Bere ametsetako bat betetzen ari da Kepa Junkera musikaria, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera argitaratu berri duen Ipar Haizea diskoari esker. Hiri Records etxeak argitaratu du, eta aste honetan jarriko dute salgai. Martxoaren 21etik 28ra bitartean bost kontzertu emango dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Diskoak Junkeraren zortzi abestiren bertsioak biltzen ditu, orkestrarako egokituta. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren KlasikAT egitasmoaren barne dago orkestrako musikariak Junkerarekin batera egiten ari diren lana. Horren asmoa da musika klasikotik kanpoko errepertorioak orkestra sinfonikora ekartzea eta publikora zabaltzea. Enrique Ugarte musikariaren zuzendaritzapean ariko dira orkestrako musikariak. Unai Elorriagak ere proiektuan parte hartu du, diskoari lagunduko dion testua idatzi baitu.
Egitasmoa Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zuten atzo Junkerak eta Iñigo Alberdi EOSeko zuzendariak. Jakinarazi zutenez, diskoko bederatzi abesti instrumentalak abuztuan grabatu zituzten Euskadiko Orkestrak Miramonen (Donostia) duen estudioan. Zortzi bloketan ageri dira; izan ere, horietako bi bloke berean grabatu dituzte: besteak beste, Bihar arte, Hiri, Berhueta, Señora Moça, Madagaskar, Zolloko San Martinak/Huriondo, Bok Espok eta Gaztelugatxeko martxa kantuek osatzen dute errepertorioa. Junkerak azaldu duenez, abestien aukeraketa oso «era intuitiboan» egin zuten, ez zuten gehiegi pentsatu, baizik eta «naturalki» gertatu zen. Ez dute abesti gehiagorik landu; izan ere, «oso zaila da, horrenbeste jenderekin lan egitea, eta lana oso ondo antolatu behar da».
Orkestraren eta trikitiaren arteko «elkarrizketa» egingo dute abesti batzuetan, eta, besteetan, trikitiari lagunduko diote musikariek, argitu du Iñigo Alberdik. Horren harira, Junkerak, orkestraren lana azpimarratu nahi izan du: «Pieza batzuetan, orkestrak neuk interpretatzen ari naizenarekin bat egiten du; besteetan, orkestra protagonista bihurtzen da, eta bere garapen propioa du. Orkestrak rol garrantzitsua jokatzen du, ez da laguntzen ari bakarrik, baizik eta oso rol konplexua jokatzen». Trikitia ez ezik, herri musikan jatorria duten beste zenbait musika tresnak ere entzun daitezke abestietan. Besteak beste, alboka, panderoa eta txalapartarekin batera entzun ahalko dira abestiak. «Indartsu uztartu ditugu herri musikako tresnak orkestra oso batekin», dio Junkerak. «Orkestra arloari dagokionez, musikaren historiako eragin askoren arteko topaguneaigarriko duzue. Moldaketa klasikoak eta garaikideak daude, batzuk soinu bandetatik gertukoak. Nire ustez, harrituko zaituzte moldaketetan duen aberastasunagatik».
Fred Manoukian eta haren taldeko musikari frantziarraren lana azpimarratu du. «Lan handia egin behar da elkartze leku horiek topatzeko, ez dago horren inguruko erreferentziarik, eta horiek garatu behar izan dituzte. Oso lan garrantzitsua egin dute».
Enrique Ugarteren zuzendaritzapean arituko dira orkestrako musikariak. KlasikATen aurreko aldietan zuzendu zuen orkestra Ugartek, 2010. eta 2011. urteetan. Michel Camilo jazz piano jotzailearekin batera, jazz doinuak sinfonikora eraman zituzten 2010ean eta Swim gaua antolatu zuten 2011n. Horrez gain, Ugartek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Mike Oldfielden Music of the Spheres diskoaren mundu estreinaldian hartu zuen parte iaz Guggenheim museoan, eta, orain dela urte batzuk, Benito Lertxundiren Ahuen sinfonikoa diskoaren grabazioan. KlasikAT egitasmoarekin batera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, azkenaldian, bestelako ekitaldiak antolatzen ari da: «Horren adibide da Kirmen Uriberen eta Euskadiko Orkestraren lanen uztartzea, musika eta literaturaren inguruko bidaia eginez», azaldu du Alberdik.
Egia bihurtutako ametsa
Junkera oso pozik agertu da diskoarekin eta Euskadiko Orkestrarekin lan egitegatik. «Edozein musikariren ametsa da, bizitzan behin, orkestra sinfoniko batekin proiektu handi bat egitea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin proiektu bat egiteak sentimendu asko ekarri dizkit». Asko poztu du Arriaga antzokian zuzenean aritzeak ere. «Orkestrarekin zuzenean jotzea ametsa da, eta hemen Arriagan egitea... Arriaga nire etxea da, zoragarria da etxeko sukaldetik hona oinez etortzea, eta hemen musika sukaldatzea». Ez da Junkerak orkestra sinfoniko batekin lan egin duen lehen aldia; izan ere, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratu zuen orain urte batzuk.
Iñigo Alberdi ere gustura agertu da lanarekin. KlasikAT «oso egitasmo garrantzitsua» da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat, haren ustez, eta oso pozik dira aurten Kepa Junkerarekin lan egiteaz. «Gure herriko musikaririk handienetakoa eta bikainetakoa da», azaldu du. «Niretzat, oso proiektu berezia da Kepa Junkerarekin egiten ari garen hau. Oso emaitza interesgarria lortu da, bai diskoari dagokionez, bai kontzertuei dagokionez». Proiektuak aspaldian du jatorria:2010. urtean, Junkeraren eta orkestraren aurreneko elkarlanaz geroztik, zerbait egiteko gogoa zuten.
Alberto Palomerak diseinatu du diskoaren azal. Berton ageri den eskulturak Euskal Herriko folkeko musika tresnei egiten die erreferentzia, eta horien artean bereziki trikitiari. Junkerak azaldu duenaren arabera, trikitiari erreferentzia egiten dio diskoaren izenak ere: Ipar Haizea; haize hori baitakarte trikitiak, albokak eta kontzertuetan parte hartuko duten airezko musika tresnek.
'Ipar Haizea', trikitiaren kume
Bost kontzertu egingo dituzte Euskadiko Orkestrak eta Kepa Junkerak 'Ipar Haizea' diskoa aurkezteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu