Musika badago, baina ez guztiz itxita: jazza da. Mikel Gaztelurrutia pianistak Yo dantza ikuskizunerako propio sorturiko doinuekin dantzatzen dira Tempomobile taldeko dantzariak. Zuzenean aritzen da Gaztelurrutiak zuzentzen duen hirukotea, eta musika estiloari fidel, inprobisazioak ere izaten du tarterik haien lanean. Hartara moldatu beharra daukate dantzariek. «Erronka bat da», aitortu du Becky Siegel ikuskizunaren zuzendari eta koreografoak. «Musikarekin dantzatzen dute, baina ez musikari lotuta, eta ikaragarrizko askatasuna ematen du horrek. Gozamena da dantzariarentzat». Bihar izango dute estreinaldia Burlatako Kultur Etxean (Nafarroa), 20:00etan.
Ikuskizunaren gaiarekin lotuta dago dantzariek musikara moldatu behar hori, Siegelen hitzetan. «Dantzariek autonomia bat garatu behar izan dute inprobisazio horietara moldatzeko, eta oso interesgarria izan da prozesu hori, azken finean, nortasunaren bilaketa baita ikuskizunaren ardatza. Dantzari bakoitzak bere ni-ari egin behar izan dio aurre sorkuntza lanean».
Garai nahiko «frenetiko» baten ondoren, urtebetez bere estudioan zentratzea erabaki zuen Siegelek. Ikertzea beste helbururik gabe, printzipioz, eta sao horietatik sortu da Yo. «Nire ni-aren bila aritu nintzen, bilaketa bera helburu harturik». Etxean landutako mugimendu haietatik ideia batzuk sortu, eta Gaztelurrutiak helarazi zizkion kanta batzuetara moldatuz hasi zen Yo forma hartzen. «Gai asko lantzen dira ikuskizunean, nerabezaroarekin lotutakoak gehienak: gure baitako demonioen aurkako borroka, askatasunaren eta harrapatuta sentitzearen arteko gatazka... Gazteei zein helduei eragiten diguten gaiak dira, egia esan».
Bederatzi pieza ditu ikuskizunak, eta obrak aurrera egin ahala, progresio bat gertatzen da lau pertsonaiengan. Taula gainean galdu samar daude, hasiera batean, Andres Beraza, Diana Casas, Josune Castellot eta Julio Cesar Terrazas dantzariak. «Bakoitza bere buruaren bila dabil bakarka», dio Siegelek. «Bukaera aldera, baina, kontu kolektiboagoa bilakatzen da bakoitzaren ni-a. Plurala bilakatzen da nortasuna».
Dekorazioaren biluztasuna
Kartsuak eta indartsuak dira dantzarien mugimenduak. «Dentsoak», Siegelen hitzetan. Eta minimoa da dekorazioa, biluzia. Arropa eskegitzeko soka bat baino ez, agertokiaren alde batetik bestera. Kontrapuntu bat da: «Zuzeneko musika daukagu, eta oso indartsu eta konplexuak dira koreografiak. Nahikoa betetzen dute hotsek eta mugimenduek, eta airea eskaini nahi izan dugu biluztasun horrekin».
Urrian ziren lana aurkeztekoak, hasiera batean. Aurkezpena ere egin zuten prentsaren aurrean, baina dantzarietako bati apendizea kendu behar izan zioten, eta estreinaldia atzeratu egin zuten arrazoi horrengatik. Bihar izango dira, azkenik, taula gainean. Burlatako, Zizur Nagusiko, Barañaingo, Antsoaingo eta Noaingo udalen laguntzari esker sortu da ikuskizuna, eta, horregatik, Nafarroako bost herri horietan egingo dute ikuskizuna. Hilaren 28an Zizur Nagusian izango dira; otsailaren 4an, Noainen; otsailaren 11an, Antsoainen; eta hilaren 12an, Barañainen. Horiez gain, institutuko ikasleentzako erakustaldi bereziak ere egingo dituzte.
Inprobisazioaren askatasuna
Tempomobile dantza talde nafarrak 'Yo' estreinatuko du bihar Burlatan, nortasunari buruzko lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu