean diputazioek.
Ari gara hori aztertzen, aldaketa handia delako eta aukera inportantea izango litzatekeelako guretzat. Orain pare bat urte onartu zuten desgrabatze fiskalari buruzko lege bat Madrilen. Horren arabera, zineman inbertitzen den diruaren %18 desgraba daiteke ekoizlearen errenta aitorpenetik. Kasu honetan, ekoizle moduan jartzen baduzu beste pertsona edo enpresa bat, aukera duzu desgrabatze hori berari bideratzeko eta hori finantzaketa moduan lantzeko. Euskal Herriko diputazioek %18 hori %30era igo dute. Problema da hori aurrekontuetan onartuta dagoela, baina ez dutela zabaldu legea. Horregatik, oraindik ez dakigu nola jokatu. %20-25eko finantzaketa gehigarri bat izan daiteke guretzat.
Esaten da filmen sustapena ez dela behar beste lantzen. Zenbat diru behar da horretarako?
Estreinaldi potoloek milioi bat euro jartzen dute, gutxi gorabehera, sustapenerako. Gure kasuan, aurrekontutik lortu dugun aurrezki txikiren bat bideratzen dugu. Dena den, uste dut banatzaileen ardura izan beharko lukeela sustapenak, eta ez ekoizleena. Egin beharko lukete filmaren analisi bat, eta, ondorioztatzen dutenaren arabera, ekoizleekin kanpaina bat eta estrategia bat diseinatu. Baina hemen ez daukagu gisa horretako banatzailerik, eta guk egiten ditugu lan horiek. Horretan 100.000 euro xahutzen dituzu konturatu gabe.
Oro har, promozioak Espainiara begira egiten dira, Europara begira egin beharrean.
Hainbat sustapen bide daude, eta bakoitzak bere helburuak dauzka. Argi daukagu nola eta zertarako egin hori Euskal Herrian, Espainian eta nazioartean. Ekitaldi baten moduan landu dugu hemen, ahal den heinean beste pelikulekin borrokatzeko asmoz. Kanpora begira, berriz, helburuak gehiago dira kualitatiboak kuantitatiboak baino.
Euskal zinema ekoizpenaren zein diagnostiko egiten duzu?
Euskal zinemaren egoera ona edo txarra izango da hemengo egileak hemen mantentzen baditugu eta haien lanak ondo zaintzen baditugu. Aurtengo kasua argi dago: Lasa eta Zabala eta Loreak-ekin euskal zinemak Donostian, adibidez, edo Gipuzkoan lortuko dituen emaitzak biribilak izango dira. Azken bi asteetan Loreak da Donostian gehien ikusi den filma [30.000 ikusle inguru orotara], eta Lasa eta Zabala-k ere bide luzea egingo du. Irudikatu, orduan, urtero Euskal Herrian horrelako sei edo zortzi film edukitzea. Zer-nolako zenbakiak emango lituzke zinemaren urteko zenbaki orokorretan? Bada, frantsesek lortzen dituztenak baino handiagoak, ziurrenik. Oso zaila da urtero zortzi edo hamar pelikula egitea, badakit, baina helburu gisa eduki beharko genuke aurten eduki dugunari eustea behintzat. Urtero zinema aretoetan estreinatu eta ikuslea gozaraziko duten euskarazko bi pelikula egitea, hori ohitura bihurtu beharko genuke.
Posible da? Murrizketak gertatzen ari dira EITBn, Jaurlaritzan...
Baietz uste dut. Ez dakit, ekonomikoki, behintzat, okerrena pasatu den, baina gu mantentzen ari gara. Hor arazoa da ez dakizula nola eutsi mailari. Bestela, gertatuko da Aupa Etxebeste-rekin gertatu zena. Hark lortu zuena ez da berriro izan, eta ez da berriro izango. Geroztik estreinatu diren euskarazko filmen ikusle kopuruari erreparatuz gero, goitik behera egin du nabarmen, eta proiektu jakin batzuek joera errematatu dute, guztiz. Pertsona bat aretotik gustura ateratzen bada, beste aukera bat emango dizu beste film bat egin dezazun; hala ez bada, denbora beharko da konfiantza berreskuratzeko.
Xabier Berzosa. Ekoizlea
«Ikuspegi itxiko jarrera bat antzematen dut Eusko Jaurlaritzan»
Urtero ikuslea «gozaraziko duten» bi euskal film egitea ohitura bihurtu beharko litzateke, Moriarti Produkzioak etxeko kide Berzosaren ustez. 'Loreak'-en arrakastaren ondotik, arazoa maila horri eustea dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu