Irakurzaletasuna, formula magikorik gabeko «loteria»

Literaturaren gusturako transmisioan duten zeregina aztertu dute hainbat irakurle klub edo taldetako kideek

Juan Luis Zabala
Larrabetzu
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irakurzaletasunaren transmisioaz mintzatu ziren atzo, Literaturiaren barruan, hainbat irakurle klub edo taldetako kideak, Ion Olano gidari zutela, Anguleri kultur etxean. Irakurzaletasuna sustatzeko formula magikorik ez dagoela, irakurzaletasunak jatorri askotariko, guztiz ezberdin eta kasu askotan kontrajarriak dituela, eta pertsona batek irakurtzeko zaletasuna izatea edo ez, azken batean, «loteria» dela, horiexek izan ziren solasaldian agertu ziren ideia nagusietako batzuk.

Loteriaren ideia indartu zuen parte-hartzaile batzuen esperientzia pertsonalen kontaketak. Horiek argi erakutsi zuten, adibidez, etxean txikitatik liburu asko izateak ez duela inondik ere literaturzaletasuna bermatzen, eta jende askoren kasuan debekuaren aurkako transgresio moduan piztu dela literatura irakurtzeko zaletasuna. Bati irakurzaletasuna piztu dion hura bera izan daiteke, azken finean, beste bat liburuak gorrotatzera eramaten duena.

Kasurik gehienetan, irakurle klub edo taldeak nahiko finkoak izaten dira, eta nekez gehitzen zaizkie kide berriak. Irakurzale ez direnen artean irakurzaletasuna pizten baino gehiago, lehendik irakurzale direnei iritzien eta gogoeten trukerako aukera eta baliabideak ematen laguntzen dute irakurle klub edo taldeek, solasaldian parte hartu zuten gehienen iritziz.

Antzerkiaren eta literaturaren arteko harremanei buruzko solasaldia izango da gaur, leku berean, 10:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.