IPARRA GALDU GABE

Lan handia egin du Nafarroa Behere, Lapurdi eta Zuberoako Bertsularien Lagunak elkarteak 34 urteetan; denetarik antolatu du: txapelketak, bertso eskolak, saioak.... Xilaba txapelketari ekin dio orain; beste mugarri bat urteetako bidean. Ez da hori, baina, esku artean daukan proiektu bakarra.

K Saioa Alkaiza(h)
2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ikusten delarik zer egoeretan dagoen hemen bertsolaritza, beharrezko zindukete gelditzen zaizten bertsulari eta bertsuzaleek elgarretaratzea, hortaz mintzatzeko eta elkarte bat xutik emaiteko». Etienne Salaberri apezak esan zien hori Ernest Alkhat eta Jean Louis Hariñordoki Laka bertsolariei, 1980an. Eta ez zen nolanahiko esaldia; izan ere, larri zegoen orduan Ipar Euskal Herriko bertsolaritza, orekarien sokan: saioak antolatzeko erakundeen faltan eta bertso eskolarik gabe. Bertsolariak eta bertsozaleak bazeuden, baina egiturarik ez. Galbidea izan zitekeen. Baina ez zen izan. Etienneren oharra duda-mudarik gabe bete zutelako Alkhatek eta Lakak. Hala, urte bereko abenduaren 18an Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa aintzat hartuko zituen taldea sortu zuten: Bertsularien Lagunak. 34 urte pasatu dira harrezkeroztik, eta osasuntsu dago egun bertsoa Mattin, Xalbador eta Mari Luixa Erdozioren lurretan. Baina ez da bide laua izan, malkartsua baizik.

Hiru lan ildo finkatu zituen elkarteak hasiera-hasieratik: transmisioa, sustapena eta ikerkuntza. Alkhatek hartu zuen lehendakaritza, eta urteen poderioz fruituak emango zituzten haziak landatzen hasi zen; bertso klaseak sustatzea eta saioak bilatzea.

Garai hartan, gainera, panorama ez zen erraza Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan ere; Euskaltzaindia ari zen bertsolari txapelketak kudeatzen, baina ordurako hasiak ziren bertsolarien eta erakundearen arteko desadostasunak. Hautsak harrotuta zeuden. Urteek ere hori frogatu zuten: 1986an, Euskaltzainditik bereizita, lehiaketa beren kabuz antolatu zuten hainbat bertsozalek, eta 1987an Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zuten. Hasierako garaian, beraz, gainontzeko lurraldeen laguntzarik gabe hartu zuten martxa Ipar Euskal Herriko lurraldeek.

Mantsoa izan zen lehen txanpa; borondatezko lanaren bidez arintzen zuten lan eskerga, eta askok orduak eta orduak eman zituzten egitasmoa hezurmamitzen. Alkhatez eta Lakaz gain, Txomin Ezponda, Fermin Mihura, Mixel Itzaina eta Emile Larre izan ziren, besteak beste, ideia hutsa zenari forma emateko lan egin zutenak.

Baina 1999tik aurrera bota zituen sustraiak Bertsularien Lagunak-ek, orduan ekin zioten-eta ikaskuntzan eskolak emateari. Hogei urte lehenago hartutako bidean argia ikusten hasiak ziren. Aitor Sarasua 2000. urtearen bueltan izendatu zuten elkarteko lehendakari. Garai hartan, gauzek pixka bat hobera egin zuten: profesionalizatu egin ziren. Sendotzen ari zen bertsozaletasuna, baina bertso eskolak urriak ziren. «Bakan batzuk» baino ez zeudela oroitzen da Maurice Agerretxe Bertsularien Lagunak elkarteko kidea. «Garai zailak» izan ziren horiek. «Niri lagun batek erran zidan elkarteari laguntzeko, eta harekin hasi nintzen, Sarasuaren garaian». Eta, Agerretxek bezala, askok eta askok eskaini zuten beren burua boluntario gisa, laguntza emateko. Urratsez urrats zebiltzan sustatzaileentzat, berebiziko sostengua izan ziren.

Txapelketa, arnasgunea

Hurrengo urteetan aurkitu zuen Bertsularien Lagunak-ek ekinean segitzeko formula: 2008an, txapelketa propioa prestatzen hasi ziren —2003ra arte, Nafarroako txapelketan parte hartzeko aukera eman zieten baxenabartarrei, lapurtarrei eta zuberotarrei; gero, txapelketarik gabe geratu ziren—. Horregatik, indarra eman zien lehen aldiz lehia propioa izateak.

Dena den, urteak behar izan ziren bertsolaritza are gehiago loratzeko. Kateari beste begi bat lotu zioten 2010. urteaz geroztik. Joana Itzaina zen elkarteko lehendakaria, eta ongi oroitzen da: «Orduan, bertso eskoletako irakasleak orenka ari ziren; inor ez zebilen lanaldi osoan. Gainera, Sehaskan, bertako langile batek ematen zituen klaseak, ez guk. Separaturik egiten genuen lan». Haatik, irakaskuntzan bertsolaritza errotzeko formularik bazen, hori Bertsularien Lagunak eta Sehaskaren arteko lankidetza zen. Eta horrela egin zuten. Gakoa zein zen garbi zegoen: elkarteak irakasle propioak eramatea Sehaskan klaseak emateko, eskola orduetan. Era horretan lortuko zuten haurrak zaletzea. Egungo emaitzei so, egokia izan zen apustua; handitzen eta handitzen ari da elkartea horrezkero.

2010ean, Odei Barroso eta Aimar Karrika kontratatu zituzten. «Hasi ginenean, bertso eskola gutxi-gutxi geneuzkan: bederatzi bat edo, gehienak Lapurdin». Aimar Karrikak ez du ahantzi orain dela bost urteko errealitatea. Orain, berriz, guztiz bestelakoa da haren lana: «Talde asko dauzkagu, 31 orotara: Lapurdin, 23; Behe Nafarroan, zazpi; eta Zuberoan, bat. 220 haur daude bertso eskoletan». Hirukoiztu egin dira, bai bertso eskolak, bai haur kopurua, orain dela bost urtekoarekin alderatuz. «Gora eta behera» ematen dute eguna bertso irakasleek, eskaintza ase nahian. «08:30ean etxetik irten, eta eskolaz eskola 18:00etara arte, egunero. Kilometro kopurua ez dakit erraten... Baina horixe: asko. Ni hamar bertso eskolarekin nabil, eta Sehaskako sei eskolatan. Gehitu bilerak horri, eta pentsa!». Dena den, umoretsu hartzen du lanaldia.

Itzainak elkartearen garaipentzat du urteotan erdietsitakoa. Hainbat faktoreren ondorioz handitu da zaletasuna. «Aunitz lagundu du irakasle berak izatea hezkuntza arautuan eta bertso eskolan; segipen bat da. Haurrek errazkiago erraten zuten baietz, izena ematean ezagutzen zutelako pertsona». Iritzi berekoa da Karrika: «Klasean, ezagutzen gaituzte, eta bertsoa jolas moduan egiten dugu. Horregatik apuntatzen dira gehiago». Jakitun da garrantzitsua dela haurrak lotzea. «'Benga, animatu!', esaten diegu. Gure ardura da ikastolatik bertso eskolarako salto egitea».

Irautearen garrantzia

Irakasleei eskerrak dira, beraz, oparoak bertso klaseak. Ez dira, haatik, gorakadaren erantzule bakarrak. «Kopuruak duela hiru urtetik hona behetik goiti doaz, eta hori ez da berriak sortzen direlako bakarrik; sortu zirenak mantentzen direlako ere bai», dio Itzainak. Jarraitutasunez ari dira bidea egiten.

Datuek ere arrazoia ematen diote Itzainari. Geroz eta presentzia handiagoa du bertsoak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. 2010ean 11 talde zeuden, eta 2011n, 23. Aurreko urtean, berriz, 28 ziren. Ildo beretik, aurten 31 inguruan dabiltza.

Baina, horrez gain, bestelako arrazoi bat ere badago: txapelketa. «Azken urteetan sortu da Xilaba», dio itzainak, «eta saioak barreiatzen dira gure hiru lurraldeetan; nahitara indar bat egiten da horretan. Lokalki, edizioz edizio, ikusten dugu emeki-emeki jende gehiago hurbiltzen dela». Zer edo zer izatekotan, egindakoa erakusteko aukera ere bada txapelketa: «Erakusleiho bat da; parada ematen digu urte guztiko lanaren berri emateko, parada jendea zaletzeko eta bertsolariek beren burua ezagutarazteko». Laugarren lehiaketa dute aurtengoa.

Garai onei esker, 2012an beste irakasle bat kontratatu ahal izan zuten: Xan Alkhat. Orain, zoritxarrez, ez dute beste inori kontratua eskaintzeko dirurik.

Gauzak horrela, hiru hankatan sostengatzen da, bada, aparraren gisan gora egin duen bertso grina: irakasleen lanean, bertso eskolen jarraipenean eta txapelketan.

Hiru lurralde, hiru erritmo

Ez da berdin garatu bertsoa Iparraldea deritzon eskualde osoan: kostaldeak eta barnealdeak norbere erritmoa izan dute. Azkarragoa kostaldeak; geldoagoa barnealdeak. «Biztanle kopurua ez da bera, errealitatea ez da bera...». Ezberdintasun mordoa dago, Itzainaren irudiko. Gaur-gaurkoz, Lapurdin jaio dira, hein handiagoan, bertso eskolak; orain, ordea, barnealdean zentratu nahi dute. «Gehiago sustatuko dugu», ziurtatu du Bertsularien Lagunak-eko lehendakariak.

Karrikak bestelako xede bat ere markatu du: helduen bertso eskolak ugaritzea. Orain daudenak ez ditu Bertsularien Lagunak-ek kudeatzen, bertsotarako gai diren lagun taldeek baizik. Aurrera begira heldu hasiberrientzako egiturak eskaintzen hasi beharko luketela pentsatzen du Karrikak.

Baina, helburuak erdiesteko, aurrena egungo arazoei egin behar diete aurre, eta ez da egiteko makala: bertso eskolak ahultzen dituzten egoerak dituzte parez pare. «Haurra herriko eskolan ibiltzen da bertsoa ematen, baina gero, kolegioak daudenez Ziburun, Kanbon edo Lartzabalen, garraio arazo gehiago dauzkate, eta bertso eskolan galtzen ditugu», kexu da Karrika. Hori ez da, halaber, galera momentu bakarra, Itzainak azaldu duenez: «Baxoa bukatuta, Ipar Euskal Herrian ikasteko paradak gutxi dira, eta gazte aunitz joaten dira kanpora, eta horrek hausten du prozesua». Bi gatazkei aurre egiteko irtenbideen xerka dabiltza orain hausnarrean.

Diru falta arazo

Era berean, bestelako gatazka bat ere badu elkarteak, dena ez baita arrosa kolorekoa: baliabide ekonomikoak lortzea. «Ez da garai ederrenetarik diru eske joateko...». Badaki zertaz ari den Agerretxek. Urteak daramatza elkartean, eta orain garai zailetan daudela aitortzen du. Bertso eskolak badituzte, baina baita duda bat ere: «Nola atzeman dirua 31 bertso eskola horietako irakasleak pagatzeko?».

Baliabide ekonomikoak eskaintzen dizkieten elkarteak badira, hala nola Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Kultur Erakundea eta zenbait herri elkargo. Nolanahi ere, ez da nahikoa. Bat egin du Itzainak Agerretxeren kezkarekin: «Zinez ari gara murrizketak egiten gure gastuetan, proiektua aitzinera eraman ahal izateko. Indarra eta denbora ainitz joaten zaigu diru bilketan». Norabidea argi dute, eta arrakastatsua da egindako lana. Gauza bakarra baino ez zaie falta, iparra ez galtzeko: dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.