Ikuspuntu propioarekin

'Udazkena' diskoa kaleratu du Seirenek, aurreko bietan bezala popa eta rocka doinu zeltekin nahastuz

Igor Susaeta.
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Konposatzeko orduan helduagoak direla nabaritzen dutela iruditzen zaio Jokin Lacalle Seireneko abeslari eta biolin jotzaileari. «Beste ikuspuntu bat kontuan hartuta osatzen genituen abestiak garai batean. Orain, berriz, ausartagoak gara kantaren beraren aurrean edo moldaketak egiterakoan». Pentsatzen du hori dela Udazkena (Brian's Records) Seirenen hirugarren diskoak dakarren berritasun nagusia. Bestela, Pertsona baten bila (Babel musik, 2007) eta Marraren beste aldean zu (Brian's Records, 2010) lanetan bezalaxe, azkenekoan ere popa eta rocka doinu zeltekin nahastu ditu Zornotzako taldeak.

Leloen gainean jantzi dituzteUdazkena-ko hamar abestiak. «Musikari ematen diogu garrantzia, leloari, eta biak bideratuta dauzkagunean, hitzak gehitzen dizkiegu». Ohi bezala, Lacalleren eta Onintze Garciaren (ahotsa eta gitarra akustikoa) artean ondu dituzte doinuak, eta David Gorospek (bateria eta perkusioa), Joanes Ederrak (baxua), Ales Larzabalek (teklatuak eta pianoa), Imanol Goikoetxeak (gitarra elektrikoa) eta Aritz Carballok (gaita eta txirula irlandarrak) osatu dute zazpikotea.

Biolina nabarmentzen da, ordea, beste instrumentu guztien gainetik. «Onintzek eta biok taldea sortu genuenetik, kutsu zeltako biolin doinuak oso presente egon dira beti gure abestietan; baita formatu akustikoan aritzen ginenean ere», argitu du Lacallek. Eta sonoritate horri eutsi diote: «Uste dut hori dela gure ikurra. Gustura gaude lortutako soinuarekin». Melodia alaiak bildu dituzte azkeneko lanean. Lacallek uste du, gainera, kutsu zeltako musikan sortzen diren melodiak halakoxeak izan ohi direla. «Ez du zertan horrela izan, baina hala ateratzen dira. Guri ere bai. Dena den, ez zait gustatzen abesti alai eta tristeen artean bereizketarik egitea».

Hitzek, berriz, «itxaropenari» bide egiten diote. «Zerbaiti, norbaiti» idazten dio Lacallek, baina ez da argi geratzen zeri buruz ari den. «Musikaz aritu gaitezke, itxaropenaz, arazo jakin batez, ilusioez... Irekiak dira hitzak, eta entzuleek beren esanahi propioa ematen diete». Hori «polita» delakoan dago Lacalle. «Halere, jende gehienak maitasunari buruzkoak direla uste du».

Naturarekin erlazionatutako elementu dezente erabili ditu hitz horiek idazteko: zerua, haizea, hondarra, euria, egunsentia... «Nahiko mistikoa izan naiteke. Naturak eskaintzen duen zabaltasuna gogoko dut, eta horri buruz hitz egiteak erlaxatu egiten nau». Musika zeltan, gainera, «askotan» agertzen dira naturarekin lotura duten elementuak. «Txikitatik» aditu ditu doinu horiek Lacallek; izeba batek Irlandatik diskoak ekartzen zizkionetik, hain zuzen. «Hori dena kantetan islatzen dela iruditzen zait».

Arkarazok gidaturik

Disko berria osatzeko prozesua «oso luzea» izan da. Lasaitasunez hartu dute egin beharrekoa, eta abestiak txandaka grabatu dituzte Andoaingo Garate estudioan: batzuk iazko abuztuan, eta gainontzekoak aurreko udan. Marraren beste aldean zu diskoan bezala, oraingoan ere Kaki Arkarazoren gidaritzapean lan egin dute Seirenekoek. Lacallek hitz onak baino ez ditu harentzat: «Aurreko diskoa grabatzen ari ginela ezagutu nuen, eta hasieratik inspiratu gintuen. Estudioan tentsio handia egoten da normalean, baina harekin lan egitea oso erraza da, lasaitasuna transmititzen duelako».

Aurreko diskoa aurkezteko kontzertuetan teknikari gisa aritu zen Arkarazo, eta «bira berrirako» ere intentzio bera dute Seirenekoek. «Promozio lanetan» dabiltzanez, oraindik ere ez dituzte Udazkena-ko abestiak zuzenean jo —azkeneko kontzertua iazko urrian eman zuten— , baina badakite «zaila» izango dela kontzertuak lotzea. «2011n ere nabaritu genuen ez dela erraza kontzertu baterako sarrerak saltzea». Orain arte, antzokietan aritu izan dira. Halere, egoerak behartuz gero, ez lukete arazorik edukiko formatua aldatzeko. «Izan ere, gure betebeharra da diskoa jendeari eskaintzea». Orain, gainera, ikuspuntu propioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.