Guy Delisle. Marrazkilaria

«Inspiragarria da errealitatea, baina ongi kontatu behar da»

Ipar Koreara, Jerusalemera eta Txinara egindako bidaiei buruzko komikiengatik da ezagun mundu zabalean Guy Delisle komikilaria, eta bere azken lana aurkezten izan da Bilbon.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oraingoan galtzerdiari buelta ematea erabaki duela irudi lezake lehen begiratuan. Izan ere, lehen pertsonan kontatutako bidaia komikiek egin dute mundu zabalean ezagun Guy Delisle marrazkilaria (Quebec, 1966), baina benetako bahiketa baten kontakizuna kaleratu du orain. Txinan ikusitakoak bildu zituen Shenzhen lanean (2000), Ipar Korean emandako denboraldia kontatu zuen Pyongyang izenekoan (2003), eta Jerusalemen bertatik bertara ikusitakoak kontatu zituen Chroniques de Jérusalem liburuan (2011). Bidaia kronikak guztiak, eta lehen pertsonan beti. Baina ez oraingoan. Gobernuz kanpoko erakunde batentzat lanean zela Txetxenian 111 egun bahituta pasatu zituen Christophe Andre-ren historia kontatu du orain S'enfuir liburuan. Beste inoren bizipenak, beraz, eta gehien-gehienak gela itxi baten barruan pasatutakoak. Autoreak dioenez, ordea, azalekoa baino ez da kontrastea, oraingoan ere errealitatetik jaso baitu kontakizuna, eta oraingoan ere askatasuna baita liburuaren sakoneko gaia. Bilboko Astiberri argitaletxeak kaleratu du gazteleraz, eta haiek gonbidatuta izan da Euskal Herrian.

Ezagun egin zaituzten lanen negatibo moduko bat da lan hau, ez duzu uste?

Ipar Koreara bidaian zoazenean, esaterako, ikusten duzu haien askatasun maila ez dela Europan daukagunaren berdina. Ez dugu baimenik eskatu beharrik bidaiatzeko. Birmanian ere ez dute kanpora joateko aukerarik. Gazako palestinarrek ere ez dute aukerarik Gazatik ateratzeko, eta burura etortzen zitzaidan ea nola bizi zaitezkeen kilometro koadro batzuetan sartuta bizi beharko zarela jakinda. Zorakeria hutsa da, eta bahituta egotea da adibiderik muturrekoena. Iruditzen zait askatasuna dela nire bidaia liburuetan lantzen dudan gaietariko bat, eta, noski, baita oraingo honetan ere.

Cristophe Andre benetan bahitu zuten, eta komikiak haren benetako lekukotza du oinarri. Badirudi egun bakoitza erabateko detailez kontatu zizula.

Hala izan zen. Gertatu zen guztia kontatzeko eskatu nion, eta ia egunez eguneko kontakizuna egin zidan. Oso berezia da bere kasua, ihes egitea lortu zuelako. Berak kontatzen duenez, handiago sentitzen zen esperientzia haren ondoren. Ez zuen arazorik bizi izandakoari buruz hitz egiteko, eta xehetasun guztiez galdetzeko aukera ematen zidan horrek niri. Gainera, amaiera zoriontsua du istorioak, eta hori irudikatzea polita izan zitekeela pentsatu nuen.

Errealitatea da beti zure lehengaia. Zergatik suertatzen zaizu hain inspiragarria?

Umeekin berdin gertatzen zait. Ikusten ditut etxean, eta pentsatzen dut, «hara, interesgarria da hori». [Bere aitatasunari buruzko kontakizunak biltzen ditu Le guide du Mauvais Père liburuak]. Inspirazio iturri ona da errealitatea, baina, noski, azkenean, interesgarri kontatu behar duzu kontatu beharrekoa. Horregatik erabaki nuen bahiketaren liburuan, adibidez, kontakizun osoa bahiketa gunean kokatzea, eta kontatu gabe utzi nituen Parisen martxan ziren negoziazioak. Akaso errazagoa izango zen horiek ere kontatu banitu, eta ikusgarriagoa ere bai, baina bere esperientzian murgiltzea erabaki nuen.

Umorea da zure lanen beste konstanteetariko bat, baita bahiketari buruzko lanean ere. Beti behar da umorea?

Hori da istorioak kontatzeko nire modua. Niri gustatzen zait kontakizunek puntu umoretsu bat dutenean. Egia da bahiketaren kasuan ez zegoela umorerako tarte handirik, baina Cristophek ere [Andrek] umore pixka bat erabili zuen bahiketari aurre egiteko, eta baliatu egin nuen hori liburuan.

Pyongyan edo Jerusalemgo egoera deskribatzen duzunean, esaterako, esango nuke saiatzen zarela salaketa saihestu eta han ikusten duzuna erakustera mugatzen. Hala da?

Noski, nik neuk ere badut nire iritzia gai horiei buruz, baina ez dut arrazoirik ikusten irakurleari nire iritzia inposatzeko. Besterik gabe, harekin batera nabil kalean. Noski, nire ikuspegia subjektiboa da, eta irakurleak ere badaki hori. Horregatik iruditzen zait hain zintzoa autobiografia lantzea, irakurleak ikus dezakeelako nondik begiratzen duzun. Nora joaten naizen eta zer erakusten dudan, ikusita, bistakoa da, adibidez, oso bidegabea dela palestinarren egoera. Ez dut idatzi beharrik, nahikoa dut erakustea. Akaso indartsuagoa da hori.

Errealitatea abiapuntu hartzen duen Joe Sacco komikigilearekin konparatu zenuen zeure burua elkarrizketa batean. Berak kazetaritza egiten duela esaten zenuen, eta zuk, berriz, postalak egiten dituzula.

Hala sentitzen dut, bai. Joe Sacco kazetaria da formazioz, eta oso ongi idazten du, gainera. Bera gai zehatz bat lantzeko ideiarekin joaten da Gazara, adibidez, eta dokumentazio lana egiten du. Nik ez. Nire emaztearekin batera joaten naiz ni batetik bestera [Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko kide da], eta, gauza interesgarriak topatuz gero, ba, liburu bat ateratzen dut, eta, bestela, ba, etxera bueltatzen naiz, eta kito. Gutxi batzuetan pasatu zait.

Etsigarri egiten zaizu libururik gabe bueltatzea?

Ez. Vietnamen hartu nituen oharrak, ongi pasatu nuen, baina kito. Ez nuen esateko gehiago. Turistikoegia zen niretzat.

Bizilagunak ezkontza bat ospatzen ikusten dituzu Jerusalemi buruzko liburuan. Guztiak gizonak direla esaten duzu lehenik, eta gero zera gehitzen duzu: «Komiki azoketan bezala».

[Irribarrez] Bai, hala izaten zen lehen. Orain, esango nuke erdi eta erdi izaten direla sinadura eske etortzen zaizkidanak. Asko aldatu dira gauzak. Ikusi ditut publikoan ere neska bakar bat ere ez zeukaten komiki jaialdiak. Oso etsigarria zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.