Tom Jobim musikaria eta Vinicius de Moraes poeta eta musikaria arratsalde-pasan ibili ohi ziren Brasilgo Rio de Janeiroko Ipanema auzoan. 1962ko arratsalde horietako batean Bar do Veloso tabernan zeudela, 17 urteko neska karioka lirain eta eder bat ikusi zuten hondartzara bidean. Jobim erabat liluraturik gelditu zen neskarekin, eta maitasun une horretatik sortu zen Garota de Ipanema bossa novako abesti ezagunenetakoa.
Mende erdia igaro da Jobimek eta De Moraesek abestia sortu zutenetik, eta Brasilgo musikaren ikurretako bat bilakatu da. Jatorrizko abestia portugesez izan arren, hainbat egokitzapen egin dira, ezagunena ingelesez, The Girl of Ipanema. Jobimek lehen aldiz interpretatu zuen abestia 1962ko abuztuan —abuztuaren 1ean iturri batzuen arabera; abuztuaren 2an edo 12an beste batzuei kasu eginez gero—, Copacabanako Au Bon Gourmet jatetxean, De Moraes, Joao Gilberto, Otavio Bailly, Milton Banana eta Os Cariocas abeslari taldearekin batera. Hasieran, abestiak Menina que passa izena zuen, baina Brasilgo musika mugimenduarekin lotu zezaten aldatu zioten izena. Ondoren, 1964an abestia argitaratu zuten Getz/Gilberto diskoan, Astrid Gilbertok abestuta. Erabateko arrakasta izan zuen, eta garai hartako Brasilgo garapen ekonomiko eta sozialaren ikur bilakatu zen.
Abestiaren arrakastaren arrazoietako bat Ipanemako neskaren misterioa zen. Jobimek eta De Moraesek ez zuten neska nor zen esan. Heloisa Eneida de Menezes Paes Pinto, gaur egun Helo Pinheiro, zen neskaren izena. Jobim erabat maiteminduta zegoen, eta azkenik, harekin hitz egitera ausartu zen. Neskak ez zekien ezer, eta ezustean harrapatu zuen albisteak. Ipanemako neskaren nortasuna agerian gelditu ondoren, kontratu mordoa eskaini zizkioten Pinheirori, baina denak baztertu zituen. «60ko hamarkada zen, eta ni familia oneko neska nintzen», adierazi du urte batzuk beranduago Pinheirok: «Nire adineko mutil batekin ezkontzekoa nintzen. Garai hartan, neska gazteen etorkizun bakarra ezkontzea, umeak izatea eta etxekoandre bihurtzea zen. Eta horixe bihurtu nintzen».
Urteak igaro ziren, eta Pinheiroren senarraren negozioek porrot egin zuten. Egoera horri aurre egiteko, Pinheirok berriz ere Ipanemako neska bihurtzea erabaki zuen. «Pena handia eman zidan amodiozko anekdota eder hori dirua ateratzeko negozio bihurtzea, baina beharrezkoa nuen». 17 urterekin Ipanematik paseatzen zen neskak 67 urte ditu orain, eta oraindik abestiak eskainitako fama du bizibide. Garota de Ipanema izeneko dendaren jabea da Sao Paulon, eta emakumeentzako hondartzarako bainujantziak saltzen ditu. Jobimen eta De Moraesen senideek haren aurkako helegitea jarri zuten duela urte batzuk, ez zuela abestiaren sorkuntzan parte hartu argudiatuta. Epaia irabazi zuen Pinheirok.
Ezinezko amodio istorioa
Jobimek Pinheiro lehen aldiz ikusi zuenean esan zion De Moraes lagunari: «Nao a coisa mais linda?» («Ez al da gauzarik ederrena?»). De Moralesek arrazoia eman zion: «E a coisa cheia de gracia» («Xarmangarria da»). Hain zuzen ere, bi esaldi horiek abestiaren hitzen zati bihurtu ziren. Jobimi asko kostatu zitzaion neskarengana gerturatzea, baina azkenean, 1965an elkar ezagutu zuten. Garai hartan Jobim ezkonduta zegoen, eta bi seme-alaba zituen. Hori gutxi balitz, neskaren adina bikoizten zuen. Baina guztiz txoratuta zegoen harekin, eta ezkontzeko eskatu zion. Neskak ezetz esan zion, eta horren ordez, mutil-lagunarekin ezkontza aurreratu zuen. «Nire familia oso zorrotza zen; aita militarra zen, eta nire etorkizuna erabakita zegoen. Ez zitzaien batere gustatu prentsa nire atzetik ibiltzea, eta mundu hartatik urrundu ninduten», dio Pinheirok. Jobim eta neska lagun onak izan ziren musikariaren heriotza arte.
Bossa novaren sortzaileak
Jobim, De Moraes eta Gilberto musikariek lehen aldiz Garota de Ipanema abestia interpretatu zutenean, oraindik bossa nova mugimendua jaiotzear zegoen. Hain zuzen ere, musikari horiek izan ziren musika estiloaren sortzaile eta bultzatzaileak. Rio de Janeiron berritasuna zen bossa nova, izenak dioen bezala, musika egiteko forma berria sortzen ari zen, jazza eta Brasilgo musika, sanba, nahasten zituena.
Sanba zen orduan Brasilen arrakasta handiena zuen musika estiloa, erritmo bizikoa eta indartsua. Bossa nova aldiz leuna zen, ordura arte inoiz entzun gabeko abesti lirain eta barnekoak.
Bossa nova Au Bon Gourmeten antzeko tokietan jaio zen, 60ko hamarkadan. Halako toki txikiek arrakasta itzela izan zuten, eta musika mugimendua bultzatu zuten.
AEBetan ere arrakasta handia izan zuen bossa novak. Frank Sinatrak egokitzapen bat egin zuen Jobimekin batera, eta Madonnak ere abestu zuen 1993an. 1994an AEBetan gehien entzundako abestien artean sartu zuten. Mugimendu horren sortzaileak hilik daude jada: De Moraes Rio de Janeiron hil zen, 1980an, 63 urterekin; Jobim New Yorken, 1994an, 67 urterekin. Bi lagunak batera ehortzi zituzten Rio De Janeiron.
Ipanemako neskaren amodio istorioak mende erdia bete du
Tom Jobim eta Vinicius de Moraes musikariek idatzitako 'Garota de Ipanema' abestia bossa novaren ikurra da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu