«Mundua ikusteko beste erreferentzia ardatz bat izango nuela jakitea sano zen erakargarria. Hutsetik hastea; dena zen erakargarria». Ideiak argi zituen Beñat Fuentes musikariak (Mungia, Bizkaia, 1980), duela hiru urte Txinarako bidea hartu zuenean. Aurrez, Euskal Herriko hainbat taldetan aritua zen (Pog Mo Thon, Akustika, Big Fingers and The Love Seeds). Txinan, Xu Jun musikariarekin batu, eta The Tree egitasmoarekin oihartzuna izan zuten. Orain, Gaztelupeko Hotsak-ek Euskal Herrian berragitaratu du euren lana.
Musika bizitzeko ikuspegia aldatu al zaizu Txinara joan zinenetik?
Bai, musika gehiago maite dut. Kasurako, etxean kantu bitxi asko grabatu dut, baina ez ditu inork entzun, eta ez ditu inork entzungo. Inoiz baino gehiago disfrutatzen dut musikaz, eta ez musikaren inguruaz. Besteentzat baino gehiago, norberarentzat egiten ere ikasi dut. Esperimentatu, bertsioaren bat nahastu… Epaitu barik sortzearena. Inork entzungo ez zuela onartu nuenean beste mundu bat deskubritu nuen. Txakurra paseatzen disfrutatzen duzunean, ez duzu albokoek ikusteko egiten. Ba hori, gozada bat.
Txinara joan eta Xu Jun ezagutu. Nola izan zen elkartzea, azkar konturatu al zineten elkarrekin lan egiteko moduko musikariak zinetela?
Neure kontzertu bat ikustera etorri zen, eta, ostean, neuregana hurbildu; gau hartan, elkarrekin geure hiriko artista baten artelana musikatzeko konpromisoa hartu genuen. Luzaroan ibili ginen holakoetan; taldea sortu aurretik, proiektu horietarako baino ez ginen batu.
Zeu euskalduna eta bera txinatarra. Egiten duzuen musikak, berriz, gehiago du AEBetako folkaren kutsua, bestelako zertzeladak izan arren.
Batek baino gehiagok aipatu digu badugula kutsu hori ere, bai. Geuk ez dugu estilorik planteatu, ez dugu behin ere geure artean estiloari buruz berbarik egin. Oraingoan, gogoratzen dudan abiapuntu bakarra ideia hau izan zen: ea kide bi izanda talde itxura emateko kapazak ote ginen, loopak erabiliz, kantu berean instrumentu bat baino gehiago joz... Gainontzeko ideiak hitzei buruzkoak ziren, kontzeptuak, ez musikalak.
Venus dago ederren kantua da euskaraz egindako bakarra. Han diozu: «Aspaldikoz hasi naz barriro be dudatan. Ez ete nabil haren lez. Kontrara…». Kontrara zabiltza?
Txikitatik daukadan sentimendua da, gizakiaren eguneroko jarduna zeharo zentzugabekotzat jotzearena. Gainontzeko jendeak egiten duenaren guztiz kontrakoa egingo zenuke, baina ez duzu egiten, babes bila. Mozorro hori jantzita baino ez zaitu ezagutzen jendeak. Hainbeste bider egin duzunez gogoaren kontrakoa, gizartetu ondoren galdu egin duzu jatorrizko pentsatzeko era primitibo hori. Gero, bereiztea lortzen duzun bakoitzean, argi daukazu zein bide aukeratu gura duzun. Baina argi ez daukazuna da hasierako pentsamendu hartatik edo gerokotik zauden hurbilago.
Zer eskaini dio Txinako kulturak zure moduko musikari bati?
Musika arloan, aire perspektiba. Norberaren musika besteen belarrietatik entzuteko gaitasuna, beti asko kostatu izan zaidana. Gainontzekoan, musikari daukan garrantzia baino handiagoa ez zaiola eman behar ikastea, eta, beraz, aurretik nituen beste ezaugarriak gehiago sakontzea.
Atari digital txinatar garrantzisu batean gehien entzundako diskoetako bat izan da zuena… Zer sentitu duzu?
Ba, jakin egin behar da analizatzen. Zorte kontua baino ez zen izan. Geure diskoa atari horretan jarri zutenez, eta, gainera, Txina erraldoia denez, milaka pertsonak entzun zuten, baina nork eta zergatik aukeratu zuen geure diskoa eta ez beste bat atari horretan jartzeko? Sentitu nuena, loteria tokatzearen parekoa da, ez ezer handia egin nuela. Etxean, kantu bat grabatzen nagoenean ezer dexentea lortzen badut, askoz da biziagoa sentimendua, norberaren esku baino ez dagoelako.
Beñat Fuentes. Musikaria
«Inoiz baino gehiago disfrutatzen dut musikaz, eta ez musikaren inguruaz»
Txinan topatu du lasaitasuna eta oreka, musikaren munduan egin nahi duena egiteko. Xu Jun txinatarrarekin batera The Tree sortu, eta diskoa kaleratu dute Euskal Herrian, Gaztelupeko Hotsak-ekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu