Duela hilabete batzuk gertatu zen; aurtengo otsailean, hain zuzen. Bukatu berria zen Berlinale ezin arrakastatsuagoa izan zen Irango zinemarako, Jodaeiye Nader az Simin-ek zinemaldiko sari nagusi ia guztiak eskuratu baitzituen. Baina Urrezko Hartza jasotzera igo zenean, Asgar Farhadi zuzendariak ez zuen ahaztu nahi izan zinemak bere sorterrian duen egoera lazgarria.
Jafar Panahi oso gogoan izan zuen. Panahik Berlinaleko gonbita jasoa zuen epaimahaikideizateko, baina ezin izan zuen Alemaniara bidaiatu; giltzapean zegoen, eta, handik gutxira, sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten Irango agintariek. Horrez gain, hogei urtez filmarik zuzentzeko debekuarekin ere zigortu zuten zuzendari ezaguna. Besteak beste, Dayereh eta Offside filmen egilea da Panahi, Irango zuzendari gazteen artean nabarmenetakoa.
Panahirekin batera, Mohammad Rasulof zuzendaria ere zigortua izan zen. Bi zinemagileen ustezko delitua gobernuaren kontrako protestak sustatu izana da. Zigor horiek elkartasunkanpaina zabala eragin zuten zinemagileen artean; horren barruan zeuden Asgar Farhadiren hitzak Urrezko Hartza jasotzerakoan.
Bi gertaera horiek ederki aski islatzen dute gaur egun Irango zinemak duen egoera. Batetik, Abbas Kiarostamiren lekukoa hartuta, zuzendari gazte bikainak ari dira mundura plazaratzen. Bestetik, zuzendari horiek traba handiak dituzte sorterrian lan egin ahal izateko, eta askotan atzerritik egitea da gelditzen zaien irtenbide bakarra.
Gizartearen isla
Berlinalen Jodaeiye Nader az Simin-ek liluratuta utzi zituen epaimahaikideak. Sari nagusia irabazteaz gain, gizonezko eta emakumezko aktoreen sariak ere jaso zituen pelikulak. Oso gutxitan izaten da zinemaldi batean gisako erabakirik.
Hain zuzen ere, Berlinen sortu zitzaion Farhadiri film hori egiteko ideia. Etxeko sukaldean zela, ondoko gelatik zetorren Irango kantu bat entzun, eta hortik hasi zitzaizkion oroitzapenak eta irudiak pilatzen. Abiapuntu horretatik, sorterrira itzuli, eta han pelikula martxan jartzea erabaki zuen.
Emazteak utzi ostean, Naderek zaindari gazte bat kontratuko du aita zaindu dezan. Halako batean, etxera itzuli eta aita mahaiari lotuta aurkituko du. Naderek ez dakiena da zaindari berriak haren senarraren baimenik gabe ari dela lanean. Hortik aurrera, gezurrak eta liskarrak nagusituko dira Nader eta Siminen inguruan.
Berez, izenburuak dioen bezala, bereizketa bati buruzko istorioa da filma. Baina horren atzean beste gai asko ekarri nahi izan ditu pantailara Farhadik, horien artean, Irango gizartean gertatzen ari diren aldaketak. Bereziki, emakumeen gainean izaten ahal diren hainbat aurreiritzirekin apurtzen saiatu da zuzendaria. Haren esanetan, filma hobeto ulertuko da Iranen kanpoan baino, beharbada hango errealitatea ezagutzen ez duenak hainbat gako guztiz ulertuko ez dituelako. Nolanahi ere, bertan agertzen dena unibertsala dela gaineratu du.
Honakoa Asgar Farhadik egin duen bosgarren film luzea da. Haren film guztiek sari inportanteak eskuratu dituzte, baina batez ere orain dela bi urte egin zuen Darbareye Elly-rekin egin zen ezagun mundu osoan. Film horrek ere saria jaso zuen Berlinalen, zuzendari onenarena.
'JODAEIYE NADERAZ SIMIN'
Zuzendaria: Asgar Farhadi.
Aktoreak: Sare Bayat, Sarina Farhadi, Leila Hatami, Kimia Hosseini, Shahab Hosseini, Babak Karimi.
Herrialdea: Iran.
Urtea: 2010.
Iraupena: 123 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Irango zinemaren aurkia eta ifrentzua
Asgar Farhadi zuzendariaren 'Jodaeiye Nader az Simin' filmak arrakasta handia lortu du aurtengo BerlinalenIstorioaren atzean Iranen gertatzen ari diren aldaketak suma daitezke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu