Inoiz baino indartsuago

Ze Esatek taldearen 'Rock & Ron' bigarren diskoa Kubari buruzko dokumental batekin lagundua dator

Rock doinuetara jo du taldeak, festa baztertu gabe. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Lehen diskoko ska eta reggae doinuetatik apur bat aldendu, eta gitarra doinu gehiagorekin dator Ze Esatek taldea: Rock & Ron (Oihuka). «Bigarrena indartsuagoa irten zaigu, rockerragoa, baina hasierako esentziak hor jarraitzen du», nabarmendu du Jabi Rodil taldeko ahotsak. «Hunkitzen gaituzten gauzak ukitu ironikoarekin, umorez kontatzen jarraitzen dugu».

CDarekin batera, edizio mugatuan, Kubari buruzko dokumentala eta Kilometroak jaialdirako egindako bideoklipa plazaratu dituzte. «Mundu justu» baten aldeko proiektu gisa azaldu dute ikus-entzunezkoa. Iaz Kubara egindako bidaian ezagututako jendearen iritziak eta taldeak han emandako kontzertuen laginak ageri dira Juantxu Belokik grabatutako dokumentalean. Habanan egon ziren, eta nekazari giroko Kuba ere ezagutzeko aukera izan dute. «Gure gidaria Katia izan da, bere etxean hartu gintuen. Aita eta osaba iraultzaren parte izan ziren». Senitarteko, musikari eta bestelako kubatarren testigantzekin herrialdearen errealitateaz jabetu, eta dokumental formatuan argitaratu dute.

Rocka erritmo latinoarekin

Cuba ron tour dokumentalak Kubara hurreratuko du Ze Esatek taldearen lan berriaren edizio mugatua eskuratzen duen oro. CDan 14 abesti daude, horietatik 10 berriak. Katia izenekoa, bidaian gidari izan duten kubatar lagunari eta uharteari eskaini diote. Kubako kaleetan eta Maxi aretoan jo dute zuzenean. Jose Luis Otamendi idazlearen hitzak moldatuz sortu dute Bidez bide kantua. Esperantza abestia Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemetatik ateratako olerki batetik jaio da, diskoan dagoen balada bakarra. Taldearen ironiaren lekuko da, esaterako, Vip pass. Urriak 11 albumeko lehen singlea, umorez jantzitako abestia da eta parranda doinuzgirotutakoa Gu gara Ze Esatek.

Enkarguz egindako zenbait abesti ere sartu nahi izan ditu taldeak. Pako Aristiren hitzekin konposatutako Klik, Azpeitian urriaren 2an ospatutako Kilometroak jaialdiko kantua berreskuratu dute bigarren disko honetan. Bertan dago baita Txori Barroteren 25. urteurrena ospatzeko sortutako abestia ere. Mikel Aranburu eta Mikel Labaka futbolariak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta hainbat haurrekin batera grabatutakoa. Hitzak Etxahun Lekuek egin zituen eta musika Ze Esatek! taldeak. Bideoklipa ere argitaratu dute DVDan. Iazko azaroaren 6an Amurrion ospatu zen Ikasle Egunerako abestia ere sartu dute. Sorkunek hartu zuen parte bertan. Diskoaren bukaera kantua, Esne Beltza taldeko DZDjak egindako Erregina abestiaren remixa da.

Diskoa zuzenean aurkeztuko dute: abenduaren 3an, Donostiako Dokan; 5ean, Durangon goizez Ahotsenean eta gauez Plateruenan; eta 17an, Hazparnen. 2012an Hatortxu Rocken, Ondarroako Kafe Antzokian eta Tolosako Bonberenean joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.