Indarberrituta, lurpetik azalera

«Lur azpian» lau urtez lurrazalari so egon eta gero, 'Lurpekhariä' diskoa kaleratu du Eibarko Kokein musika taldeak. Euren ibilbideko bosgarrena da, eta, orain artekoen artean, indartsuena

Ezkerretik eskuinera, Haritz Lete, Jatsu Argarate, Zaloa Urain, Iker Saenz Zaitegi eta Ruben Txitxes; Kokeineko bost kideak. GALDER IZAGIRRE.
Julen Aperribai.
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Lur azpian egon gara, bai, baina adi, lur gainekoa une oro ikusten». Urpekaria uretan nola, hala egon da Eibarko Kokein taldea azken lau urteetan, Haritz Lete bateria jotzailearen hitzetan. Desagertu ziren susmoak ere zabaltzen hasita zeuden, baina ez da, inondik inora, hala izan. Inoiz baino biziago eta indartsuago daudela erakutsi dute Lurpekhariä euren bosgarren diskoarekin. Lurpean egindako lana, taldekideen erritmoetara egokitutakoa baina, aldi berean, etenik izan ez duena eraberrituta azaleratu da. Letek uste du musikalki euren lanik «gogorrena edo, bai behintzat, distortsionatuena» dela, nahiz eta aurreko lanetan jorratutakoari ezinbestean loturik dagoen: «Izpiritua berdina da, taldekideak ere berberak baikara».

Rock doinuetatik ihes egin gabe ibili izan da beti Kokein taldea, baina bederatzi abestiko azken lanean erakutsi dutena baino erritmo pausatuagoa izan dute ezaugarri orain artean. Erritmo aldaketak, askotan goranzko joerarekin, Zaloa Urain abeslariaren ahots sarkorrarekin konbinatu izan dituzte. Azken diskoak ere badu horretatik. Abiapuntua bera, baina, desberdina da, erritmoak azkarragoak baitira. Diskoko lehen abestiek, Ohi Duen Bezala eta Gaur, jada iradokitzen dute hurrengo zazpietan nagusituko den musikaren intentsitatea nolakoa izango den. Tartean badago barealdiren bat, diskoko abesti intimoena eta, aldi berean, luzeena den Loturak, garbiena. Distortsioak gora egin du, oro har. «Abesti guztietan eta momentu guztietan erabili dugu», aitortu du Letek. Ez da, ordea, hala izan, besterik gabe horrela atera zaielako; hautu kontziente bat izan da: «Nahikoa argi geneukan egurra eman nahi genuela, baina ez da egurra eta kito, esparru desberdin asko ukitzen baititu diskoak». Agerikoak dira ñabardurak; besteak beste, gitarren soinua aldarazten duten era guztietako pedalen tartekatzeak eragindakoak.

Ezaugarri eta bariazio horien guztien artean balantza non jarri asmatu izanagatik, nahiz hasierako ideiak entsegu lokalean hartu duen formagatik, gustura dira taldekideak emaitzarekin. Karlos Osinagaren gidaritza lagungarri izan zaie azken horretan. «Estudioko lanak diskoa are gehiago aberastu eta borobildu du».

Musikan baino fidelago aritu dira hitzetan, aurreko lanen aldean. Ohi duten moduan, «barrura begirakoak» dira abesti gehienak. Barruan gordetakoa ateratzen laguntzen duten kantak dira nagusi errepertorioan, gai sozialagoak ukitzen dituztenekin eta taldekideen esperientzia pertsonaletatik abiatutakoekin batera.

Moldatzeko gaitasuna

Izan aurreko lanak argitaratu eta lau urtera etorri da disko berria. Ez da handia denbora tartea, taldeak errepidean daramanarekin alderatuta. Hamabost urte, gutxienez, badira hasi zirela, eta, ordutik hona, aldatu da kideetako bakoitzaren egoera pertsonala, aldatu da musika panorama bera, baita diskoen salmenta ere. Faktore horiek guztiak kudeatu, eta erritmo pertsonal desberdinak elkartzen jakin dute, hala ere, zenbait arrazoik bultzatuta. Taldea lagun talde gisa ulertu izan dute beti, eta horrek egiten dutenari eta egiteko moduari presioa kentzen diela azaldu du Letek. Hainbeste urte elkarrekin eman izanaren arrazoi nagusia musikarekiko pasioa izan da, ordea. Horrek eramaten ditu astearte gauetan entsegu lokalean biltzera: «Pasio handia daukagu jotzeko, eta, nahiz eta denborarekin gure egoera aldatu, oraindik ere mantentzen dugu pasio hori». Kokeinen bertan ez ezik, taldekideen beste proiektuetan ere pasio hori erakusten jarraitu dute. Hain zuzen ere, beste proiektu batzuetan aritzeak lagundu die taldekideei oholtza zapaltzeko eta rock panoramak izan duen bilakaera bertatik bertara jarraitzeko. «Modu batera edo bestera, aktibo egon gara», dio Letek.

Izan ere, aldatu da panorama musikala taldea sortu zenetik hona. Rockak Euskal Herrian indarra galdu du, eta horren jakitun dago Lete: «Ikusten da zein den oihartzun handiena duen eta jendeari gehien gustatzen zaion musika: skaren eta indiearen eragina dutenak». Uste du garai aldaketa orok musikan eragiten duela, eta testuinguru berriaren barruan jarri du joera berriek indarra hartu izana. Joera aldaketak taldeari ez dio bereziki eragin, Leteren iritziz: «Ez dugu arazo handirik izan rock eszena berrira egokitzeko, era batera edo bestera aktibo mantendu garelako, nolabait esateko».

Taldeek eurek nabari dute hobekien panorama musikala osoki aldatzen ari dela, bai zuzenekoetan eta bai disko salmentetan. Kontzertuei dagokienez, taldekideen planteamendua ere ez da lehengo bera: «Lehenengo diskoa atera genuenean, 70 kontzertu eman genituen. Edozein lekutara joaten ginen. Orain, saiatzen gara gure behar eta nahietara gehiago egokitzen».

Formatuari dagokionez, berriz, oraingoan CDa eta biniloa produktu bakarrean biltzea erabaki dute, sarean lana entzungai jartzeaz gain. Aurreko diskoa sarean jarri zuten eskuragarri, borondatearen truke. Lete jakitun dago formula aurkitzearen zailtasunez: «Formatuaren kontua hain dago irekia gaur egun, zaila da jakitea zer eta nola kontsumitu nahi duten zure entzuleek. Gure kasuan, aukera guztiak jarri ditugu entzulearen esku. Hark erabaki dezala nola kontsumitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.