75. Musika Hamabostaldia

«Indar biziz» gidatuak

Programa zabala eskainiko du Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak hiru kontzertutan, eta Donostiako Orfeoia izango du lagun horietako batean.

Yannick Nezet-Saguin, Rotterdameko Orkestra Filarmonikoa zuzentzen. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Donostia
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Yannick Nezet-Seguin kanadiarraren zuzendaritzapean ariko da Donostian Rotterdamgo (Herbehereak) Orkestra Filarmonikoa. «Indar biziz» nabarmendu da Nezet-Seguin zuzendaria, antolatzaileen arabera: «Mozarten opera sorta bat zuzendu eta grabatu du Salzburgoko (Austria) jaialdian, eta zuzendari titular izendatu dute Fidadelfiako Orkestra Sinfonikoan (AEB)». Gaur izango du orkestrak lehen emanaldia, 20:00etan, Donostiako Kursaaleko auditoriumean, eta ordu eta leku berean ariko da etzi eta asteazkenean.

Donostiako hiru emanaldietan hiru programa eskainiko ditu Rotterdamgo orkestrak. Gaurkoan, Gustav Mahler txekiarraren Seigarren sinfonia obra osatzen duten lanak izango du ardatz. Tragikoa ere deitu izan zaio, haren sinfonia guztien artean modu tragikoan amaitzen den «bakarra» baita, antolatzaileek azaldu dutenez. «Gizakiak heriotzaren aurka duen borroka etsigarria deskribatzen du, eta gogoratzen digu borroka horretan nahigabea ateratzen dela beti garaile». 1903 eta 1904 urteetako udetan idatzi zuen sinfonia honetako «gakoa» Finale: Sostenuto-Allegro moderato-Allegro energico lanean dagoela azaldu du Mikel Chamizo adituak, Hamabostaldiaren eskuko programan. «Hor iradokitzen da amaiera tragikoa. Mahlerrek helburu bat lortzeko behin eta berriz egiten duen saioa eta hura lortzeko puntuan dagoenean izaten duen erorialdia dela esan liteke. Zoragarria da nola gainjartzen zaion gertakizun psikologiko hori musikaren garapenari, benetako soinu inpaktuaz beteriko uneetan». Obra horrez gain, sinfoniaren parte diren Allegro energico, ma non troppo; Scherzo; Wuchtig eta Andante moderato lanak eskainiko dituzte. «Funtsezko konposizioak dira Mahlerren sinfoniak musika klasikoaren arloan, eta, orkestra handien programan, ezinbestekoak», zehaztu dute antolatzaileek. «Donostiako Musika Hamabostaldiaren historian ezin konta bider interpretatu dira». Bestalde, emanaldi hau hautatu du orkestrak CD bat grabatu eta argitaratzeko. Izan ere, 2011. urtean bai orkestrak eta baizuzendariak Kursaaleko auditoriumeko akustika «aproposa» dela nabarmendu zuten.

Donostiako Orfeoia lagun

Etzi, hilak 26, Donostiako Orfeoiarekin batera ariko da orkestra Giuseppe VerdirenRequiem obra joaz. «Italiar musikagileak ez antzezteko osatu zuen partitura ezagunena da obra hau», antolatzaileen esanetan. «Alejandro Manzoni adiskide gurtuaren heriotzak bultzatuta osatu zuen obra hau Verdik, eta 1874an estreinatu zen. Bizia eta dramatikoa da, eta koruak protagonismo handia du», adierazi du Iñigo Arbiza adituak. Nezet-Seguin zuzendariarekin batera, Jose Antonio Sainz Alfaro ariko da abesbatza zuzentzen, eta Camilla Nylund sopranoa, Karen Cargill mezzosopranoa, Bryan Hymel tenorea eta Mikhail Petrenko baxuak ere egingo dute ekarpena. Emanaldi honetarako sarrerak amaitu dira, jada.

Asteazkenean, Emanuel Ax poloniar piano jotzailearen laguntza izango du orkestrak, eta Johannes Brahms eta Nikolai Rimsky-Korsakoven lanak interpretatuko dituzte. Brahmsen Pianorako lehen kontzertua lana da joko dutena. «Egileak lan sinfonikora egin zuen lehen hurbilpena», Arkaitz Mendoza kritikariaren esanetan. «Orkestraren sarrera luze batekin ematen zaio hasiera lanari, eta lan osoan errepikatuko diren hainbat osagai entzungo dira bertan». Rimsky-Korsakoven lanari dagokionez, Scheherezade lana joko dute, Mila gau eta bat gehiago lanean inspiratuta dagoena. «Autorearen lan ezagunenetako bat, eta errusiar musika inperialaren eredu garbienetako bat da; orkestrazio distiratsu eta koloretsua duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.