Iragan gaurkotua

Bar Italia Londresko hirukoteak bi disko atera ditu aurten; horietako berriena, orain gutxi: 'The Twist'. Gitarretan oinarritutako musika eginez oihartzun handia lortu dute.

Bar Italia musika taldea
Sam Fenton, Jezmi Tarik Fehmi eta Nina Cristantek osatzen dute Bar Italia. BERRIA
mikel lizarralde
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Oihartzunari dagokionez, gitarretan oinarritutako rocka bere garairik loriatsuenean bizi ez bada ere, oraindik ere azaltzen dira ia egun batetik bestera hedabideen eta jarraitzaileen arreta osoa eskuratzen duten taldeak. Horietako bat da Bar Italia Londresko hirukotea. 2020an disko bat kaleratu zuten —Quarrel—, eta 2021ean beste bat —Bedhead—, eta, haien ondoren, Matador zigiluarekin sinatu ostean, sei hilabeteko epean bi disko argitaratu ditu 2023 honetan. Tracey Denim iritsi zen maiatzean, eta The Twits-ek eman berri dio jarraipena.

Tracey Denim iritsi baino pixka bat lehenago hasi ziren Erresuma Batuko musika prentsan Jezmi Tarik Fehmik, Sam Fentonek eta Nina Cristantek osatzen duten hirukoteaz artikuluak idazten. Ez Bar Italiaren proposamena bereziki originala delako —ez da zaila taldearen DNAn post-punkaren eta 1990eko hamarkadako indie-rockaren arrastoak antzematea—, baina bai freskotasunez erabiltzen dituztelako euren erreferentziak. «Gitarra bat hartzen baduzu, ezinbestean iraganean murgiltzen zara», aitortu du Fehmik, eta gaineratu berritzailea izatea ez dela bere nahietako ba. «Ezagutzen dugun jende askok oso sinesgarriak ez diren gauzak idazten ditu. Iraganekoak ez emateko obsesio horretan, originaltasuna besarkatu nahi dute modu desesperatuan. Uste dut harrokeria puntu bat duela jarrera horrek. Originala izan nahi baduzu, utziozu musika egiteari».

Bar Italiaren proposamenean iraganeko musikek presentzia handia badute ere, taldekideek uste dute haien lana ezin dela zaku bakar batean sartu. Eta ez zaie arrazoirik falta, post-punkaren eta indie-rockaren interpretazio irekia egiteaz gain, The Twits-en bestelako musiken zertzeladak ere barreiatzen dituztelako han eta hemen. Jelsy, adibidez, country-folk akustikoko pieza leuna da, eta Shoo-k, ilunagoa izanda ere, giro etereo bat zabaltzen du hasi eta bukatu arte, orain dela urte batzuk Blonde Redhead-ek egingo lukeen bezala.

Baina 1990eko hamarkadan goia jo zuen rock independentearen aztarnak ere azaltzen dira The Twits-en. Sonic Youthen rock elektriko bezain bihurriaren itzala, adibidez, nabarmen azaltzen da uneren batean —Real House Wibes (Desperate House Vibes)—, eta Pavementen musika ere entzun dutela agerikoa zaie Londresko hirurei —Hi Fiver, Bibs—. Era berean, badira diskoan gitarra zorrotzez jantzitako rock melodikoko abestiak ere, My Litte Tony kasurako.

«Kantu itsaskorrak»

Bar Italia 2019an sortu zuten, eta pandemia iritsi zenean, «kantu itsaskor onak» idazteari ekin zioten, Cristantek azaldu duenez. «Ez zen gure asmoa musika esperimentala egitea».

Cristante berari bururatu zitzaion taldea Bar Italia izendatzea —italiarra da bera—. Pulp-ek badu izenburu bereko kantu bat, baina taldekideek azaldu dutenez, ez dio hari erreferentzia egiten; are, kantua bera ere ez zuten ezagutzen. «Ez gara Pulpen oso jarraitzaileak», aitortu dute. «Behin Jarvis [Cocker, Pulp taldeko abeslaria izan zena] kontzertu batera etorri zen, baina entzun genuen ez zitzaiola asko gustatu».

Nolanahi ere, Bar Italia jarraitzaileak pilatzen ari da, nahiz eta bere musika ez den sartzen mainstream hitzarekin ulertzen den zaku horren barruan. Baina Fehmi, Fenton eta Cristante gero eta zentratuago daude, eta beren musikak, sarritan deserosoa izan daitekeen arren, bide berriak deskubritzeko nahia erakusten du, batzuetan bide horietan iragana gurutzatzen zaien arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.