Iragan bihurtutako oraina

Urtzi Ibarguen artistaren 'Kultura garaikide baten aztarnak' erakusketa ikusgai da Bilbo Arten

Maiatzaren 3ra bitarte izango da ikusgai Urtzi Ibarguen artistaren Kultura garaikide baten aztarnak erakusketa Bilbo Arten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Orainaldia iragana nola bihurtzen den edo modernoa dena nola egiten den anakroniko. Prozesu hori izan du ardatz Urtzi Ibarguen artistak (Errenteria, Gipuzkoa, 1978) Kultura garaikide baten aztarnak erakusketa prestatzeko. «Teknologia aurrerapenak gero eta azkarrago doaz, eta gero eta teknika gehiago dago. Eguneratuta ez baldin bazaude, atzean geratzeko arriskua duzu, zaharkituta». Laserra erabilita, grabatuak egin ditu harrietan, eta 3Dko inprimagailuekin egindako prototipoen gainean osatu ditu brontzezko eta egurrezko piezak. Horregatik dio osatu duena faltsutze antropologiko eta arkeologikoa dela. «Sortu ditudan obrak antzinako ezaugarriekin lotzen dira, antropologiarekin eta arkeologiarekin, nolabait. Baina orainaldiko tekniketatik abiatuta landu ditut. Hortaz, artelanak ez dira iraganean gertatutakoaren aztarna, baizik eta gaur egungo errealitatearen arrastoa». Bilbo Arte ekoizpen artistikorako zentroan dago ikusgai artistaren lana, maiatzaren 3ra arte. BERRIAko arte kritikaria da Ibarguen.

Material tradizionalak eta teknologia berriak bildu ditu Ibarguenek bere lanean, eta ikuslearengan jarri du azken fokua. Izan ere, artelanak ikusita, inor gutxik imajinatu dezake piezak laserrarekin moztu edo erre direnik, edo 3Dko inprimagailua erabilita sortu direnik ere. Zehaztu gabe dauden lanei zentzua emateko azken pieza dira ikusleak horregatik, artistaren arabera. «Bisitarien ikuspegitik abiatuta eraikitzen da erakusketa. Ikusle bakoitzak bere erreferentziekin eta istorioekin betetzen du lanek duten definizio eza. Ez dakizu nola eraiki diren, eta erabilera erlijiosoa den, sinbolikoa ala soziala. Pertsona bakoitzak esanahi propioa ematen dio artelan bakoitzari».

Elkarren osagarri diren hiru ataletan banatu du artistak erakusketa. Objektuarekin lotu du brontzezko piezek osatzen duten lehen zatia. «3Dko inpresioan egin ditudan moldeetatik abiatutako lanak dira». Plastikozko prototipoak sortu ditu Ibarguenek teknologia berria erabilita. Eta behin horiek eginda, brontzea urtuz lortu du azken emaitza.

Sinesmenei lotuta

Erakusketaren bigarren zatian sinbologian jarri du arreta. Egurrezko ehunka piezatxo elkartuta sortu ditu artelanak, eta Interneteko bilatzaileek sortzen duten irudian oinarritu da horretarako. «Collusion izeneko programa informatikoan sortzen diren irudi geometrikoak erabili ditut». Irudi geometriko horiek hiru dimentsioko egurrezko pieza bihurtu ditu Ibarguenek, eta egitura bereziak sortu horiek batzean. Artilean ere grabatu du ikur bera. «Itxura tribala hartzen dute artelanek; primitibo itxurakoak dira». Ez du edonola egin, ordea. Laserra erabiliz erre du artilea Ibarguenek, baina ikuslearentzat ia ikusezina da erabilitako teknika.

Sinesmenekin lotu du erakusketaren azken atala. «Modularragoak dira piezak eta tenpluak, eta sinesmenak gordetzen dituzten eraikuntzak irudikatzen dira horietan. Niri, behintzat, Greziako tenpluak etortzen zaizkit gogora». Ibarguenek harlauza eta igeltsua erabili ditu erakusketaren azken atalean ikusgai diren artelanetan, eta metodo berriak erabili ditu horiek sortzeko ere; tartean, laserra eta fresagailua.

Areto berean jarri du telebista txiki bat ere. Michael Cremo idazle estatubatuarrari egindako elkarrizketekin osatutako dokumentala erakusten du bertan. Forbidden archeology: the hidden history of the human race (Debekatutako arkeologia: giza arrazaren historia ezkutua) liburuan orain arte zibilizazioari buruz egindako teoriak zalantzan jartzen ditu Cremok. «Zientzialari faltsua da, eta, haren arabera, faltsua da gizateriaren historia; gauza asko ezkutatu egin direla dio. Honekin ez dut esan nahi erakusketaren irakurketa norabide horretan egin behar denik; baina interpretazio posibleen arteko bat izan daiteke». Ikusten ez den istorioa dute Ibarguenek egin dituen piezak, eta hor du estatubatuarraren teoriekiko antza.

Bisitariak artelanaren azken emaitza ikusiko du Bilbo Arteko erakusketan, eta nekez irudikatuko du sorkuntza prozesuan artista gipuzkoarrak erabili dituen metodo garaikideak. Erakusketa maiatz hasiera arte izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.