Hiru inurri dira. Pili, Mili eta Wili. Erbesteratutako hiru inurri. Errendimenduaren sinboloak eta haren disidenteak. «Normalitatera» egin nahi dute bidaia, derrigorrezko lanik ez dagoen lekura, «ustezko paradisura». Baina oro ez da urre, eta azkar jabetuko dira normalitatea izan litekeela kondenarik astunena. Artxibo nazional batera iritsiko dira inurritegitik ihes eginda, eta han aurkituko dituzten askotariko materialek emango diete gizakiaren egiazko bizimoduaren berri. Egungo bizimoduaren zein haren iragan hurbileko zenbait pasarteren berri; bereziki, Espainiako Gobernuak diseinatu eta Hego Euskal Herrian indarrean egon zen Alfer eta Gaizkileen Legearena. Hari zor dio partez izena, bada, Gilkitxaro antzerki taldearen lan berrienak: Alperrak, tunanteak, maleanteak. Ane Zabala taldeko kidearen esanetan, estimuluei eta errendimenduari gorazarre egiten zaien sasoi betean, alferkeriaren aldeko defentsa zuzena ere egin gura du piezak: «Egonean egotearen defentsa, ezer ere egin gabe, ezta antzeztu ere!».
Bilboko Lautan Hiru jaialdiaren laguntza jaso zuen antzezlanak —Euskaltzaindiak, Birak, Cafe Bar Bilbaok eta 7 Katu gaztetxeak elkarlanean antolatzen dute—, eta bertan egin zuen estreinaldia taldeak. Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean ere erakutsi zuten gero, baina etenaldi baten ostean, bihar ekingo diote ostera lana oholtzaratzeari. Plentzian izango da (Bizkaia), Danontzat gaztetxean, eta hilabetea amaitu aurretik, Ozetara (Araba), Bilbora eta Iurretara (Bizkaia) ere eramango dute.
«[Alfer eta Gaizkileen Legea] lege hori ikaragarria da. Ez zituen homosexualak bakarrik zigortzen; ezberdinak ziren denak zigortzen zituen: gorrak, askotariko sindromeak zituzten pertsonak, mozkortiak...»
ANE ZABALAAntzerkigilea
Pieza laburra da —35-40 minutu ingurukoa—, eta «thriller komiko-politiko» gisa ere har daiteke, egileen esanetan. Gaur egungo «gaindosi produktiboari» egin nahi zioten kritikatik abiatu ziren, eta hori da antzezlanaren ardatzetako bat. «Ematen baitu ez baduzu ezer egiten ez zarela baliagarria, ez kapitalismoarentzat behintzat; baina ezer ez egitea ere interesgarria izan daiteke», esan du Zabalak, eta zehaztu «ustezko ezer egitea» dela askotan arazoaren alderik minena. «Sare sozialetan, adibidez; scroll eta scroll zabiltzala, pentsa dezakezu alferkerian zaudela, baina, berez, beste batzuentzat ari zara lanean».
Antzezlanaren beste ezaugarri deigarri bat, halaber, memoriari egin dioten lekua da, «arina» izanik ere. Bartzelonan ikusitako erakusketa batek eman zien hartarako ideia antzerkigileei. «Espainiako Alfer eta Gaizkileen Legearen ingurukoa zen erakusketa: lege hori ikaragarria da. Azken aldiz 1978an aplikatu bazen ere, 1995. urtera arte egon zen indarrean, eta ez zituen homosexualak bakarrik zigortzen; ezberdinak ziren denak zigortzen zituen: gorrak, askotariko sindromeak zituzten pertsonak, mozkortiak... ». Gogoeta eta umorea uztartuta, absurdoaren lengoaiaz jantziz josi dute guztia, baina ukitu «dokumental» hori ere elementu giltzarria bihurtu da antzezlanean. «Badakigu, adibidez, Bilbon epaitegi berezi bat egon zela lege hura aplikatu zuena, baina azaletik ageri da, komedia absurdo bat egitea izan baita asmoa».
Anplifikaziorik gabe
Pili inurriaren rola jokatzen du Zabalak antzezlanean; Galder Perezek, Milirena, eta Ander Garcia de Bikuñak, Wilirena. «Jarraian esanda, ematen du bat direla, Pili-Mili-Wili, badoaz», esan du Zabalak. Bigarren aldiz aritu dira hirurak elkarrekin lanean; aurrekoa Identitarteak antzezlana izan zen, baina orduan Garcia de Bikuña gehiago arduratu zen espazio sonoroaz —musikaria ere bada—, eta oraingoan, berriz, aktore moduan ari da hura ere. Zabalak nabarmendu duenez, haiei benetan ondo pasarazten die obrak, eta irudipena du sormen prozesuak ekarri duela hori: «Aurrekoan, ja martxan zegoen proiektu batera batu zen Aitor, baina oraingoan hirurok aritu gara hasieratik, eta pausatua izan da prozesua; oso prozesu polita. Hirurok nahi genuen horrela kontatu, eta entseguak ere oso gozagarriak izan dira».
Leku txikian, hirurak egongo dira une oro agertokian, eta albait hurbilen izango dute publikoa. Izan ere, eszenaratzea pentsatzeko orduan, sinpletasunera jotzea hartu dute oinarrizko premisa modura, soinurik ez anplifikatzea, eta argia ere, lanpara txiki batez gain, euren gorputzetan eramatea. «Dena guk geuk egiten dugu; hasieratik hori jarri genion geure buruari lanerako premisa modura». Bi entxufe baino ez dituzte behar, lanpararako bat eta erretroproiektore batentzako bestea. Zabala: «Ez dago artifizio handirik, ez soinuetan, ez argietan. Erabiltzen ditugun gauza guztiak dira gauza txikiak. Estreinaldira inori ezer erakutsi gabe joan ginen, eta beldurra bagenuen, baina erantzuna ona izan da; pozik gaude».
EMANALDIAK
- Maiatzak 16. Plentzia, Danontzat gaztetxea (Bizkaia).
- Maiatzak 23. Ozeta, Garaion Sorgingunea (Araba).
- Maiatzak 27. Bilbo, Kafe Antzokia.
- Maiatzak 30. Iurreta, Abadetxea (Bizkaia).
- Ekainak 27. Iruñea, San Frantzisko.