Andoainen (Gipuzkoa) sortu zen Iñaki Olazabal Ezeiza, 1959. urtean, eta bertan eman zituen lehen pausoak artearen munduan. 1983an hasi zuen ibilbidea, Sorobillako Tailerra kolektiboaren barruan, zeinak Oteizaren ideiei jarraitzen zien. Hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu zuen lehen urte haietan, hala Euskadiko II. eta III. Eskultura Mostretan,Tolosan (Gipuzkoa), nola Sorobilla Tailerrarenetan, Getarian (Gipuzkoa) eta Gasteizen. 1986an erakutsi zituen bere lanak bakarka lehen aldiz, Zarauzko Zazpi galerian (Gipuzkoa), eta taldeko erakusketetan eta lehiaketetan parte hartzen segitu zuen.
Trebakuntzan sakontzeko, Alemaniara jo zuen 1990eko urteetan, eta Dusseldorfeko Arte Ederren Akademian jardun zuen 1991tik 1993ra bitartean. Handik aurrera, zinka hartu zuen eskulturak sortzeko lehengai nagusitzat, eta horiengatik nabarmendu izan da bere ibilbidean.
Lan batzuk, erasoen jomuga
Euskal Herriko hainbat udalerritan daude ikusgai haren obrak, hala nola Andoainen, Zumaian (Gipuzkoa), Donostian, Donibane Garazin, Senperen (Lapurdi), Bilbon eta Zugaztietan (Bizkaia). Azken horretan, Meatzaldeko Eskulturen Parkean, zinkezko bost piezak osatutako Elkarrizketa obra jarri zuen artistak, eta, Naiz.eus atariak joan den astean jakinarazi zuenez, eraso egin zieten piezetako biri. Inguru hartako lakura bota zituzten, zehazki; Eskuahaldunak eskultoreen elkarteko kideek joan den ostiralean atera ahal izan zituzten uretatik. Salatu zutenez, gainera, ez da obra multzo horri eraso dioten lehen aldia.
Sortzaileak parte hartu zuen erakusketen artean dago, halaber, duela hogei urte Artozki udalerrian (Nafarroa) Itoitzekiko Solidarioak taldearen ekimenez antolatutakoa. Itoizko urtegiko lanen ondorioz herria eraistear zirela, hari zutik eusteko asmoz antolatu zuten erakusketa, eta hainbat artistak eman zituzten lanak hartarako, besteak beste Olazabalek.
Azken urteotan Zumaian bizi izan zen artista, eta bertan izan zuen sorkuntzarako estudioa ere. Asteburuan zendu da, 65 urte zituela, Donostian.