Inoiz baino euskal ekoizpen gehiago aurkeztuko ditu Zinemaldiak

Zinemira sailak hamazazpi film hartuko ditu, eta horietako zortzi Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira. Ramon Barea aktore eta errealizadoreak jasoko du aurtengo Zinemira saria

Gaur irekiko ditu ateak filmak Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera du hizpide. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Donostia
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Zinemira euskal zinemari eskainitako saila da, eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen du urtero, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Aurten, hamazazpi euskal ekoizpen aurkeztuko dituzte Zinemiran, inoiz baino gehiago —iaz, esaterako, zortzi film hartu zituen sailak—. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Zinemaldiko euskal filmen presentzia justifikatu du: «Euskal zinemak nazioartean lehiatzeko maila du».

Zinemiran aurkeztuko diren hamazazpi ekoizpenetatik zortzi Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira; film irabazlearen ekoizleek 20.000 euro jasoko dituzte. Patxo Telleriaren Igelak da lehiaketako fikzio film luze bakarra, eta Euskal Zinema eta ETB Galan proiektatuko da. Beste ekoizpenak, ordea, dokumentalak dira, eta historiari, arteari eta musikari buruzkoak dira; Chillida: esku huts-ekin, adibidez, Juan Barrerok eskultorearen biografia osatu du. Juanma Bajo Ulloak, aldiz, rockari buruzko gogoeta egiten du Rocknrollers filmarekin. Maider Oleaga Iragan gunea Berlin-ekin lehiatuko da, Ikusmira Berriak programaren lehen aldian parte hartu ostean, eta Justin Websterrek ETA bere amaierara eraman zuen prozesua kontatuko du El fin de ETA filmean. Hiru hasiberriren filmek osatuko dute lehiaketa: Aitor Asperen Baskavígin. La matanza de los balleneros vascos, Juan Palaciosen Pedaló eta Mari Jose Barriolaren GUtik ZUra.

Zortzi film aurkeztuko dira, aldi berean, lehiaketaz kanpo. Helena Tabernaren Acantilado; Olatz Gonzalezen eta Jorgen Lethen Pilotak II-; eta David Aguilarren Mara mara. Juanmi Gutierrezek kanpoko hondamendien berri emango du Oihalak adarretan filmarekin, eta Fermin Muguruzak Nola? aurkeztuko du, Katrinaren osteko New Orleanseko egoeraren erretratua. Abjaziako gerraren ostean kokatzen da, ordea, Rusudan Glurijdzek zuzendutako Skhvisi Sakhli / House of Others, eta Eriz Zapirainek Euskaldunon Egunkaria sortzeko abentura kontatuko du Gaur irekiko ditu ateak-ekin. Iratxe Fresnedak, bestalde, Irrintziaren oihartzunak aurkeztuko du. Azkenik, Mikel Ruedak New Yorkera joango den gazte baten istorioa kontatuko du Quinta planta-n. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak saileko film guztien kalitatea goraipatu du: «Irudi eta soinu hain iradokitzaileak ditugun bitartean euskal zinemak etorkizun ona izango du».

Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2016 katalogoko film laburrak aukeratuko dituzte. Egitasmoaren helburua urteko film nabarmenenak zabaltzea da, eta Zinemiran Mikel Rueda, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga eta Kepa Sojoren lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste. Zinemirak, gainera, Zinemira saria ematen du urtero, euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko. Aurten Ramon Bareak jasoko du sari hori, Euskal Zinema eta ETB Galan. Gala berean, Francesc Escribanoren Agirre lehendakaria filma proiektatuko da; Daniel Grao aktoreak euskal agintariaren erretratu bat eratzeko proposamena jaso, eta pertsonaiaren inguruko bilaketa egiten hasten da.

Zinemaldiko beste sailetan ere euskal ekoizpenak ikusiko dira; gehienak The Act of Killing atzera begirako tematikoan izango dira, eta baita Zabaltegi sailean ere. Kalebegiak film kolektiboa ere nabarmentzen da; hamabi zinemagilek Donostiari buruz egindako hamabi film laburrek osatzen dute. Horretaz guztiaz gain, beste sailetako hainbat film euskarazko azpidatziekin eskainiko dira, eta euskaraz bikoiztutako filmak egongo dira haurrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.