Musika

Indartsu ekingo dio Donostiako Orfeoiak denboraldi berriari

Iazko urtea “laburra” izan zela onartu du Donostiako Orfeoiko zuzendari den Antonio Sainz Alfarok. Izan ere, 2017an 27 kontzertu eskaini zituzten, ohi baino gutxiago. Aurten, berriz, 40 kontzertu inguru dituzte lotuuta, tartean, Munichen, Rotterdamen eta Carcassonen.

jarraia148623.jpg
Naiara Elola.
2018ko urtarrilaren 31
15:32
Entzun

Proiektu eta erronka berriz beteta dauzka Donostiako Orfeoiak datozen hilabeteak. Nazioartera lau bidaia egingo dituzte, lehena heldu den martxoan. Rotterdamgo Filarmonikarekin batera, Mahlerren 8. sinfonia eskainiko dute. Martxoaren 23an eta 25ean, Rotterdamgo De Doelen zentroan izango dira, eta martxoaren 24an, berriz, Bruselako Bozar zentroan.

Ekainaren 8an eta 9an, Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin batera, Verdiren Requiem obra interpretatuko dute Tolosan bertan. Uztailaren 5ean, Carcassoneko jaialdian izango dira Donostiako Orfeoiko kideak. Michele Gamba gidari dutela, Carl Orffen Carmina Burana abestuko dute.

Europa mailan emango dute azken kontzertua Munichko aireportuko hangarrean eskainiko dute, urriaren 13an. Mahlerren Zortzigarrena obra abestuko dute Tolz haur koruarekin eta Munichko Filarmonikarekin batera.

Atzerrian zein etxean

Euskal Herrian ere, urtero emanaldi andana eskaintzen ditu Donostiako Orfeoiak. Esaterako, urteak dira Donostiako Hamabostaldiarekin elkarlanean aritzen dela. Sainz Alfarok iragarri duenez, abuztuan egingo den musika jaialdian nazioarte mailako orkestra eta musika  zuzendariekin bi kontzertu eskaintzea adostu dute. Horrez gain, Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoarekin bost emanaldi eskainiko dituzte eta Musikeneko orkestrarekin beste bi.

Bestalde, iaz, zuzendaria gaixo zegoela eta, bertan behera utzi zituzten Donostiako Orfeoiaren sorreraren 120. urteurrena ospatzeko Donostiako Kursaalean eta Madrilgo Teatro Real antzokian aurreikusita zituzten kontzertuak. Hala, emanaldi horiek atzeratu egin zituzten, eta irailean izango dira. Urteurrenerako prestatuta zuten programa mantentzea erabaki dute arduradunek, eta beraz, Ivan Izugarria opera eskainiko dute, Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin batera irailaren 8an Donostian eta 26an Madrilen.

Egun Donostiako Orfeoiak duen egoeraz galdetuta, agintari politikoek duten “sentsibilitate falta” salatu du Antonio Sainz Alfarok. Izan ere, orfeoiak aurrera egiteko modua bere kabuz bilatu behar izaten duela adierazi du. Hala, agintari zein herritarrei dei egin die Donostiako Orfeoia sostengatzeko ekarpenak egin ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.