Kerik ez, makinarik ez eta langilerik ere ez. Apenas ageri den industrializazioaren arrastorik Rochelt familiako kideek margotutako ehunka paisaietan. Paradoxikoki. Izan ere, XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran estuki lotuta baitago haien abizena Bizkaiko ekonomiaren eta paisaiaren bilakaerarekin. Negozioak bukatzean, ordea, argia zen haien hautua: kalean jarri zuten begia. Indarra hartzen ari zen industrian enpresari sendi garrantzitsua izan zen rocheltarrena Bizkaian, baina Bilboko kultur giroaren sustatzaile garrantzitsuak ere izan ziren. Margolari, bildumagile, erakusketen bultzatzaile. Familia haren kultur ekarpena aitortzen duen erakusketa zabaldu du orain Bilboko Arte Ederren Museoak: Rocheltarrak. Arteari lotutako bilbotar familia. Irailaren lehenera arte egongo da zabalik.
«Kultur giroa eraikitzen lagundu zuten pertsonak omendu nahi ditugu». Aitortza modu bat da erakusketa, Javier Viar Arte Ederren Museoko zuzendariaren hitzetan. Eta Mikel Lertxundi komisarioa izan da berreskurapen historiko horren arduraduna. Orain hamar urte inguru izan zuen Rochelt familiaren berri, baina azken bi urteetan aritu da haien historia zehatz arakatzen. «Orain ahaztu xamar dago haien izena», dio, «baina, orain ehun urte, profesionaltasun, eskaintze eta dibertsioaren sinonimo zen Rochelt abizena». 11 dira berez erakusketak biltzen dituen rocheltarrak, eta sendiaren 64 artelan zintzilikatu dituzte, guztira. Lau rocheltarren lanak nabarmendu ditu bereziki Lertxundik, halere: Gustavo, Ricardo, Juan Jose eta Juan. Eta, lau horien artean, Juan, nagusiki. Harenak dira erakusketan ikus daitezkeen 71 piezetariko 22. Eta zergatik bereziki hura? «Margolari fin eta sentibera zen».
Baina koadroa ez da sinadurarekin amaitzen. Rocheltarrez harago ikusteko aukera ematen du rocheltarren lanari begiratzeak, Lertxundiren hitzetan. «Euskal artearen modernizaziorako eboluzioari begiratzeko aukera ematen du». Izan ere, estua izan zen industriagileek garai hartako zenbait puntako artistarekin izandako harremana, eta agerikoak dira horren frogak koadroetan. Gertuko izan zituzten, adibidez, Anselmo Guinea, Juan Barroeta, Adolfo Guiard eta Dario Regoyos. Haiekin ateratzen ziren kanpora margotzera, eta haien estiloa imitatzen zuten. Maisu ere izan zituzten batzuk. Eta horregatik zintzilikatu dituzte haien lanak ere rocheltarrenekin batera erakusketan. Zipriztinka, egile horien zazpi lan.
Maisuen parean
Kasik sinadurak baino ez ditu bereizten batzuen eta besteen koadroak zenbaitetan. Juan Jose Rocheltek margotutakoa da, esaterako, San Vicente de la Barrankako plaza koadroa, eta Regoyosek egindakoa Aurreskua euripean Arrasaten lana. Baina, sinadura kenduta, parekoak dira biak. Eta horregatik jarri dituzte elkarren ondoan. Dantzariak ageri dituzte biek plazan dantzan. Parekoak dira koloreak. Eta parekoak dira zertzeladaren arrastoak ere. Ez da kopia bat, baina agerikoa da Regoyosen eragina.
Nabarmenagoa da Gustavo Rocheltek 1876an margotutako Paisaia koadroaren kasua. Eta horregatik jarri dute Anselmo Guineak urte berean eta izenburu berarekin margotutakoaren alboan. Berbera da bi artistek erakusten duten irudia, eta berbera da bi artistek aukeratutako ikuspuntua ere: hondartza bat, zeru garbiaren pean. Kolore bera dute biek, neurri bera. Eta baita zeru berbera ere. Eta, kasu horretan ere, elkarrengandik gertu zintzilikatu dituzte bi margolanak. Koadroek ageri duten moduan, margolariak ere gertukoak zirelako.
Baina ez da soilik imitazioa. Komisarioaren hitzetan, hori baino handiagoa da rocheltarrek egindako ekarpena. Arte joera berrien inportatzaile ere izan ziren, eta horregatik aurrez aipatutako modernizazioarena. «Euskal artistengan eragina izan zuten hainbat artistaren lanen kopiak zituzten». Baina zergatik ez ziren heldu urrunago? Zehatzago: zergatik ez zen Juan Rochelt heldu urrunago? Komisarioak erantzuna: «Nolabaiteko anbizio falta bat lepora dakioke». Halere, beren enpresak zituzten kezka iturri nagusi, eta horrek hartzen zien denbora nagusia. Aisia kontua zen pintura haientzat, eta horregatik dira nagusi paisaiak erakusketan. Erretraturik ez, gai historikoei buruzko margolanik ez: paisaiak baino ez. Pintura ogibide ez zutenez, garai hartan dirua egiteko ez baitzuten beharrik artistek margotu ohi zituzten koadro motak margotzeko. Plazera gidari.
Margolanekin batera, familiaren historia biltzen duten hainbat artxiboko irudi eta argazki ere batu dituzte erakusketan, eta liburu bat ere argitaratu dute, rocheltarrei buruzko ikerketarekin eta erakusketako koadroen irudiekin.
Industriak ukitu gabeko paisaia
Rochelt enpresari eta margolari sendiak egindako ekarpena omendu du Bilboko Arte Ederren Museoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu