Indarkeriaren istoriorik gordinenak

Cristina Gutierrez artistaren 'Trapu zikinak' erakusketa ikusgai dago Bilboko Rekalden. Emakumeen aurkako indarkeria du ardatz

Cristina Gutierrez, Lorea Bilbao, Endika Basaguren, Pau Gutierrez, Oihane Iraguen eta Irati Urrestarazu. M.RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Berak sortutako erakusketari begira dagoela jaurti du Cristina Gutierrez artistak: «Hau belarrondoko bat da». Emakumeen kontrako indarkeria da Gutierrezen Trapu zikinak erakusketaren ardatza, eta aipatu du zergatia. «Haur lapurtuen auziari buruzko Lo que no nos quisiste contar [Kontatu nahi izan ez zeniguna] eleberria idatzi nuen 2016an». Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko gogoetan are gehiago murgildu zuen horrek. «Zigortu gabe dagoen krimena da haur lapurtuena, eta biktimen ikusgaitasuna ere hutsaren hurrengoa da». Hedabideetan azaldu diren genero bortizkeriari buruzko berriak pilatzen aritu da orduz geroztik; eta, Bilboko Rekalde aretoaren sarreran jarri duen pieza da horren erakusgarri: eraildako emakumeen izenak brodatuta dituzten gorbatak jarri ditu zintzilik. Martxoaren 10era bitarte izango da ikusgai, Bilboko Rekalde aretoan.

Gorbatek atentzioa eman diote betidanik. «Nire estudioan beti ditut eskura. Iruditzen zait, maskulinitatean ikur izateaz gain, botereari eta hierarkiari lotuta ere badaudela». 2016tik hona, hedabideetan azaldutako berriak pilatuz joan da artista; eta, bildutako informazioarekin ondu du, gerora, gorbaten pieza. Eraildako emakume «errealak» brodatu ditu horietan. «Biktima ofizialak, bikotekidea edo bikotekide ohiak hildakoak dira soilik. Nik errealak zenbatu ditut; guztiak».

Paraleloki, egutegi antzeko bat osatu duela azaldu du, zintzilik dagoen gorbata multzoaren aurreko horma seinalatuz. Hilabete bakoitzean andre batek jasandako indarkeria istorio erreal bat idatzi du, eta ilustrazio bana egin dio kasu bakoitzari. «Biktimaren izena, tokia eta data kendu ditut. Baina indarkeria moten berri ematen dute». Haurra lapurtu dioten emakume baten kasua; bortxatutako andre baten bizipenak; eta aitak bortxatutako alabarenak jaso ditu, besteak beste.

Betetzen ez diren itunak

2017ko irailaren 28an indarkeria matxistaren aurkako ituna onartu zuten Espainiako gorteetan, eta hura berretsi zuten, gerora, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. 214 neurri ditu testuak; eta, atzekoz aurrera, neurri guztiak irakurtzen dituen audioa entzuten da erakusketan etengabe. Gutierrezek berak grabatu du, eta 55 minutu irauten duela zehaztu du. «Promesak besterik ez dira hor bildutakoak: hauteskundeen testuinguruan soilik gogoratzen duten neurri sorta».

Artea errealitatearen berri emateko baliatu duela dio, eta abiaburura egin du berriz. «Belarrondokoa izatea da erakusketaren xedea, egoera oso larria delako».

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Barriek programa ireki du Gutierrezen erakusketak. 2005ean jaso zuen berak aldundiaren beka, eta aurtengo laguntza jaso duten artisten lanen atariko gisa jarri Trapu zikinak ikusgai. Endika Basagurenen Memoriaren aztarnak ezabatu jarriko dute ikusgai gero, martxoaren 12tik maiatzaren 5era bitarte. Maiatzaren 7tik ekainaren 30era bitarte Oihane Iraguen lana izango da ikusgai, eta Irati Urrestarazurena uztailaren 2tik irailaren 1era bitarte. Pau Figeresek itxiko du aurtengo Berriek programa: irailaren 3tik urriaren 20ra erakutsiko du bere lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.