Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdia datorren urteko martxoaren 11tik 16ra izango dela iragarri dute. Beste behin, Iruñea nazioarteko ikus-entzunezko komunitatearen epizentro bihurtuko dute sei egunez.
Ikuspuntu jaialdiak Jonathan Schwartz zinemagileari omenaldi egingo dio, eta, horretarako, atzera begirako erakusketa bat eta liburu bat prestatuko du. Garbiñe Ortega jaialdiko zuzendari artistikoak editatuko du artista estatubatuarraren inguruko lehenbiziko liburua izango dena, eta hainbat idazlek, akademikok eta zinemagilek parte hartuko dute proiektuan; besteak beste, Erika Balsomek, Max Goldbergek, Michael Sicinskik, Rebekah Rutkoffek eta Deborah Stratmanek. Schwartzek zinema esperimentaleko hogei film labur baino gehiago ondu zituen. Iragan urrian zendu zen, 45 urterekin.
Jaialdiko programazioa zazpi sail nagusitan banatuko dute. Sail Ofizialean lehiatuko dira jaialdirako aurkeztu diren 1.600 lanen artean hautatu dituztenak; Atzera begirako sailean ez-fikziozko zinemagile nagusiak aztertuko dituzte; Dokbizia atalean, hainbat diziplinatako artistak partekatuko dute errealarekin erlazionatzeko duten modua; Ikuspuntu Labs jakintzaren hartu-emanerako eta sormen kolektiborako espazio bat izango da; Foku Garaikidean nazioarteko zinegile garrantzitsuenen saio monografikoak eskainiko dituzte, eta Saio Berezietan askotariko edukiak eskainiko dituzte. Horrez gain, heldu den urtean Programa Hezigarria zabaldu egingo dute, haur eta gazteei tailer, ikastaro eta proiekzio gehiago eskaintzeko.
Lau irudi, jaialdiaren ikuspuntua islatzeko
Ikuspuntu jaialdiaren irudia ere aurkeztu dute. Aurten ez da kartel bakarra egongo: lau egongo dira. Dani Sanchis artistak sortu ditu, eta lau irudien artean islatu nahi izan du jaialdiak zinemaren inguruan zabaltzen duen ikuspuntua: "diziplina anitzekoa eta integratzailea".
Bestalde, jaialdiak programa berezi bat eskainiko duela iragarri du, Londresko Tate Modern museoarekin elkarlanean: Museum of Clouds ziklo ibiltariaren lehenbiziko topaketa. Proiektu horren bitartez, azken hamarkadan zinema aldatu duten zinemagileetako batzuk bilduko dituzte, beren filosofia eta metodologia partekatzeko. Azkenik, aurtengo bisita garrantzitsuena Rick Prelinger zuzendari estatubatuarrarena izango da. Prelingerrek dokumental parte-hartzaileen inguruko tailer bat eskainiko du, bai eta artxiboen erabileraren inguruko eskola bat ere.