Bilboko Ajuriagerra kalean arte galeria ugari daude. Hala ere, egunero presaka kalean gora eta behera dabilen jendeak ez die kasu handirik egiten, normalean. Noizean behin ikus daiteke galeria aurrean paratzen den norbait, kanpotik ikus daitezkeen lanei arretaz begiratzen. Egun hauetan Windsor Kulturgintza arte galeriaren aurrean geratzen denaren arreta bereganatuko du kolore grisak, eta, atea zabaldu eta aurrera eginez gero, horman eskegitako pertsonaia ilunek erraiak mugiaraziko dizkiote. Pertsona eta paisaia lausoak eta bodegoiak topatuko ditu; hormetan eskegitako margolanetan gizatasunaren aztarnak nonahi. Atzo inauguratu zuten berton Blaki y los otros Iñaki de la Fuenteren erakusketa. Artelanak maiatzaren 13ra arte egongo dira ikusgai.
Galerian margoa usaindu daiteke oraindik, artistak azken hilabeteetan amaitu baititu erakutsitako lanetako batzuk. Hogei margolan inguruk osatzen dute erakusketa, formatu txikiko eta formatu handiko lanak dira, azken urtean pintatutakoak denak. Azken urtean «gauzatutako lanak» badira ere, De la Fuentek berak azaldu duenez, bere ibilbide osoaren emaitza dira, azaldutako kontzeptuak lantzeko bide luzea egin behar izan baitu: «pintatzen hasi nintzenetik gaur arte eginiko ibilbidearen emaitza direla pentsatu nahi dut; lanak azken urtean gorpuztu dira, baina, horretara heltzeko, urteetako ibilbide luzea egin beharra dago».
Galeriara sartu ahala, artistak bota du lehendabiziko galdera: «Iluntasun handia, ezta?» , galdetu die kazetariei, «nire paleta klasikora bildu naiz berriro; 70eko hamarkadan erabiltzen nituen kolore hauek». Argitu duenez, orain urtebete erakusketa bat egin zuen Bilbon hainbat paisaiarekin, eta horretarako hartu zuen berriro paleta grisa: «Tonu horiek aurreko urtean hartu nituen berriro; beti gustatu izan zaizkit laino horiek, tailerrean beti egon direnak». Erakusketa hartatik aurrera, horien inguruan lan egiten jarraitu du, eta lan horren emaitza dira Windsor Kulturgintzan erakutsitako lanak.
Blaki-ren, artistaren txakurraren, erretratu bik zabaltzen dute erakusketa. Aurrera egitean itzalak eta lainoak nagusitzen dira, eta pintura usainak hezetasunaren ideia indartzen laguntzen du. Giza figura lausoak dira De la Fuenteren margolanetakoak, oihalaren neurrietatik ihes egiten dute, bizitzaren eta mugimenduaren sentipena sortuz: «Giza figura oihal guztiaren parte da, oihalean sartu eta bertotik irteten da etengabe, silueta margoaren beste partearekin bat egiten du». Plano, perspektiba eta sakontasunarekin jolastu nahi izan du, eta lan guztietan sartu ditu plano anitz.
Kolorea ezkutuan
Denbora aurrera egin ahala, iluntasunaren azpitik agertzen dira argia eta kolorea: «Kolore ugari dago hemen, baina baliteke margolanei luzez begiratu behar izatea kolore horiek ikusteko». Izan ere, ikusleei lanak arretaz begiratzeko eskatu nahi izan die artistak. «Arretaz eta denboraz begiratu behar zaie margolanei zerbait ikusi ahal izateko. Aurreko garai bateko lanetan, lehen begiratuan gogobetetzen zintuen irudiak, oraingo honetan ez: pintura asko dago, kolore asko daude azpian, nahiz eta lehenengo inpresioa grisa izan. Erakusteko modua baino gehiago da iradokitzeko modu bat, bizitzaren inguruko iradokizuna. Jendeak begiratu dezala, ikus dezala eta harritu dadila nahi dut». Nagusientzat pintatzen duela esatea gustatzen zaio, bere lanek ahalegin handia eskatzen dutelako «aurreiritzirik gabe alde egiteko, bestela inpresio grisa eramango duzu». Baina ahalegin hori eginez gero, horren azpian beti dago koloreren bat: beti dago «esperantza», gizatasunaren metafora.
Kolorearen erabileran espresionismoaren eragina izan badezake, tenebrismoaren eta barrokoko pinturaren eragina izan du De la Fuentek. Pintura klasikoa asko gustatzen zaio, eta hortik asko edan duela azaldu du: «Pertsonaiak hainbat planotan irudikatzeko forma klasikoa da. Arreta jarriz gero, gizakia beti dago bigarren plano batean, gauza guztien egile: 'Nik egin dut, baina hor atzean geratuko naiz', esaten dute». Lanek pintura klasikotik edan badute ere, XXI. mendera ekarritakoan eragin horiek bestelako tratamendu bat eskatzen dute, haren iritziz. Klasikoa ez da margolanei igartzen zaien eragin bakarra; izan ere, zinema eta literatura beltzaren kutsua ere igartzen zaie. 40ko hamarkadako zuri-beltzeko filmen planoak eta koloreak ez ezik, garai hartako gizon-emakumeen figurak agertzen dira: «Pelikula horiek zirraragarriak dira, geometriari eta planoei dagokienez, eta baliteke handik ere zerbait jaso izana, baina, egia esan, ez naiz horrekin konturatu; bestela, aproposago egin izango nuen, eta pertsonei txapela jarri izango nien. Nire haurtzaroko eta helduaroko zinema da hori, eta asko gustatzen zait, lanek horretatik zerbait izango dute akaso».
Iluntasunaren azpian, argia
Iñaki de la Fuente artistaren 'Blaki y los otros' erakusketa dago ikusgai, atzodanik, Bilboko Windsor arte galerianAzken urtean pintatu ditu erakusketan bildu dituen margolanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu