Inperioa eta kulturak

Gontzal Agote.
2010eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Aurrez aurre inperialismoa ikusteko bi modu ziren. Lehena, etorkizunaren iragarlea omen zen, fantasiaren eremuan lausotuta. Bere sinpletasunean irakurketa ustez iraultzailea proposatzen zuen: «Zapaldu oro altxa bitez, izaki urdinek autodefentsarako eskubidea dute». XXI. mendean halakorik esatea, Guantanamorako zuzeneko txartela erostea da. Baina aldarri egiten duena industriaren seme kutuna bada, gutxienekoa da mezua.

Iraultza egin behar zuen bere burua unibertsoko erregetzat duen horrek. Dena zuen alde, Hollywoodeko pobretutako ahalguztidunek bedeinkazioa emana zioten. Hiru dimentsioen guru berriak, teknikaren bitartez salbatu behar zuen irudimenari lekurik egiten ez dion negozioa.

Nonbait, esplizituegia zen mezua, edo kaskarregia hura lau haizetara zabaltzeko prestatutako janzkera garestia. Txarteldegian jaun eta jabe izan dena, esku hutsik eta burumakur itzuli da Na'vi-en mundu artifizialegira.

Inperioaren gaurko eta biharko gudalekuetako bat ez da urdina, basamortuaren hondar kolorea du. Azken-aurreko enperadoreak, G.B. Bigarrenak, utzitako errautsen gainean, eguneroko gerraren kronika zehatza, gordina da. Mezu nabarmenik ez, politikoki zuzenaren eremu mugagabea baliatuta, ez alde, ez kontra. Dagoena da eta kito.

Baliabide gutxirekin eginda, oso diru gutxi jasoa bueltan. Eztanda egin behar duen lehergailua dela jakinik, tik-tak pausatua izan du. Miramax ekoizpen etxea guztiz hondoratu zen urtean, txiki batek esan du etorkizuneko Hollywood hori iragana errespetatzetik pasa behar dela, bidezidorrik gabe. Baina beste behin ere garaile nagusia inperialismoaz hitz egiten duen hirugarren filma izan da.

Atrezzoa, ohikoa. Soineko luze, smoking dotore eta eskandaluzko harribitxiak janzten dituzte protagonistek. Irribarre eta negarren gaua da. Denek krisia hizpide, denek garaile nahi. Zuzendariak urteroko funtzioa prestatu du, aspergarri samarra.

Inperioaren arauak malguak dira, austriarrak merezitako saria du, betiere dolarraren menpe egin badu. Afroamerikarrak ere berea hartuko du, enperadore berria haserretu ez dadin. Lehen aldiz otso bakartia ere igoko da taulara, gitarra etxean utzita. Eta bezperan munduko txarrena zen irribarre zabala, onena bihurtuko du argumentu zentzugabeak.

Harresitik kanpo, lelotutako ikusleok film errepikakor eta zaharkituta txalotuko dugu, esku-ahurretan mina izateraino. Azken finean, urdin ala hondar, «mundua» horixe baita: inperioak erabakitzen dituen pelikula horiek -aurrerantzean hamar direnak-, haien agindupean aritu diren langile ingelesdun horiek, haien industriak behar dituen sariak. Eta utzitako apurrekin kontent geldituko dira israeldar, argentinar, alemaniar, perutar, frantziar eta gainerako morroi guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.