Gutxi falta da hasiera emateko Ikuspuntu Zinema Dokumentalaren Nafarroako Jaialdi Nazioartekoaren XVI. aldiari; martxoaren 14tik 19ra arte egingo dute. Programazio oparoa taxutu dute festibalerako: 100 film inguru proiektatuko dituzte, hogei herrialde baino gehiagotakoak. Tartean, bi estreinaldi izango dira: Ione Atenearen Los caballos mueren al amanecer eta Javier Codesalen Evangelio mayor. Hitzaldiak, mahai inguruak, performanceak, Arga ibaian paseoa eta beste egiteko aukera ere izango da.
Atzo egin zuten jaialdiaren aurkezpena, egitarauaren xehetasun guztiak emateko. Zazpi atal nagusi izango ditu: Sail Ofiziala, Atzera Begiradak, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Hezkuntza Programa. Berriak dira Lan eta Kontaktuak sailak; lehenak, atalen sorkuntzako eta ekoizpeneko prozesuak ditu ardatz; eta, bigarrena, berriz, bidea izango da zinema «sorkuntzaren eta ezagutzaren beste diziplina batzuetara irekitzen» jarraitzeko.
Antolatzaileen arabera, publiko guztientzako proposamenak jaso dituzte. Bi atzera begirako izango dira: Marokoko zinema dokumentalaren hastapenari buruzkoa, eta ibaien ingurukoa, «zinemaren historian agertu izan diren elementu sozial eta natural gisa». Proiekzio, aurkezpen eta solasaldiez gain, gai horiekin lotutako gonbidatuak izango dira, eta eztabaidarako jarduerak ere prestatu dituzte.
Jaialdian ikusi ahalko diren lanen artean daude, besteak beste, Nira Bursteinen Charm Circle ; Luca Ferriren Mille cipressi; Yuri Muraokaren Transparent, I am; Julio Fermepin Narciso; eta Laure Portierren Soy libre.
Nafarren presentzia
Nafarroak ordezkaritza «garrantzitsua» izango duela azpimarratu zuten: «Gure ikus-entzunezkoen industriak bizi duen sasoi onaren adierazgarri da». Hala nola Ione Atenea zinemagilearen filmarekin inauguratuko dute jaialdia; Arantza Santestebanek918 gau aurkeztuko du Sail Ofizialean; eta San Simón 62 filma estreinatuko dute —X Films proiektuaren azkenaldiko garailea izan zen, eta urte osoan ibili dira Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarri Nafarroan barrena filma grabatzen—. Nafarroako ibaiak ere presente egongo dira.
Ione Atenearen filmarekin hasiko da Ikuspuntu jaialdia, astelehenean
Astelehenetik larunbatera, ehun film inguru ikusi ahalko dira, Iruñean. Santestebanen '918 gau' lanaren Euskal Herriko estreinaldia tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu