Iruña-Veleiako indusketa lanen buru den Eliseo Gilek gaur egin du agerraldia, Arabako Foru Aldundiak eratutako ikerketa batzordearen txostenaren harira. Txosten horretan, adituek esan dute aztarnategian aurkitutakoak "iruzurra" direla. Gilek berak gidatzen duen taldearen lana defenditu nahi izan du agerraldi honetan eta bere ustez, adituen txostenean "iritziak" bakarrik agertzen direla dio. Hamar egun dituzte txostenari emendakinak jartzeko.
Eliseo Gilek bere aurkako "lintxamendu mediatikoa" egon dela salatu du. Agerraldi laburra izan da berea, eta kazetariei galderak egiteko aukerarik ez die eman. Gilek adierazi duenez, adituen batzordeak zegozkion "funtzioak gainditu dituela" eta hiru "arkeologo ezagunen" babesa jaso duela ziurtatu du.
"Hasiera batean Ikerketa arazoa zena gizataldearen arazoa ere bada. Atzean pertsonak daude. 34 langile, hain zuzen ere" esan du Gilek. Gainera, bere aurkako neurriak "gehiegizkoak" izan direla salatu du -kaleratu egin dute Gil- eta epaitegietara jotzeko asmoa agertu du.
Iruña-Veleian orain dela hiru urte III. eta IV. mendeko zeramikazko ontziak aurkitu zituzten. Bertan euskarazko idazkun batzuk zeuden idatziak, euskarazko lehen hitzak izan zitezkeenak. Pasa den abenduan gezurrezkoak ziren susmoa zabaldu zen eta Arabako Foru Aldundiak ikerketa-batzordea sortu zuen. Hamar hilabetez lanean aritu ondoren, atzo aurkeztu zuen batzordeak txostena ateratako ondorioekin.Aurkitutako aztarna horiek “faltsuak” zirela deliberatu zuten adituek.
Jaurlaritzak "iruzurra" dela dio
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Iruña-Veleiako gertaerak “iruzur larria” direla esan du. Gertaerek aztarnategiaren “irudia zikindu” dutela esan du Miren Azkarate Kultura sailburuak, baina espero du Iruña-Veleiak “duen garrantzia” ez gutxiestea.
Gainera, Jaurlaritzak laguntza eskaini dio Arabako Foru Aldundiari jazoerak argitze aldera, erakunde hau baita aztarnategian gertatutakoa argitzeko eskuduntza duena.
Lorena Lopez de Lacalle Arabako Kultura Diputatuak, bere aldetik, Iruña-Veleiako aztarnategia arriskuan ez dagoela ziurtatu du, nahiz eta indusketa-gunea gaur itxita dagoen.
Iruña-Veleia
Indusketa lanen buru den Eliseo Gilek bere aurkako "lintxamendu mediatikoa" salatu du
Epaitegietara joateko asmoa agertu du eta hiru arkelogoren babesa duela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu