Iragankor denaren lekukotasuna

Xabier Celestino margolariaren 40 lan baino gehiago biltzen dituen erakusketa antolatu dute Iruñean

Xabier Celestino artistaren 40 koadro baino gehiago daude Iruñeko Ziudadelan ikusgai, Ekaitzaren ondoren izeneko hau barne. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Tokirik xumeenean ere bizitza ospatu nahi duela dio Xabier Celestino margolariak. Paisaiak pintatzen ditu horretarako. Xumeak. Bazterrekoak. «Jendeak naturarekin lotzen du paisaia, eta, bestela, paisaia urbanoen kasuan, hiri handi batekin. Hiri garrantzitsu horiek askotan irudikatu dira, eta paisaia horretan geure burua ikustean bizirik sentitzen gara. Paisaiaren barruan. Nik bilatzen dudana da edozein txoko xumetan bizitza aurkitu eta xarmangarri bihurtzea. Eta bidea da askorentzako eguneroko txoko xume horietako bat». Celestinoren 40 koadro baino gehiago batzen dituen erakusketa jarri dute orain, ikusgai, Iruñeko Ziudadelan. Maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik Mixtoen aretoan.

Badira natur inguruei eskainitako lanak, baina errepide eta bidexkak dira nagusi. Egunsentia izeneko piezak adierazten du sortzailearen jarrera modurik argienean. Goizaldeko argi giroa da koadroaren gai nagusia; eguzkia nola hasi den lotsati xamar gaua puskatzen, baina margolariaren kokapena ere bada interesgarria. Errepide bateko bidegurutzea ageri du margolanak, eta bi trafiko seinaleren atzealdea. Ezkerrera egiten du keinu batek, eskuinera besteak, baina ikusleak ezin du jakin norantz doan bide bakoitza. Ez gau, ez egun, ez ezker, ez eskuin. Erdibide horretan uzten du ikuslea Celestinok, trantsizio gune horren edertasuna baita harrapatu nahi izan duena. Une iragankorraren lekukotasuna utzi nahi du. «Margolaritzak erakutsita dakigu, agian, egunsenti bat ederra dela. Koadro asko egin dituzte gai horren inguruan. Agian,gure lana da erakustea dena dela ederra bizirik baldin badago».

Estudioa utzi, eta kanpoan aritzen da pintatzen maiz. Lehiaketa franko irabazia da, eta, dioenez, xarma berezia du aire zabalean aritzeak. «Hori da gehien gustatzen zaidana», dio. Hala egin ditu erakusketan diren koadroetariko asko. «Bizitza margotzea da niretzat politena. Bizirik gaude, eta hor dago bizitza. Margotu bitartean bizitza hori sentitzea da niri gustatzen zaidana. Estudioan leiho bat izaten da beti, baina kalean edo naturan inguratu egiten zaitu bizitza horrek».

Lurrean irudikatutako zeruak

Giza figurak apenas duen protagonismorik margolanetan, baina beti dago haien arrastoren bat. Errepide bat, etxe bat, tren geltoki bat... «Presentzia eta ausentziarekin jolastea gustatzen zait». Irudi iheskorra izeneko koadroa da adibiderik ederrenetariko bat. Bi pertsona dira margolaneko protagonistak, baina belaunetatik behera baino ez ditu margotu Celestinok. Gorputz osoz irudikatzen ditu, ordea, euriak errepidean sortutako putzuen bidez. Antzeko formula erabiltzen du beste hainbat koadrotan ere zerua irudikatzeko. Putzuetan duen islaren bidez sartzen du zerua Celestinok lanetan.

Ispilu jokoak sortzen ditu maiz, eta Atturri izeneko lana da nabarmentzen denetariko bat. Baiona kanpoaldeko paisaia bat da erakusten duena. Ibaia ageri da ezkerreko zatian, belardi txiki bat gero, eta errepidea eskuinean. Euria egin du, ordea, eta putzuz beteta dago errepidea. Zerua islatzen du urak, eta elkarri oihartzunka dirudite errepideak eta ibaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.