Inflexio puntu baten gakoak

1997ko Donostiako Zinemaldia oinarri duen erakusketa zabaldu dute Gasteizko Artiumen: 'Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko'. Abenduaren 8ra arte dago ikusgai

Aldizkari ofizalak, gutunak, ikus-entzunezko piezak... Askotariko materialek osatzen dute erakusketa. Gehienak inoiz argitaratu gabeak dira. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ez zen jaialdiaren hasiera izan, baina bai aro berri baten hasiera ekarri zuen inflexio puntua. 1977a urte historikoa izan zen Donostiako Zinemaldiarentzat: 25. urteurrena izan baitzen, eta, aldi berean, jaialdia errotik aldatu zuena. Aldaketa handien aldia izan baitzen ordukoa, erabateko haustura ekarri zutenak hala antolakuntzari dagokionez nola filmei eta sortzaileei dagokienez. Bada, aldaketa horien xehetasunetan sakondu asmo du Gasteizko Artium museoan zabaldu duten erakusketak: Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko. Zinemaldiaren, Elias Kerejeta Zine Eskolaren eta Artiumen arteko lankidetzaren bitartez ondu dute, eta abenduaren 8ra arte izango da ikusgai.

Bilduma iragan otsailean museoan ireki zuten Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketarekin lotuta dago, eta Kerejeta Zine Eskolak bultzatzen duen Zinemaldia 70: Historia posible guztiak proiektuaren parte ere bada. Izan ere, Artiumeko erakusketak ikerketari zabaltzen dion leihoak zinemagintzari erreparatu nahi izan dio oraingoan, eta, horretarako, bat egin du Donostiako Zinemaldiarekin eta hark bere artxiboa landu eta erakusteko duen asmoarekin. Atzo egin zuten aurkezpena, museoko eta jaialdiko ordezkariak bertan zirela.

Pablo La Parrak egin ditu erakusketaren komisariotza lanak, eta hark azaldu zituen aldaketaren gako nagusiak: «1977ko edizioa, urteurren bat baino gehiago, borrokarako gune bat izan zen: hiritik kudeatutako lehen jaialdia aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu baitzen. 1977ko edizioa inflexio puntua izan zen, eta giltzarri lanak egin zituena». Izan ere, 1953an, frankismo garai betean sortu zen zinemaldia, eta haren agindupean egin zituen lehen urratsak. 1977an, baina, kudeaketaren ardura Madrildik Donostiara pasatu zen, eta «erregimen faxistaren tresna politiko, diplomatiko eta kulturala» zena Donostian errotutako «jaialdi demokratiko berri bat irudikatzeko instituzio bat», nahiz aldarrikapenerako plataforma bat bilakatu zen.

Askotariko piezak

Aldaketa hori du hizpide A01 aretoan jarritako erakusketak, hain zuzen ere. Eta kasik modu kronologiko batean kontatzen du prozesu hori: ia egunez egun berreraiki baitaiteke zinemaldiaren ibilbidean erabateko aldaketa ekarri zuen aldia aldizkari ofizialen bitartez. Hain justu, jaialdi hartako lehen eguneko aldizkarian jaso zen erakusketari izena ematen dion esaldia ere: Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko. La Parraren arabera, aldizkari horiek ongi islatzen dute jaialdiaren garapen prozesua; izan ere, azalak zinemaldiaren arlorik komertzialena erakusten zuen artean, editorialak jarrera kritikoena islatzen zuen.

Erakusketa orduko ikus-entzunezko materialekin, gutunekin, argazkiekin eta dokumentuekin osatu dute. Material asko eta asko inoiz argitaratu gabeak dira, eta lehen aldiz erakutsiko dira jendaurrean. Zinemaldiaren artxibokoak dira gehienak, baina badira beste bilduma batzuetatik hartutakoak ere.

Horien artean daude, esaterako, zinemaldiari babesa ematen dioten gutunak eta komunikatuak; jaialdiaren aldizkari ofizialaren azalen eta artikulu esanguratsuen originalak; diktadura frankistaren jazarpena jasan zuen Luis Buñuelen Viridiana filmaren kartel bat; garai hartako egunkari zatiak; Juan Carlos Eguillorrek sinatutako komiki bat; eta zinemaren munduko jende ezagun asko ageri diren argazki ugari.

Elementuen kokapenak, tarteka, leiho bana irekitzen die bestelako gai batzuei: hala nola euskal gatazkari, festibalaren deszentralizazioari, euskal zinemari edota frankismoaren ondorioz erbestera joan behar izan ziren zinemagileei —horietako batzuk omendu baitzituzten 1977ko jaialdian—.

Erakusketan ikus daiteke, halaber, Carlos Rodriguez Sanzen eta Manuel Coronadoren Expediente film laburra ere. 1977an film laburrik onenaren Urrezko Maskorra lortu zuen. Hamasei milimetrotan filmatutako hamabost minutuko filma da, eta Elias Kerejeta Zine Eskolak zaharberritu eta digitalizatu du. Equipo Cronica taldearen pinturari buruzko filma da, eta, aldi berean, errepresio frankistaren ondorioei buruzko hausnarketa proposatzen duena. La Parraren arabera, aldaketaren giltzarrietako bat da pelikula. Izan ere, azaldu duenez, bi urte lehenago boikotatu egin zuten zinemaldia Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi Francoren aginduz fusilatu zituztelako. «1977an, baina, erregimenaren azken bost fusilatuak oroitzen zituen film laburra erakutsi zuten. Hor badago aldaketa bat».

«Artxibo bizia»

Donostiako Zinemaldiak duela bi urte ekin zion bere artxiboa antolatu eta balioa emateari. Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, Elias Kerejeta Zine Eskola sortzeak eman zien horretarako beta, eta Zinemaldia 70: Historia posible guztiak proiektua abiatu zuten horretarako. Asmoa da 2022rako, zinemaldiaren 70. aldirako, artxiboaren zatirik handiena digitalizatuta, katalogatuta, zaharberrituta eta edonoren eskura jartzea.

Proiektu horren adarretako bat da Artiumeko erakusketa. «Ez da eranskin bat; mugarri bat da. Artxiboari buruzko gure lana erakusketa formatuan irudikatzeko aukera izan dugun lehen aldia da hau», zehaztu zuen La Parrak. Eta erantsi zuen ahalegin horrek erronka handia ekarri ziela, baina aukera bat izan dela, halaber, artxiboaren etorkizuneko moldeetan pentsatzeko: «Artxibo bizia nahi dugu. Kontatu behar den artxibo bat da, begirada kritikoetara ireki behar den artxibo bat, eztabaidatu egin behar dena, ikusi egin behar dena, eta inoiz atzera egiteari utzi behar ez diona».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.