Kultura

Imanol Urbieta musikari eta pedagogoak jasoko du Anton Abbadia saria

Euskarazko irakaskuntza bultzatzen eta hobetzen egin due lana saritu nahi du Gipuzkoako Diputazioak. Hain zuzen ere, euskara sustatzeko ekimenak omentzen ditu sari horren bidez.

2007ko azaroaren 15a
14:45
Entzun
Imanol Urbieta (Zarautz, Gipuzkoa, 1934) musikari eta pedagogoak jasoko du datorren abenduaren 1ean aurtengo Anton Abbadia saria. Euskararen sustapenean aritu direnak omentzea du xede Gipuzkoako Diputazioak ematen duen sari horrek, eta euskarazko irakaskuntza hobetzen eta dinamizatzen aritu da urte luzez Urbieta.

Filosofia eta musika ikastetak eginak ditu, baina beti herri mugimenduekin, euskararekin eta euskal kulturarekin izan du lotura. Zarauzko ikastolako irakasle izan zen lehen urteetan, eta, ondoren, musika eskola sortu zuen -gero Hernani eta Donostian ere sortuko zituen-. Musikak haurren hezkuntzan garrantzia handia du Urbietaren iduriko, eta ondorioz, bere ahalegin handienetakoa izan da arlo hori irakaskuntzan txertatzea. Baina ez musika bera ikasteko helburu soilaz, baizik eta musika ikasketa orokorreko tresna gisa txertatzeko xedez.

Ildo horretatik, haurrentzako kanta ugari egin ditu, musika ikateko eta irakasteko metodoak plazaratu, eta pedagogia arloko disko eta liburu asko argitaratu ditu. Lan horren bidez egin duen ekarpena nabarmendu du Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatu eta epaimahaiko kideak: "Matematikak ikastea beti esan ohi da ez dela atsegina izaten; geografian buruz ikasi behar direla mendi eta ibaiak. baina guzti horiek errazteko eta beste modu batean ikasteko Imanol Urbietak musika ipintzen zion, eta musikaren bitartez askoz ere atseginagoa zen ikastea".

Argazkian, Imanol Urbieta. (Urola Kostako Hitza)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.