1
«Balorazioa da ona eta txarra. Esan genezake Batua ondo samar hasi zela, baina gerora hiper-arautzea etorri zela: dena era bakar batean eta zenbat-eta arautuagoa hobe. Horrekin batera, furor prohibendi edo debekatzeko amorrua dago; adibidez, ez omen dago esaterik Gaur nire zorionak dira, zeren ez baita oraindaino esan, ez baitago zorioneko corpusetan; hori debekatzen duenarentzat euskara hizkuntza hila eta bukatua da, deus berririk sortu ezin duena. Horrezaz gainera, orain urte batzuk, estatu-kolpe moduko bat izan zen. Batua euskal fonetika naturalaren bidetik abiatu zen, nolazpait esateko, eta testu idazten zen eta da, ez textu; ba, garai batetik aurrera, kanpora ('nazioartera') begira jartzen dira akademikoetan ustez jantzienak, eta absentzia, subjektu, pneumatiko eta holakoak erabakitzen hasten dira. Estatu-kolpea eman zuten jakintsuek ez zekiten zer zen fonologia ere, eta ez ziren jabetu NB eta NP idaztea erabaki eta gero ezin zitekeela inolako moduz MM idaztea agindu (immigrazioa, etab.). Bestalde, hitanoa batzea astakeria iruditzen zait, edo astamaisukeria, eta ahoskeran ere oso arriskutsua da neurri xuhur batetik aurrera jotzea.».
2
«Arazoak, niretzat, aurreko galderan erantzundakoen bidetik datoz, alde batetik. Bestetik, euskara bizi den herrietan Batua ia beste hizkuntza bat balitz bezala sentitzen da, benetako hizkuntzaren bertsio formala edo hila. Batua besterik ez dagoen tokietan erdarak hartzen du hizkuntza biziaren tokia, Euskal Herri edo Deserriaren soziolinguistika halakoxea delako. Nolanahi ere, esan beharra dago Batuak ez duela gaizki ematen inprimakietan, literaturan, fedabideetan eta idazten den bezala hitz egiten den leku solemne edo ofizialetan; orobat Euskal Deserriko kaleetan erdararen ordez Batua aditzeak gaitzerdiko sentimendu on bat dakarkit gehienetan».