Deserosoa da batzuetan, eta aldatzeko saioak izaten dira. Iragana ere izaten da albiste, maiz, horregatik. AEBetan piztu da polemika oraingoan, Mark Twainen Huckleberry Finnen abenturak liburuaren harira. Otsailerako liburuaren edizio berri bat prestatu du NewSouth Editions argitaletxeak, baina hitz batzuk aldatu dizkio. Nobelan nigger (beltza) jartzen duen lekuan slave (esklabo) idatzi du argitaletxeak. Liburuan 219 aldiz ageri den hitz horrek literaturaren klasiko hori baztertu omen du urteetan zenbait eskola irakurketa programetatik. Fosil moduko bat da hitza, finean, baina fosil bizia. Oraindik ere erabiltzen den iraina. Iragan esklabista batean bizi zen tentsio arrazistaren arrasto bizia, oraindik tentsio horrek bizi duen gizartean. Zama bat. Itxi gabeko zauri bat. William Faulkner idazle iparramerikarrak arrazoi: «Iragana ez dago hilda, ezta iraganda ere».
Ez dira gutxi izan NewSouth Editions argitaletxeak entzun behar izan dituen kritikak. Hitz trukaketak ezin du iragan esklabista ezabatu, baina kamuflatu egin dezakeela kritikatu du batek baino gehiagok. Hitza aldatzeak ez du gizarte haren argazkia aldatzen; salgarriago egiten du, ordea. Hala azaldu du bere ikuspuntua Twainen obran aditu eta edizio berriaren arduradun Alen Gribbenek: «Txalotzekoa da Twainek leku eta garai historiko zehatz bateko hizkera biltzeko duen gaitasuna, baina gaur egungo irakurleak nazka sentitzen du gehiegizko irain arrazistekiko».
Batzuek onartu egin dute argudiatzea. Arazoak sor ditzakeen hitz baten desagerpenak Twainen liburuari eskoletako ateak irekitzen dizkiolakoan. Hots, merezi duela liburuak sakonean, eta,beraz, ez dela bekatu haren azala kaltetzea. Baina beste askoren iritziz, hitz aldaketarena ez da nolanahiko dilema. Mark Twainek berak hala azaldu zuen ezberdintasuna: «Oso kontu handia da hitz zehatz baten eta hitz ia zehatz baten arteko ezberdintasuna, tximista baten eta ipurtargi baten artekoa bezalakoa». Eta handia da baita ere hitz bakar horrek eragiten duen aldaketa, Angel Erro poetak adierazi duenez: «Pertsonaiek beren ahotsa gal dezakete, eta irakurleok perspektiba historikoa».
Huckleberry Finnen abenturak ez da arrazista. Asmo errealistaz jartzen ditu Twainek bere pertsonaien ahotsean orduan nagusi ziren arrazismoaren hitzak. Pertsonaiek hizkuntza horrekin pentsatzen zutelako.
Gisa honetako eztabaidetan ohikoa den Tintin Kongon komikiaren kasua antzekoa da. Ez, ordea, berdina. Klasiko bat da Herge komikigilearen lan hori. Klasikoa komikigintzan, eta klasikoa ere iragan kolonialarekin egin beharrekoari buruzko polemiketan. Ikuspegi kolonialistatik bizi du Afrikako abentura Tintin pertsonaia belgikarrak, hein handi batean Hergek mundua prisma beretik ikusten zuelako.
Tintinen kolonialismoa
Maiz izan da auzitegietan komiki hori. 2007an, komikia sortu zen garai historikoaz ohartarazi eta iraingarria izan daitekeela zioen afixa batekin argitaratzera behartu zuten Erresuma Batuan; Brooklyngo Udal Liburutegian (AEB) Mein Kampf-en sail berean jarri zuten; eta auzitara eraman dute Belgikan eta Frantzian, komikia debekatzeko eskatuz.
Hergek justifikatu egin zuen bere burua. «1930a zen. Jendeak zioena baino ez nuen nik ezagutzen herrialde hartaz: 'beltzak ume handi batzuk dira... zortea dute gu han gaudelako'. Gurasokeriaz marraztu nituen afrikar hauek. Guztiz murgilduta nengoen bizi nuen garaiko giro burgesaren aurreiritzietan». Jatorrizkoa argitaratu eta hamabost urtera, aldaketa batzuk egin zizkion komikiari, eta «gaztaroko bekatu» gisa ere deskribatu zuen. Ez zion, baina, ukorik egin bere sormen lanari, eta mantendu egin zituen txiste paternalista asko. Alferrak, ergelak eta ezgauzak dira kongotarrak Hergeren marrazki moldatuetan ere.
Hori da Hergeren eskubideak kudeatzen dituen Moulinsart elkartearen defentsa: arazoa ez da liburu zehatza. Ez hori bakarrik, behintzat. Iragan kolonial osoa da, berez, zama. «Tintin Kongon debekatuz gero, debekatu egin beharko da 60ko hamarkadara arteko kolonien inguruko literatura guztia... Garai baten lekukotza da. Giza izatea liburuan [Andre]Malrauxek Txinari buruz idatzitakoak irakurtzean, argi dago Txinari buruzko haren ikuspuntua gaur egun ez litzatekeela gehiago onargarria izango. Baina horregatik aterako al dugu Malraux Panteoitik? Ez dut uste».
Ez da AEBetako eta Belgikako kontua soilik. Kolonialismoaren diskurtsoarena ez da arrotza euskaldunentzat. Euskaldunik ere izan da, adibidez, Espainia eta Marokoren arteko gerran, eta ahotsa ere jarri dio kolonialismoari batek baino gehiagok. Euskarazko errimak Espainiaren asmo kolonialen alde. Hainbat adibide bildu ditu Joseba Sarrionandiak berriki kaleratu duen Moroak gara behelaino artean? liburuan. Foruak ez galtzeko zegoen Marokora joan beharra, 1859ko bertso paper batzuen arabera. Betebehar historikoa zuten euskaldunek Marokon: «Obligazioz da ta/ joan bear gerrara,/lege maitagarriac/ gordeco badira».
Ez zen, gainera, anonimoen lana soilik halako bertsoak idaztea. Euskal panteoiko bertsolari ezagunen izenik ere bada gisa horretako bertsoen atzean. Zazpiak bat bertso ezagunen egile ere baden Pedro Mari Otaño bertsolariaren Españolak eta Moruak izeneko bertso paperak aipatzen ditu, adibidez, Sarrionandiak: «Berak nola diraden/ animali utsak,/ izan arren Koran ta/ Mahoma laguntzat/ astinduko dizkate/ txilabako autsak».
Euskal Herria ere izan da zama hamaika aldiz Paris eta Madrilentzat. Maiz jasan ditu erasoak zazpi lurraldez osatutako lurraldearen ideiak. Espainiako agintariei deseroso suertatu, eta maiz moztu dute. Ez frankismoaren garaian soilik. Pio Barojarena da adibidea kasu honetan. 1953an argitaratu zuen El País Vasco izeneko gida modukoa Bartzelonan. Zentsuraren garaian argitaratua izanagatik, zazpi lurraldeak zeuden liburuan, eta Euskal Herri osoaren mapa bat ere bazuen.
Demokraziak egin zuen frankismoak egin ez zuena. Franco hil eta urteetara egin zioten mozketa Barojaren liburuari. 1998an Madrilgo argitaletxe batek argitaratu zuen Barojaren lana. Izen bera zuen, El País Vasco, baina lau herrialde gutxiago. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba soilik. Eta desagertu egin zen Euskal Herriaren mapa ere.
Euskal Herrian bertan ere badago eztabaidarik. Beste hamaika txokotan izaten denaren parekoa, neurri handi batean, baina baita bereizgarri propioa duena ere. Badira emakumeek eta gizonek dituzten rolak direla-eta eztabaidatsu bilakatzen diren lanak, baita homosexualei buruzko trataerak zalantzazko bihurtzen dituenak ere, baina bortizkeria politikoa kudeatzeko moduari buruzkoa da iraganaren zamari buruzko eztabaida nagusia euskal sorkuntzan. Higatua dago eztabaida, baina etengabe berritzen da. Gaiari buruzko obra bakoitzak berriz jartzen du dilema mahai gainean. Nola jokatu errealitate horrekin? Zuzen irudikatzen da errealitate hori? Era justuan, errespetuz? Norberaren irakurketak datoz gero.
Lopez eta Sarrionandia
Patxi Lopezek EAEko lehendakari gisa eman zuen lehen hitzaldian Sarrionandiaren poema bati egin zion aipamena. Eta irakurketa gurutzaketa bitxia eman zen haren harira. Harrizko isiltasuna poema aipatu zuen lehendakariak. Gizartea bortxaren inguruan anestesiaturik egon dela azaltzen duen metafora bat ikusi zuen lehendakariak poeman. Betiere, testuaren irakurketa erabat etxekotua eginez. Aipamena baino ez zion egin poemari, egia esan.
Zaila dirudi irudiak bestela. Historikoa izango zatekeen, ziur aski; Lopez Gasteizko Legebiltzarrean Sarrionandiaren poema osorik irakurtzen: «Tiro hotsak eta harrizko isiltasuna./ Ezertaz ohartu gabe doaz hodeiak./ Polizia espainol bat espaloian ahuzpez./ Zer tinta moeta da saihetseko gorri hori?/ Leihotik andere bat hilari begira:/ Ez diat hire arnasagatik negar egingo/ harik eta gure semea etxera bueltatu arte./ Gorputza harri gainean odolustuko da,/ isilean, hodei berrien babesik gabe./ Gero kalean kaskilo bat geratuko da,/ seme galduaren gela baino hutsagoa».
Sarrionandiaren ondoren, Ramon Saizarbitoriaren aipu bat hartu zuen ahotan Lopezek. Eta bitxia da kointzidentzia, Saizarbitoriak eta Lopezek oso ezberdin ulertzen baitute Sarrionandiaren poema. Lopezek bortxaren aurka euskal gizartearen epelkeriaren erretratua ikusten duen lekuan, «poetaren tranpa bat» ikusten du Saizarbitoriak. Hala azaldu zion donostiarrak Hasier Etxeberriari Bost idazle liburuan: «Oso gaiztoak izan daitezke poetak», dio Saizarbitoriak. «Poema horretan emakume bat azaltzen da bere leihoan, kale erdian odolusten ari den gizon bati sor eta gor begira. Jakina, gizona guardia zibila da, eta emakumeak semea etxetik urrun du, kartzelan. Ez nuke nahi hatzik mugitu gabe gizon bat odolusten ikusteko gai den amaren semea izan».
Joseba Sarrionandiak bere azken liburuan idatzia du: «Iragana gauza arraroa da, orainean bizirauten du». Handia da historiaren zama orainean, eta ezinbestean pilatzen doana, gainera. Baina Twain eta Barojaren liburuekin gertatuak eta Sarrionandiaren poemaren adibideak azaltzen dutenez, badago kontrako bidea ere marrazterik. Handia da orainaren zama ere iraganean. Tentsio etengabean dira bi denborak, eta horregatik du gaurkotasuna, ziur aski, Iban Zalduaren Etorkizuna liburuan ageri den historiari buruzko Felix de Azuaren aipuak. «Urteen poderioz sakonean aldatzen dena ez da oraina ezta etorkizuna ere, iragana baizik».
Kultura. Sorkuntza eta testuinguru historikoa
Iraganaren zama
Mark Twainen liburu baten edizio «eguneratua» prestatu dute AEBetan, irain arrazistarik gabea, eta piztu egin da eztabaida: zer egin iraganarekin orain?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu