Ildo independentean sakonduz

Erresuma Batuko zinemari jarriko dio arreta Zinebik hilaren 22tik aurrera, baita Antonioniri eta 'beat' belaunaldiari ere. Nicolas Roegek eta Luis de Pablok jasoko dituzte Ohorezko Mikeldi sariak

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko zinema «puntakoa» dela iritzita, Zinema Labur eta Dokumentalaren 52. Zinebi jaialdian herrialde hartako obrari «tarte bat baino gehiago» egitea erabaki du Ernesto del Rio zuzendariak. «Orain artean ez diogu merezi adina arretarik jarri». Erresuma Batuko zinema berria aztertuko dute ziklo batean, eta Londresen jaiotako zinemagile independente bati emango diote Ohorezko Mikeldi sarietako bat, Nicolas Roegi. Eskoziako zinema esperimentalari ere egingo diote kasu. Eta sail ofizialean herrialde askotatik iritsitako filmak lehiatuko dira, hilaren 22tik 27ra.

Inoizko film gehien jaso dituzte antolatzaileek, 3.196 denera. Baina horietatik 73 hautatu dituzte, 33 herrialdetakoak. Boliviako lan batek parte hartuko du aurrenekoz, eta Japonia, Letonia eta Zeelanda Berrikoak ere izango direla nabarmendu dute. Euskal Herrian ekoitzitako zinemak ere izango du ordezkaritza sail ofizialean. Bederatzi lan izango dira; Asier Altunaren Artaldea, Borja Kobeagaren Un novio de mierda, Angel Aldarondoren Ondar ahoak eta Isabel Hergueraren Ámár, besteren artean.

Orobat, ziklo ugari izango dira Bilboko BBK salan, Guggenheim museoan, Alondegian, Arriagan eta Arte Eder museoan.

Ez da Erresuma Batua

Ian White komisarioak hautatutako lanak izango dira Zinebin. Dioenez, «aukeratutako lanetan ez da Erresuma Batua ageri, hau da, Erresuma Batuak ez du marka berezi bat uzten lanotan». Zinemagile bakoitzak bide bat urratu du. Hala, Erresuma Batuko «herrialdeetan» ekoitzitako «askotariko lan apurtzaileak» aurkeztuko ditu Whitek Arte Eder museoan. Esate baterako, Emily Wardill, Redmond Entwistle, Ursula Mayer eta Laure Provosen filmak.

Nicolas Roeg

Del Rioren arabera, «ez da mundu osoan ezagunak diren izar horietakoa, baina jaialdi eta zinemazale askorentzat kultuko zuzendaria da, baita Zinebirentzat ere». Nicolas Roegek (Londres, 1928) jasoko du aurten Ohorezko Mikeldia hilaren 27an Arriagan izango den itxiera galan. Ibilbide joria du Roegek. «Suspensezko haren film batzuek polemika eragin dute, giro surrealista bitxia erakusten dutelako». «Naturalismoari uko eginez, eta errealitatea itxuraldatuz» Roegek erdietsitako «estilo pertsonala» goraipatu du Del Riok.

Guggenheim museoan, sortzaileak berak hautatutako lan sorta erakutsiko dute: Walkabout (1971), The Man Who Fell to Earth (1976) eta Puffball (2007) daude horien artean.

Antonioniren begirada

Genero dokumentalak «susperraldia» duen garaion, Michelangelo Antonioni zinemagile italiarraren (Ferrara, 1912-Erroma, 2007) obra aztertzeak «garrantzi handia» duela uste du Del Riok. Hala, 1943tik 2004ra bitartean sortutako lanik esanguratsuenak emango dituzte Arte Eder museoko auditoriumean. Hala nola Gente del po (1943-47), Chung Kuo (1972) eta Lo sguardo di Michelangelo (2004). Horretaz gain, Antonionirekin estuki lan eginiko Enrica Antonionik eta Carlo di Carlok lantegi bat gidatuko dute.

Parisko erbestean

60ko eta 70eko hamarraldietan Frantziara erbesteratu zen «zinemagile ezezagun» talde baten lanak berreskuratuko ditu Zinebik, «orainaren eta memoriaren arteko tentsioan arakatzeko dugun eginkizunari jarraituz». Forma eta estetikari dagokionez, lan esperimentalak direla azaldu du Del Riok, «nahiko underground-ak dira, jarrera probokatzailea dute, eta ideologia eta hizkera borrokalaria». Joan Castanyerren Andorra, Adolfo Arrietaren Le Jouet Criminel eta Jose Maria Berzosaren Arriba España erakutsiko dituzte, besteak beste, Alondegian.

'Beat' belaunaldia

50eko hamarkadako erdialdetik aurrera AEBetako zenbait idazle eta artistak osatu zuten korrontearen inguruan onduriko zinema lanak emango dituzte Alondegian. Antikomunismoaren eta Gerra Hotzaren garaian, askatasunaren aldeko hautua egin zuten hainbat sortzailek, bidaiatuz eta nomadak bihurtuz, besteak beste. Jack Kerouac, William Burroughs, Allen Ginsberg, Neal Cassidy eta Lawrence Ferlinghetti idazleen esperientzia eta testigantzen berri ematen dituzten filmak aurkeztuko dituzte Zinebin. Horri lotuta, Laurie Andersonek, beat belaunaldiko zenbait sortzaileren bidaide izaniko musikariak azken diskoa aurkeztuko du BBK salan: Transitory Life.

Eskozia berritzailea

Edinburgoko College of Arteko Scottish Documentary Instituten egitura eta antolaketa «hibridoa eta irekia» denez, «mundu osoko» sortzaileekin «esperientzia berritzaileak» garatzeko aukera dute. Eta horien berri emango dute Zinebin, institutuak ekoitzitako hainbat lan erakusteaz batera. Arte Eder museoan izango da.

'Grafiti Liberation Front'

Nacho Magro artistaren eta Consonni arte ekoizpen etxearen lankidetzaren ondorio da Grafiti Liberation Front deritzon zikloa. Lan dokumentalen bitartez, grafitiaren sorrera aztertuko dute, «New Yorkeko periferietako herritarren adierazpide gisa 60ko hamarkadan jaio zenekoa». Eta baita urteetan aurrera izan duen bilakaera ere. Mundu osora zabalduriko arte diziplina da, eta horren berri emango dute BBK Salan erakutsiko diren ikus-entzunezko lanek.

Halaber, eztabaida saio bat ere antolatu dute. Hika Ateneoan izango da -eguna ez dute zehaztu-, eta Francesc Muñoz Bartzelonako Unibertsitateko Hiri Geografiako katedradunak, Pablo España Madrilgo Unibertsitateko irakasle eta Democracia elkarteko kideak eta Mischa Canibal artistak parte hartuko dute.

Luis de Pablo

Luis de Pablo musikagileari ere (Bilbo, 1930) egingo dio gorazarre Zinebik. Inaugurazio ekitaldian Ohorezko Mikeldia emango diote, «Espainiako zenbait film garrantzitsutako musika egiteagatik eta nazioartean ospe handiko egilea izateagatik», Del Riok azaldu duenez. Carlos Sauraren La Caza (1966), Antton Ezeizaren De cuerpo presente (1967), Victor Erize, Jose Luis Egea eta Claudio Guerinen Los desafíos (1969)eta Jaime Chavarriren A un dios desconocido (1977) pelikulen musika sortu du, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.