Emakume gazte baten heltzea, horixe hartu du hausnarketarako gaitzat Sara Azurza musikariak (Donostia, 1997) kaleratu berri duen diskoan: Hiri ilunen umeak. Bi urte eman ditu bere azken lana prestatzen, eta zortzi kanta sortu ditu guztira; Begietan abestia, zehazki, Olaia Inziarte musikariarekin elkarlanean ondu du. Besteak beste, Arlo Parks eta Olivia Dean abeslarien eta «Erresuma Batuko emakume bakarlarien» musika izan du inspirazio iturri diskoa sortzeko. Oro har, Azurzak uste du zaila dela diskoak musika estilo bakar batean sailkatzea, eta azaldu du oraingoan soinu elektronikoekin nahastutako indie, pop eta soul melodiak uztartu dituela gehienbat. Oraingoz ez du iragarri kontzertuak non eta noiz egingo dituen, baina ziurtatu du irailetik aurrera emango duela horien berri.
Ertz asko izan ditzake emakume gazte baten heltze prozesuak. Nola landu duzu zuk?
Diskoan, heltzeak izan ditzakeen gatazkei eta bizipenei buruz hitz egiten dut emakume gazte baten ikuspegitik. Hiria, iluntasuna eta umea prozesu hori ondo esplikatzen duten hiru sinbolo dira. Finean, jaio zaren tokiak eragina du zure izaeran. Ni hiri batean jaio nintzen, hainbat hiritan bizi izan naiz, eta horrek nire garapena baldintzatu du. Hiri horietan, iluntasuna nabaritu dezakezu. Gauza asko gertatzen dira, aukera eta bide asko daude, eta horrek nolabaiteko iluntasuna eragin dezake.
Zer zentzutan?
Batetik, bakardadea eragin dezake, eta bestetik, zure bidea non egin ez jakitea. Gainera, iruditzen zait heltze prozesu horietan ahaztu egiten zaigula gure barneko umea, behin izan ginen ume hori. Ume hori bilatzeko prozesuaren emaitza izan da disko hau.
Nolakoa izan da bilaketa hori?
Egia esan, ez da nahita egindako hausnarketa bat izan. Diskoa prestatzen hasi nintzenean, eta abestiak idazten nituen bakoitzean, egoera oso desberdinetan topatzen nuen neure burua. Diskoaren osotasuna kanpotik ikusi nuenean, ordea, konturatu nintzen lan horrek erakusten duela nire heltze prozesua nolakoa izan den eta nire ingurukoekin konpartitzen nituen kezkak zeintzuk ziren. Halako batean, bat egin zuten emakume gazte baten heltze prozesu horretan gertatzen diren gauza askok. Zerbait naturala izan zen.
«Gaur egungo musika ereduak eta sare sozialek azkar sortzera eta kontsumitzera behartzen gaituzte. Badirudi pilula motzetan egin behar ditugula gauzak, eta zeozer demostratu behar dugula»
Beldurra diozu hazteari?
Orain ez diot beldurrik heltzeari. Orduan, zaila izan zen pertsona eta emakume gisa erabakiak hartu behar izatea. Neure buruari galdetzen nion ea hori zen jendeak nigandik espero zuena, ea zer zen nik benetan egin nahi nuen hori. Gizarteak bide bat markatzen die emakume gazteei, eta nik ez nuen oso argi ikusten zer egin nahi nuen. Ez nintzen beldur, baina zalantza asko eta ziurgabetasun handia sortu zitzaizkidan.
Eta orain?
Orain, prozesu horren amaieran, ez dit beldurrik ematen heltzeak. Azkenean, bizitza norberarena da, eta nahi duena egin behar du bakoitzak.
2023an kaleratu zenuen 'Hemen berriro' zure aurreko diskoa. Azken bi urteotako heltze prozesu horrek eragina izan du zure musikan?
Bai, nik uste dut baietz. Saihetsezina da. Aurreko diskoa soul klasikoago batera bideratuta zegoen. Urteak edo hilabeteak pasatu ahala, eta heldu naizen heinean, nire belarria eta estiloa findu ditut. Pertsona gisa, eta musikari gisa ere bai. Hiri ilunen umeak diskoan, zehazki, elektronika gehiago sartu dut, doinu ilunagoetara joan naiz, ahotsaren tonua gehiago jaitsi dut. Baina ez dut nahita egin. Horrela suertatu da, eta inoiz ez dut esango atzera egingo ez dudanik.
Su motelean prestatutako lana dela esango zenuke?
Duela bi urteko udaran idatzi nuen Hiri ilunen umeak abestia. Bi urte pasatu dira diskoa sortu arte. Hasieran ez nuen argi disko bat sortu nahi nuenik; lau abestiz osatutako EP labur bat ateratzeko asmoa nuen. Eroso nengoen abestiak sortzen, eta animatu egin nintzen. Uste dut oso garrantzitsua dela norberaren erritmoa errespetatzea. Tamalez, gaur egungo musika ereduak eta sare sozialek azkar sortzera eta kontsumitzera behartzen gaituzte. Badirudi pilula motzetan egin behar ditugula gauzak, eta zeozer demostratu behar dugula. Musikariok esperientziak, kezkak eta kanpoan gertatzen direnak ditugu inspirazio iturri. Zerbait adierazteko eta aldarrikatzeko erabiltzen dudan erreminta bat da musika. Edukiekin obsesionatzen baldin bagara, ordea, balioa galduko du.
Musika sortzeko heldutasunari buruzko hausnarketak egin dituen beste artista batekin kolaboratu duzu diskoan: Olaia Inziarterekin.
Begietan abestia idatzi nuenean, banekien norbaitekin konpartitu nahi nuela, eta Olaia Inziarte etorri zitzaidan burura. Egia da bat egiten dugula gauza askotan: hura ere introspekzio prozesu horietan sartu da; gainera, asko miresten dut artista gisa. Argi izan nuen abestia emakume batekin konpartitu nahi nuela, eta hura oso eskuzabala izan da hasieratik. Oso ondo aritu gara elkarrekin.