«Louvre museoak Gioconda obra duen bezalaxe, Bonnat Helleuk Bainu hartzailea du». Halaxe erran du Barthelemy Etxegoien Glamak, Bonnat Helleuko zuzendariak, Jean Auguste Dominique Ingres tindatzailearen obra presentatu aitzin, museoko hallean. XIX. mendeko obra garrantzitsutzat jo du Etxegoienek, eta adierazi du «pribilegio handiko momentua» prestatu duela Leon Bonnatek museoari 1922an eman pintura presentatzeko.
Harrizko zizelkadura handiak berritzen ari diren langileen artean pasatu ondotik, Bonnat Helleuko margolanen gelako atea ireki du Etxegoienek. Bertan haize hotza sumatu eta hesi handiak ikus daitezke, pareta gris batzuek mugaturik. Hesi lerroen arteko margolanen gelara sarturik, Helene Ferron museoko kontserbatzaileak eta Etxegoienek hesi handi bat tiratu, eta Bainu hartzailea pintura gelaren erdigunean eman dute.
Jean Auguste Dominique Ingres tindatzaileak Erromako Sari Handia irabazi zuen 1801ean, eta Villa Medicira arribatu ondotik Bainu hartzailea pintatu zuen, Ferronek kontatu duenez. Baionan dagoen obraz aparte, Ingresek Valpinçongo bainu hartzailea, Odaliska handia eta Bainutegi turkiarra marraztu zituen estilo berean. Ferronen arabera, Leonardo Da Vinciren eta Raffaello Sanzioren margolanek inspiratuta jardun zuen Ingresek. «Erdiko pertsonaiaren gibelean diren formen, enkoadraketaren eta paisaiaren oihartzunak ageri dira, eta, landuak diren maneran, Da Vincirenak edo haren kideenak izan zintezkeen».
«Bainu hartzailea museo honetako maisulanetako bat da: bizkarra erakusten duen baina aldi berean biluztasuna gordetzen duen pertsonaiak indar liluragarria emanen dio bisitariari»BARTHELEMY ETXEGOIEN GLAMABonnat Helleu museoko zuzendaria
Etxegoienek maisulan baten gisara deskribatu du pintura: «Bainu hartzailea museo honetako maisulanetako bat da: bizkarra erakusten duen baina aldi berean biluztasuna gordetzen duen pertsonaiak indar liluragarria emanen dio bisitariari». Gioconda eta Bainu hartzailea obren arteko harremana ez da bakarrik oinarritzen Ingresek Da Vincirengan ukan zuen inspirazio iturrian. Gainera, Etxegoienek agerian eman du Louvren Gioconda-k duen toki bera eman nahi diotela Bainu hartzailea pinturari. XIX. mendeko margolanen gelaren erdian jarriko du, garai hartako Europako maisulan anitzen artean. Bertzeak bertze, Goya, Lawrence, Reynolds eta Constable artisten artelanak izanen ditu inguruan, Louvren Gioconda-k Da Vinciren, Caliariren edota Vecellioren obrak dituen bezala.

«Duda izpirik gabe» Bainu hartzaileaBonnat Helleuko artelan nagusia izatea nahi du Etxegoienek. Justuki, estrategikotzat jo du artelana maiatzean aurkeztea, azaroko irekieraren «aitzin gustu» bat ematen duelako obrak. Irekitzea buruan duela, zehaztu du Bonnat Helleu «emozio handiko» museoa izanen dela, eta bisitarien eta obren arteko «konexio intimoa» bilatu nahi duela.
Obraren berritzea
Versaillesko (Frantzia) artelanen konponketarako tailerretik jin berri den obra da Bainu hartzailea. Ferronen arabera, arraberritze lan handia ukan du, nahiz kasik bi mendez ongi kontserbatua izan. Teknikari doakionez, ez dute teknika konplikaturik baliatu: obraren berniza «biziki horitua» zen, eta ondorioz, zaharberritzaileek berniz zaharra kendu heinean, arraberritzea aitzin ikusten ez zen gibeleko paisaia agertu zen.
Gibeleko elementuak errekuperatzeaz gain, koloreak «berpiztu» eta jatorrizko koloreak berriz agertu direla kontatu du. «Ingresek baliatu koloreak berriz agertu dira, eta artistaren zehaztasuna eta detaile guziak berriz ikus daitezke. Ondorioz, Da Vinciren edota Raffaelloren estilo italiarra berretsi zuten arraberritzearen ondotik agertu elementu grafikoek».