Ilargiak gorde zuen sekretua

Xentimorik Gabe konpainiak 'Gu primer!' antzezlana estreinatuko du gaur eta bihar, Donostian. Musika eta umorea lagun ariko dira oholtza gainean Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorriti

Inazio Tolosa, Ramon Agirre eta Nerea Gorriti antzezleak Donostiako Antzoki Zaharreko oholtzara igoko dira gaur eta bihar. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
1969an iritsi zen gizaki bat lehen aldiz Ilargira. Sekulakoa zen ikusmina, eta mundu osoan azkar zabaldu zen albistea. Gizateriaren historiako une gogoangarrienen zerrendan idatzita geratu zen balentria. Baina Ilargiak aurpegi ezkutu bat duen era berean, istorioaren funtsezko datu bat ez zen argitara atera, eta sekretua ongi gordeta egon da orain arte. Iritsi da, ordea, egia ezagutarazteko ordua, eta lau haizeetara zabaltzeko asmoa du Xentimorik Gabe konpainiak, Gu primer! antzezlanaren bidez: bi euskaldun izan ziren lehenak Ilargira iristen. Musika eta umorea lagun, gaur estreinatuko dute obra Donostiako Antzoki Zaharrean, eta bihar beste emanaldi bat egingo dute, leku berean.

Gu primer! elkarrekin ondutako laugarren antzezlana dute Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak. Xentimorik gabe (2010) izan zen lehena, eta haren atzetik heldu ziren Kokakola eta barea (2013) eta Putinen guardasola (2015). Guztietan Ray eta Nik izan dira bi aktoreak, eta beti musika eta umorea izan dituzte bidelagun. Halaxe izango da obra berrian ere, etaAgirrek umorera jo du haren mamia azaltzeko: «Kontua da NASAk paper batzuk desklasifikatu dituela, eta haietan agertzen den sekretua kontatuko dugu: ez estatubatuarrak, ez errusiarrak, geu izan ginela, Inazio eta biok hain zuzen, Ilargia zapaldu genuen lehen gizakiak». Nolatan ez zuten orduan jakinarazi? Badu azalpenik: «Han arazoak izan genituen, ez geneukan nola bueltatu, eta estatubatuarrek ekarri gintuzten. Eta horren truke, esan behar izan genuen haiek izan zirela iristen lehenak. Ez geneukan aukerarik, onartu beharra geneukan, bestela hantxe geratuko ginen».

Aurreko lanen estiloari jarraituz, musikak gidatzen duen road movie moduko bat prestatu dute oraingoan ere. Bidaiarik egin izan dute lehenago ere Rayk eta Nikek, baita jakina ez zen zerbaiten berri eman ere —Ez Dok Amairuko kide izan zirela jakinarazi zutenean, adibidez—. «Oraingoan urrutixeago joan gara», dio Agirrek.

Bikoteak, baina, beste bidelagun bat izango du orain, Nerea Gorriti batu baitzaie obra berrian. «Aktore on bat batu dugu taldera, musikaria dena, gainera; oso-oso aukera ona egin dugu, eta oso pozik gaude». Jendearentzat jada ezagunak diren «bi titiriteroak» antzeztuko dituzte Agirrek eta Tolosak; Gorritik, berriz, pianoa jotzeaz gain, beste pertsonaia guztiak jokatuko ditu: astronauta, Elhuyar anaien arreba...

Aurreko obretako ohiturari eutsiz, lau eskutara idatzi dute lan berriko testua; Agirrek eta Egoitz Lasak oraingoan. «Pako Aristik lagundu zigun hasieran, gero Xabier Etxaniz Rojok, eta Egoitz Lasak orain. Oso ondo idazten du, eta banuen gogoa berarekin zerbait egiteko», azaldu du Agirrek. Oinarrizko testua osatu dute bien artean, baina gero, prozesuan zehar, taldekide guztiek jarri dutela beren aletxoa zehaztu du.

Asier Sotak zuzendu du lantaldea, aurreko lan guztietan bezala. «Bera oso ondo ezagutzen dugu, eta berak gu ere bai; inork baino hobeto ezagutzen ditu geure estiloa, geure klabea, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez... Gugandik ahal duen onena ateratzen saiatzen da. Berarekin segitzen dugu, eta oso gustura gaude».

Itzultzen lehenak

Berez, maiatzaren erdialdean ziren antzezlana estreinatzekoak, leku berean, baina COVID-19 gaitza zabaltzea eragozteko neurrien eraginez, emanaldi guztiak bezala, bertan behera geratu zen hura ere. Donostiako antzokiak atzera irekitzea erabakita, data berria jarri zuten, eta hala, euskarazko lan hori izango da hirian taularatuko duten lehena. Konpainiako kideek konfinamendu garaian eman behar izan zizkioten obrari azken ukituak, baina hura iristerako oso aurreratua zuten dena. «Garaiz hasi ginen eta ongi gindoazen, eta justu azken fasean etorri zen hau. Falta zitzaigun lekuan bertan azkeneko astean egiten den lan hori egitea, azken ukituak ematea, eta lan hori egiteko aukera izan dugu egun hauetan, Antzoki Zaharrean. Baina ikuskizuna zutik geneukan». Itxialdian «mantenu lanak» egin dituzte nolabait, telematikoki izan bada ere.

Etenaldiaren ostean Donostian oholtza batera igotzen lehen antzerkilariak izango dira, eta segurtasun eta higiene neurri bereziak izango dira antzokian —edukieraren erdia izango du aretoak, eta ikusleek maskara jantzi beharko dute, besteak beste—. Alde horretatik, egoera berezi samarra izango dela aitortzen du Agirrek, baina ziur dago dena ongi aterako dela. «Berezia izango da, baina uste dut interesgarria izango dela; esperimentu polita izango da, bai guretzat bai ikusleentzat». Herritarren artean beldurra sumatzen du hainbatengan, baina aldi berean, baita «zuzeneko gauzak ikusteko gogo ikaragarria» ere. «Espero dut gogoa gehiago izatea beldurra baino [barrez]. Baina ez, ez dut uste arazorik egongo denik». Behin ikusleak lasai-lasai eserita daudenean ekingo diote saioari, eta gozatuko dutela agindu die. «Komedia frenetiko bat da, martxa handikoa, eta ez ditugu ordubetean askatuko; gure istorioak entzuten lotuta edukiko ditugu».

Pandemiak eragin duen egoera dela eta, antzezlana berriro noiz eta non erakutsi ahalko duten ez dakite oraintxe konpainiako kideek. Ahalik eta leku gehienetara eraman nahiko lukete, areto handi zein txikietara, baina ez dakite zein asmo izango dituzten udalek udari begira, esaterako. Ahal dela, aurrerantzean ere programatzen jarraitzera animatu ditu Agirrek.

Herritar guztiak ikuskizunetara joatera ere animatu ditu, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie asteburuan Antzoki Zaharrera bilduko direnei. «Animatu daitezela, eta segitu dezatela euskarazko antzerkia bultzatzen eta gozatzen, ze koronabirusak kalte gehien gauza txikiei eta hizkuntza txikiei egiten die. Beraz, segi dezatela euskarazko kultur sorkuntzaz gozatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.