Intuizioa arrazoiaren gainetik

Fernando Amarika artistaren 32 lan bildu ditu Lizarrako Gustavo de Maeztu museoak; horietako batzuk inoiz erakutsi gabeak diraMaezturen 35 laneko bilduma jarri dute, era berean, Arabako Arte Ederren Museoan

Fernando Amarika margolari gasteiztarraren 32 lan jarri dituzte Lizarrako Gustavo de Maeztu museoan; sekula erakutsi gabeak dira haietariko batzuk. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Lizarra
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Intuizioa arrazoiaren gainetik, bat-batekoa hausnartuaren gainetik, sentitutakoa pentsatutakoaren gainetik». Mailaketa horren arabera pintatzen zituen koadroak Fernando Amarikak (Gasteiz, 1866-1956). «Askatasunez», Paloma Apellaniz arte adituaren hitzetan. Diru arazorik ez zuen, eta enkarguzko lan askorik egin beharrik gabe, nahi zuena margotzen zuen. Hunkitzen zuen hori, lilura pizten zion hura; paisaiak, batez ere. Arabako Arte Ederren Museoan erakusketa iraunkorra du artistak, eta asko dira haren lanak dituzten bildumak. Baina, hala ere, bada haren ibilbidean ezagun ez den lanik. Gerizpean den Amarika hori azaleratzea izan da Apellanizen lana. Fernando Amarika (1866-1956). Begirada berriak erakusketa antolatu du horretarako. Hogei urte bete berri dituen Lizarrako Gustavo de Maeztu museoan dago ikusgai.

Guztira, 32 lan bildu dituzte, eta kronologikoki antolatu dute bilduma. Amarika gaztetik hasi, eta Amarika zaharrera heldu arte. Bi koadro aipatzen ditu Apellanizek artistaren garapena azaltzeko. 1894koa da bata, eta 1955ekoa bestea. Zadorra ibai ertzeko bi sahats zahar ageri dituzte biek. Zuhaitz berberak, baina artista gazteak eta artista zaharrak margotuta. Akademizista da lehen koadroa; marrazkia da printzipala, kolorea dator gero, eta konposizioa, azkenik. Bestelakoa da Amarika zaharraren ikuspegia. «Sahats berak dira 1959ko koadrokoak, paisaia bera da, inguru bera, baina bizitza oso bateko lana dute gainean». Garuna da nagusi Amarika gaztearen lanean, bihotza eta esperientzia zaharrarenean. Begietatik margotutakoak dira gaztearen sahatsak; oroitzapenetik egindakoak, berriz, zaharrarenak. Emozio handiagokoak.

«Autodidakta» izan zen Amarika, Apellanizen hitzetan. Parisen inpresionistak ezagutu zituen, eta haien eragina nabarmena da Gasteizko artistarengan. Nabarmena da haien itzala 1904an margotutako urmaelen bi koadroetan. Orain arte sekula erakutsi gabeak. Monetek eta Sisleyk hunkitu zuten, bereziki, baina ezin esan Amarika margolari inpresionista hutsa denik. Zahartzen joan ahala, espresionismorantz hurbildu zen. «Lilurarazten zuen hura artelanetan zuzenean transmititu nahi zuen».

Nabarmena da iheskor den hori harrapatu nahia 1940tik 1955erako Amarikaren lanetan. Bizia da haren margokera, arina. Oso materia gutxiko lanak dira haren azken garai horretakoak. Apenas estaltzen zituen pinturak, zenbaitetan, margotzen hasi aurretik oihal gainean arkatzez egindako prestaketa lanak. Lizarrari buruzkoa da bilduma ixten duen azken koadroa. Hil aurreko urtean margotutakoa. Estudioan egindako paisaia bat. «Oroitzapenak dira», dio Apellanizek. «Eta horregatik sentitzen zuen paisaia horrek piztutako emozioa eta sentimendua transmititu nahia».

Maezturen lanak Gasteizen

Joan-etorriko bidaia da, ordea, Lizarrako Gustavo de Maeztu museoak proposatzen duena. Lagunak ziren Fernando Amarika eta Gustavo de Maeztu (Gasteiz, 1887-Lizarra, 1947). Pinturan joera ezberdinak hartu zituzten arren, handia zen bi gasteiztarrek elkarri zioten errespetu eta mirespena. «Sentsualagoa eta paisaia zaleagoa zen Amarika», azaldu du Apellanizek; «Maeztu, ordea, kontzeptualagoa zen, modernistagoa», zehaztu du Paredesek. Lagunak, hala ere. Eta elkarrizketan jarri dituzte, horregatik. Amarikari leku bat egin dio Lizarrako museoak, eta beste horrenbeste egin du Arabakoak Arte Ederren Museoak Maezturekin.

Uda osoan izango dira Maezturen lanak ikusgai Gasteizen. 35 artelanek osatzen dute bilduma, eta artistaren lan ezagunenetariko batzuk ere badaude tartean: Dantzari klasikoa, Gaueko musa eta artistaren autorretratua. «Maezturen lanaren lagin erakusgarri bat da», Paredesen hitzetan. Artistaren garai guztietako lanak dira ikusgai, baina gaika dago antolatuta bilduma. Irailaren 4ra arte egongo dira bi erakusketak irekita, elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.