Maite Arroitajauregi, 'Mursego'. Musikaria

«Instrumentuak gehitzen ikusten dut neure burua»

Esperimentazioak aberastu egiten du, bai musikalki eta baita pertsonalki ere, eta horren isla da 'Hiru' lana. Aurreiritzirik gabe sortzen du, eta nahiz eta eskaintzen duena oso pertsonala izan, ez da aitzindari sentitzen: «Diskoan aditzen dena egina zegoen».

Igor Susaeta.
Eibar
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Apur bat kezkatuta heldu da hitzordura Maite Arroitajauregi, Mursego (Eibar, Gipuzkoa, 1977). Bizilagun bat kexatu zaio, goizean, entseatzen zarata egiten duela eta. «Inoiz ez zait halakorik gertatu». Asko entseatzen du. «Baina behar dut, eta merezi du, gainera». Saio horien emaitza da Hiru lana, bere ibilbideko hirugarrena. Durangon eta Deustuan (Bizkaia) aurkeztu zuen abenduan, eta Donostiako Lugaritz kultur etxean arituko da datorren ostiralean, Ibon Rodriguez eta Xabier Montoia lagun dituela oholtzan. «Sorpresaren bat ere egongo da kontzertu horretan... Bestela, ohikoena izango da nik bakarrik jotzea». Elkarrizketa bukatuta, badoa, oinez, lanera. «Haurren musika irakaslea naiz».

Aurreiritzirik ez duen pertsona batek sortu behar du halako disko bat, derrigorrean. Entzuleari ere aurreiritzirik ez izateko eskatuko al zenioke?

Aurreiritziek kalte besterik ez dute egiten bizitzaren arlo guztietan, ez? Entzuleari hori eskatuko ote nion... Tira, musika egiterakoan edo aditzerakoan ez daukat aurreiritzirik, eta bestela ere saiatzen naiz koherentea izaten eta aurreiritzirik ez edukitzen. Nahi dudana egiten dut [musikalki]; sudur puntan jartzen zaidana; edo modu poetikoago batean nahi baduzu, barrenak eskatzen didana [umorez].

Baina badakizu musika aditzeko orduan aurreiritzi asko daudela...

Musika guztia entzun beharko litzateke aurreiritzirik gabe, mugarik gabe. Ezin da pentsatu, sentitu egin behar da. Baina ez nire musika, e? Orokorrean ari naiz.

Hurbildu izan al zara aurreiritziekin musika motaren batera?

Geroz eta gutxiagotan gertatzen zait, geroz eta musika mota gehiago gustatzen zaizkidala uste dut eta. Adibidez, mainstream musikan, 40 Principalesen-eta aditzen diren abesti horien artean ere, egoten dira ale onak batzuetan. La camisa negra [Juanes], adibidez, sekulako hit-a iruditzen zait [irribarrez]. Gustuen araberakoa da. Pentsatzen dut adinarekin ikasi dudala... Ahalegintzen naiz abesti horietako batzuk apur bat analizatzen, eta ikusten dut kantu on batzuk badaudela, mainstream izanagatik. Gero, kontrara, suposatzen da Radio 3 dela erreferentea musikan, mainstream ez diren taldeei lekua egiten diena, baina aditzen dituzu kantuak hor, eta badaude niretzat onak ez direnak. Rockdelux aldizkariak atera duen azkeneko diskotik, esaterako, Nick Cave eta Janelle Monaele bakarrik gustatu zaizkit.

Lehen diskoa (Bat, 2009)jotzen duzu esperimentutzat, eta iruditzen zaizu oraingo honetako kantuak aurreko bi lanetakoak baino kantuago direla; garapen pertsonal eta musikal baten emaitza direla. Halere, oraindik ere esperimentutik asko dutela iruditzen al zaizu? Izan ere, ez da ohikoena tango doinuak edo afrikarrak molde horretan aditzea, adibidez.

Bai, denek daukate esperimentazio puntu bat. Tangoa bera da tangoa, baina nahi nuen dekonstruitu-edo, saiatu ahotsarekin hainbat zarata egiten... [diskoa hartu du eskuetan eta atzealdeari begira jarri da] Cumbia generoa oso itxia da, Erdialdeko Amerikan oso herrikoia. Ni saiatu nintzen nirera ekartzen. Nola? Ba euskaraz egiten, hitzei ironiaren bidez saltsa pixka bat ematen... Otte abestian ere errezitatu egiten dut aurrenekoz... Instrumentu berriak ere erabili ditut; Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen abestian pianoa jotzen dut, adibidez, eta orain arte pianorik grabatu gabe nengoen.

Abestiak egiten ari zarenean arriskatu egiten zarela pentsatzen al duzu? Izan ere, zuk zeuk diozu: «Errezitatu gabe nengoen; pianoa sekula grabatu gabe...».

Bai, baina beharrezkoa dela uste dut, bestela... Askotan pentsatzen dut neure artean: «Ez badut zerbait gehiago bilatzen, ez badut eboluzionatzen, ez badago bilakaera bat nire egitekoan, zertarako egiten dut musika?». Hori oso inportantea da; horrek ematen dit gauzak egiteko gogoa. Zer egingo dut? Beti bezala txeloarekin kantu bat, eta gainetik zerbait jarri? Ez.

Eta sentitzen al duzu bertigorik bilaketa horretan zabiltzanean?

Ez, bestela ez nuke egingo.

Sortutakoa segituan beste norbaiti erakusten diotenetakoa al zara?

Ez. Buelta asko ematen dizkiot, eta modu askotara egiten dut, ni neu konbentzitzen nauen arte. Orduan erakutsi ahal dut, baina ez da sistemaz egiten dudan zerbait. Eta erakusten badut eta entzun duenak ez zaiola gustatzen esaten badit, berdin zait; izan ere, niri gustatzea nahikoa izaten da. Ulertzen al didazu?

Nondik dator eklektikotasun hori, instrumentu baten edo elementu baten soinua hartu, bestearena, eta beldurrik gabe nahasteko gogo eta determinazio hori?

Pentsatzen dut esperimentatzeko gogo horretatik datorrela. Gainera, esperimentatzeak aberastu egiten nau, bai pertsonalki eta baita musikalki ere.

Joko bat moduan hartzen duzu?

Bai,bai. Askotan, jolasten ikasten da, ez? Nire semearekin ikusten dut. Askotan, adibidez, bertsioak egiten ditut, eta hori egitea da, hain zuzen, jolasteko eta ikasteko modu bat.

Jolas hori azkenean hutsal bihur zitekeen beldurrik izan al duzu inoiz?

Hori gerta litekeela ikusten badut, jarraitzen dut ideiari bueltak eta bueltak ematen. Bai, jolas hori hasieran izan daiteke hutsala, baina bihur liteke zerbait sakonagoa bueltak ematearen ondorioz.

Alderdi estetikoan dudarik edukitzen al duzu?

Bai... Une batean pentsatu nuen, kantuak hain ezberdinak izanik diskoak ez zuela ildorik edukiko. Hori zen nire beldurretako bat... Baina, tira, uste dut baduela.

Karlos Osinaga Txap-ek esan du ildo hori zinematografikoa dela.

Bai, izan daiteke. Besteren batek ere esan du.

Formazio klasikoa duzu, eta txelo jotzaile gisa hasi zinen. Zer pisu du orain tresna horrek zure sortze prozesuan? Jada erabatekoa ez dela dirudi...

Ez, ez du erabatekoa, galdu du.

Penarik-edo ematen al dizu?

Nire amari bai [umorez]. Niri ez. Bai, ni banaiz txelo jotzailea, baina beharbada asko esatea den arren —aho txikiarekin esango dut—, igual pixkanaka ari naiz ikusten neure burua gehiago musikari moduan txelo jotzaile moduan baino. Orain, ez dakit nola esan, gehiago naiz musikari-sortzaile.

Nolakoa izaten da sortze prozesu hori?

Kantuaren araberakoa izaten da. Beti ez naiz txeloarekin hasten. Akordeak-eta era globalagoan pentsatzeko, askotan pianoa jotzen dut, adibidez. Nietzsche... hasi zen txelo batekin, baina gero pianoa sartu nion. Berlin sutan-en, harmoniak egiteko, pianora jo nuen. Igarri dut, adibidez, pianora askotan jo dudala, nahiz eta gero kantuetan ez aditu.

Txeloa, pianoa, ukelelea, autoharpa, xilofonoa... Hamaika instrumentu jo dituzu. Zergatik? Bakoitzak entzulearen belarrian edo barrenean zerbait oso diferentea aportatu dezakeelakoan zaudelako?

Kantuak eskatzen dituen instrumentuak erabiltzen ditut. Ukelelea, esaterako, ez nekien jotzen; orduan, ikasi nuen jotzen, propio, abesti baterako [umorez].

Ez da prozesu ohikoena.

Ez, ez [barrez]. Errezitatzea ere, adibidez, oso zaila da. Grabatu baino lehenago, Ibonek [Rodriguez] esaten zidan: «Ikusiko duzu, kantatzea baino zailagoa da». Nik kasurik ere ez nion egiten... Hori egiten ere asko ikasi dut: ahotsa nola erabili, nola ahoskatu...

Instrumentazio hori guztia, jantzi hori, soiltzea izan daiteke emango duzun hurrengo pausoa?

Tira, hori ondo egongo zen...

Edo, hain zuzen, instrumentu nahasketa hori da zure indarguneetako bat?

Asko gustatzen zaizkit abesti oso biluziak; gitarrarekin, edo Maddi Oihenart bere ahotsarekin bakarrik kantatzen. Kantuek eta diskoek indar handia hartzen dute instrumentuak kenduta. Baina ni... Etxea instrumentuz beteta daukat. Oraingoz, instrumentu gehiago gehitzen dut ikusten dut neure burua. Edo asko-asko gehitzen, edo asko-asko kentzen.

Hitzetako gaietan keinu zinematografiak egiten dituzu; poesia ere errezitatzen duzu bizpahiru abestitan, eta abestietako dezenteri umorea darie. Hiru elementu horiek, zinemak, poesiak eta umoreak zer garrantzi daukate zure egitekoan?

Umorea oso-oso garrantzitsua da orokorrean. Zinemazalea naiz. Eta poesiarena, Rafa Berriorekin egindako Phantasma lanetik dator pixka bat; hark sartu zidan poesiarako grina, harengandik asko ikasi dut.

Deskontestualizazioa ere maite duzula dirudi, joko asko ematen dizula sortzeko. Cumbia bat kokatu duzu zure sorterrian, eta Euskal Herriko herriak afrikartu dituzu abesti baten hitzetan, adibidez.

Bai, maite dut. Deskontestualizazio horri esker umorea landu dezaket, eta, gainera, sorpresaren bila aritu. Ez dakit, apur bat harroputza naizela pentsa dezake norbaitek, baina...[umorez]. Askotan pentsatzen dut niri zer gustatuko litzaidakeen entzule moduan. Ba musikari bat hitzetan umorea duena; ba joatea kontzertu batera eta pixka batdantza egitea —honekin dantza asko egin ezin daitekeen arren—... Zer eskatzen diot musikari bati edo orkestra bati? Ba, saiatzen naiz hori egiten. Eta, zergatik ez, ba Otte abestian jota bat sartu... Nahaste-borraste hori gustatzen zait gauza guztietan; aberasgarria dela uste dut.

Grabatutako soinu horiek guztiak zuzeneko emanaldietara eramatea da orain zure erronka, «baina intentsitaterik galdu gabe». Orain arte loop pedalaren bidez sortutako soinu geruzen bidez egiten zenuen. Hemendik aurrera?

Ahalegindu naiz loop-ak laburtzen, denboraren erdian egiten. Trikimailutxoak dira.

Modu batean edo bestean bide urratzaile edo zerbaiten aitzindari sentitzen zara?

Ez [ziur]. Gehiegi esatea da.

10-15 urte atzera egin, eta zaila zen Euskal Herrian horrelako disko bat egingo zenik irudikatzea. Sentipen bera al zenuen?

Bai... Ez dakit... Diskoan aditzen dena eginda zegoen aurretik; kontua da nik beste modu batean egiten dudala, edo hori uste dut... Afrikako disko bat jartzen duzu, eta badaude nik erabiltzen ditudan erritmoak. Kontua da nik moldatu egiten dudala, eta hemen egiten dudala, eta hemen gutxi garela, eta betikoa... Eta gure hizkuntza propioa dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.