Iñaki Añua: «Gutxi flirtatu dugu beste musikekin»

Gasteizko Jazzaldiko zuzendariak esan du entzule modura gogoko duena programatzen duela

Añua, orain dela bi urteko jazzaldiaren kartelaren aurrean. JUANAN RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gasteizko Jazzaldia asteartean hasiko da, eta Iñaki Añua haren zuzendaria harro dago, krisiak krisi «gutxi» flirtatu izan dutelako beste musikekin. Festibalaren 37. aldia egingo da larunbata bitartean, eta Añuak 35 daramatza karguan. Efe agentziari emandako elkarrizketan adierazi du entzule modura gogoko duen jaialdia programatzen duela, ez, ordea, gustatuko litzaiokeena.

Festibalak iaz baino egun bat gutxiago edukiko du, aurrekontua 67.000 euro —760.000 eurokoa da— murriztu behar izan dutelako. Hirurogei emanaldi programatu dituzte guztira, eta horietako 45 doan izango dira. Programaziotik kendu behar izan dituzte New Orleans piknika, umeentzako kontzertuak eta Falerinako emanaldiak, «zeintzuek bereizte ukitu bat ematen zioten jaialdiari».

Krisi ekonomikoa jaialdiak estutzen ari da, baina Añuak atzera jo du, baikorra izate aldera: «1998ko krisia latza izan zen, eta baita 1985ekoa ere. Hartaz ez da hitz egiten, ordea. Antolatzaileei asko eragin zien, dolarra,bat-batean, 200 pezetara igo baitzen».

Badaki, dena dela, kalitateari eusten diotela Gasteizko emanaldiek. Ibrahim Maaluf tronpeta jotzailea, Bill Frisell gitarrista, Jacky Terrasson piano jotzailea, Melody Gardot abeslaria, eta Brandford Marsalis — «munduko saxo tenor onena»— arituko dira, besteak beste. Paco de Lucia eta Chick Corearen kontzertua lotzeak, berriz, lanak eman dizkie antolatzaileei. Bi urte daramatzate horretan, bi artisten agendak bateratzea oso zaila egin zaielako. Añua De Lucia zalea da, gainera: «Flamenkoa garai batean zena eta gaur egun dena Paco de Luciari zor diogu, eta jazzak eta flamenkoak ere asko zor diote»

Mendizorrotzan joko dute musikari horiek, baina Añua Principal antzokiko emanaldiekin emozionatzen da batez ere. «Hor bai, hor nahi dudana programatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.