Industria hegemonikotik ihesi

Euskal Herriko hainbat txokotako hainbat musikarik osatzen dute Mukuru sortzaileen kolektiboa. Biltzeko behar batetik abiatuta, taldeko kideak proiektua marrazten ari dira azken bi urteotan

Mukuru kolektiboko partaide batzuk. MUKURU.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Ez gaitu bortxaz musika estetika batek lotzen, baina gehiago musika ikusteko manera batek. Eztabaida batzuk gaituzte bildu, eta, batez ere, elkarretaratzeko behar batek». Hala ikusten du Mukuru kolektiboa hango kidePaxkal Irigoienek.

2018 urte hastapenean sortu zuten kolektiboa; orduan ziren lagun batzuk bildu, eta Mukuru zer izan zitekeen asmatzen hasi. Proiektua, ahoz aho hedatu, eta hamaika partaidez osatua da orain. Bakarlarietan, Idoia Hernandez (Hatxe), Ekhi Lambert, Ander Fernandez (Nigara Zuek), Peru Galbete eta Irigoien bera. Taldeetan, berriz, Seitan, Kaskezur, Klak!son, Muskulo, Txost! eta Isuo eta Kezman dira kolektiboaren barne. Hala, Baxenabarreko Garazi eskualdetik, Urretxu-Zumarragatik eta Errenteriatik (Gipuzkoa), eta beste hainbat lekutatik behar berari erantzuteko batu dira.

Bada musika industria hegemonikoa. Eta bada beste zerbait, edo saiatze bat, bederen. «Ez dugu pretentsiorik errateko hori dela bidea, baina entseatzen gara beste manera batzuk xerkatzen», Irigoienek. Beste bide horiek harremanetan, musikan eta horren inguruan eratutakoan dituzte bilatzen.

Hernandez hasieratik sartu da proiektuan, Galbetek proposaturik. 2017an argitaratu zuen lehen diskoa —11 piano piezaz egina—eta, aurten, bigarrena; «gizarteak emakumeengan ezarritako mugak suntsitzeko ahalmena duen sormenezko ekintza bat». Kolektibora «oso gogotsu» sartu bazen, ez zituen, alta, zalantzak eskas. «Piano jotzaile gisa, arraro sentitzen nintzen, Mukurun rocka edo kantautore estiloa delako gehienik... Baina konbentzitu ninduten, filosofiaz oso gertu sentitu nituelako. Eta orain, pozik!».

Hernandezek uste du, ohiko bideetatik at, egiteko erak dituela musikariak batzen. Gehienek ibilbide bertsua izan dute aitzinetik; herrietan edo kultur elkarteetan jo dute, gauzak «txikitik» eginez. Hernandezen iritziz, arteaz daukaten ikuspegiak ditu elkartu; esperimentaziotik badute anitz, eta beti ohiko bidetik aldenduz egiten saiatu dira. «Kolektiboari ematen diogu garrantzi handia, azkenean, emozioetatik egite horretatik, uste dugulako gauza txikiak handiak direla». «Ez ditugu ohiko gauza handiak eta masiboak bilatzen, ez dugu hori helburu».

Horrez gain, Irigoienek nabarmendu du harremanak egiteko beste mota baten beharra. «Batzuek erraten dute musika lehiaketa bat bezalakoa dela, kirol bat bezalakoa. Eszena gainera zoaz, behar duzu hoberena izan, delako fama istorio hori... Beti ari zara kalkuluan. Eta horren hausteko, bagenuen elkarretaratzeko behar hori, elkarrekin mintzatzeko, eta harreman horizontalak gehiago garatzeko. Gauza berriak elkarrekin entseatu, sinpleki». Musikariak «anitzetan» bakarrik direla gehitu du, eta, usaian, arrangurak, bizipenak eta esperientzia berriak partekatzeko mementorik eta lekurik izan ezean, uste du Mukuru tresna «bikaina» dela horretarako. «Bestela, musikan eta baita orokorrean ere, bakarrik zarelarik, zure gauza biziki fite nahiko iluna bilakatzen ahal da ez baduzu besteekin partekatzen».

Mukuru entzungai

Mukuru festak antolatu dituzte han-hemen, talde batzuk elkarrekin arituz. «Jaialdi txikitxoak». Hernandezen hitzetan, esperientzia horiek «oso garrantzitsuak» dira, hor baitute publikoarekiko harremana sortzen, «fideltasun» batetik, «gertuko harremanetik». Harreman horizontalak ez baitituzte musikarien artean bakarrik nahi. «Horrelakoetan konturatzen zara espazio txikietan oso ezberdina dela dena, jendearengana iristeko hori, bestela egiten dela».

Mukururen besta handi bat ere egin dute Errenterian, non eta kolektiboko talde gehienak ari izanbaitira. Elkar ezagutza, elkarrekin jotzea eta partekatzea; hastapeneko xedeak betetzen ari direlako seinale. Joan denudan Mukuru Bira egin zuten gainera, Bretainian, Frantzian eta Belgikan gaindi. Halere, kolektiboaren urrats aipagarrienetariko bat da sortu duten web orria (www.mukuru.eus), eta honen gibelean dagoen gogoeta. 11 partaideen lanak agertzen dira bertan, eta musika han dago entzungai, Badok atariarekin loturan, baita Kanalduderekin ere.

Irigoienek azaldu duenez, Interneten gaiarekin eztabaida anitz izan dituzte, eta badituzte oraindik. «Nola hedatu gure musika ? Zein tresnekin ? Zein kanaletatik? Mementoz, web orri hori egin dugu, eta bakoitzak bere orrialdea dauka. Hastapen polit bat bezala ikusten genuen hori».

Hain zuzen ere, aipatzen dituzten «usaiako» bideetatik, beste batzuetan ibiltzeko hautua egin dute, egungo industriako Youtube, Spotify, Facebook eta antzeko bide nagusien ordez. Web orriari dagokionez, «erraztasun» bat izan dela uste du Hernandezek, denak batuak baitira «leku» berean. «Hor garen batzuk ez dugu Facebook konturik, ez dugu fitsik, eta, hori aitzin, ari nintzen pentsatzen webgune bat egiteari buruz, baina ez nuen bakarrik nahi, eta horrelako kezka anitzentzat laguntzen du anitz izateak», gehitu du Irigoienek.

Hilean behin, Mukuruk bideo bat argitaratzen du Kanalduden. Txost taldeak, Irigoienek eta Muskulok egina dute jada, eta Hernandezek izan behar luke beste bideo bat argitaratzen ondokoa. Izan ere, bi musikariek azpimarratu dute Euskal Herrian berean hainbat tresna sortuak direla jada, filosofiaz gertu dituztela, eta horiek baliatu nahi dituztela. Bide berriak entseatuz, Mukuruk aitzinera segitzen du.«Poliki-poliki doan zerbait da». Etorkizunari begira, musikarien arteko eztabaidak, formakuntzak eta trukeak egiten jarraituko dute elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.