Literatura

Irati Irizar Alvarezek irabazi du Igartza saria

Nobela proiektuak ‘Ilargi-kutsadura’ du izena, eta Bardean girotuta dago. Birraitonaren hezurren bila dabilen astronomo ospetsu bat eta porrot egin duen zinemagile bat ditu protagonista.

Irati Irizar Alvarez, Donostian eginiko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2023ko irailaren 13a
20:10
Entzun

Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAFek sustaturiko 26. Igartza bekak hamabi hautagai batu ditu, zortzi gipuzkoar, hiru bizkaitar eta argentinar bat, eta, guztien artetik, Irati Irizar Alvarezen (Lazkao, Gipuzkoa, 1990) Ilargi-kutsadura nobela-proiektua nagusitu da.

Irizarren lehen literatura obra izango denak —gauzak ondo bidean 2024ko udaberrian— Patricio Guzman zinemagile txiletarraren Nostalgia de la luz dokumentala izan zuen hazia. Atacamako basamortuan kokatua, izarrak behatu nahi dituzten astronomoak eta diktaduran desagerrarazitakoen hezur bilatzaileak, batik bat emakumeak, batzen dira han. Itxuraz arras bestelako bi jende multzo iruditu arren, Irizarri saihetsezina egin zitzaion antzekotasuna: «Batzuek gorantz zuzentzen dituzte begiak, aspaldi igorritako argiaren aztarnari jarraiki, hainbat erantzun aurkitu nahian; eta besteak, berriz, beherantz begira, zauriak sendatzeko elementuen bila, baina iraganari begira ari dira denak. Denek iragana jopuntu».

Guzmanen dokumentalak zer pentsa eman zion Irizarri, baina, batez ere, Euskal Herria ekarri zion gogora: «Haiek Atacama bezala, Errege Bardea baitaukagu guk, basamortua hori ere, izarrak behatzeko paraje zoragarria, baina, era berean, faxisten sarraski toki ezaguna, 36ko gerran».

Gero, handik gertu bizi izandako sekta baten berri izan zuen, «1980ko hamarkadan edo, estralurtarren kontaktua errazago bilatzeko helburuz, kokaleku hura hobetsi zuena». Basamortuko eszenatoki horretan, «istorio mordoa» nahastu zitzaion Irizarri, bat-batean. Harrezkero, garbi eduki zuen bere nobela-proiektuak inguru huts hura behar zuela kokalekutzat.

Bardeak agertoki
Nobela Bardean girotua da, beraz, baina ez du toki zehatz batera jo, nahiago izan du «herri bat asmatu, fikzioak ematen duen askatasuna aprobetxatzearren».

Bi pertsonaia nagusi izango ditu Ilargi-kutsadura nobelak. Bata, sona handiko zientzialaria, emakumezkoa. «Ofizialki, astronomia proiektu bat martxan jartzera helduko da Bardeara», baina badu beste helbururik ere, ezkutuan: «Bere birraitona baten hezurren bila dabil. Han hil zuten 36ko gerran». Beste pertsonaia nagusia, «zinemagile frustratu bat da. Langintza horretan porrot egin ostean, herrira itzuliko da eta estralurtarren kontaktua bilatzen duen sektaren berri jakingo du. Haien peskizan hasiko da berehala». Astronomoaren eta zinemagilearen bilaketak kiribildu egingo dira narrazioan barrena, nobelaren mami nagusia osatu arte.

Irizarrek hitz gako bat erabili du buruan darabilen proiektua hobeki azaldu ahal izateko: «Western moderno bat litzateke». Izan ere, «basamortua ez ezik, altxor bilaketa, gaizkileak eta justiziaren morroiak ere» batzen ditu. Horrez gainera, «baita zientzia fikzio apur bat ere». Azken hori literatura generorik gustukoenetakoa duela aitortu du.

Izenburua dela-eta, hitz jokoa egin nahi izan du Irizarrek: «Izarrei begiratzeko, argi-kutsadura ekidin beharra dago». Bestalde, ilargiaren alderdi mistikoari ere erreparatu dio, «ilargia, hildakoen argia ere badelako guretzat. Hortaz, ezin aproposago».

Puzzle ongi antolatua
Irizarren azalpenak entzun ostean, CAFen ordezkari Bianditz Iraolak hartu du hitza gaur Donostian egindako agerraldian. Irizarri entzuteak «ilusioa pizten» duela adierazi du: «Ematen du puzzle kaxa bat ireki duela egileak, baina berak ongi dakiela piezak nola lotu». Planteamenduaren originaltasuna txalotu dio.

Iraolak bezala, Beasaingo alkate Leire Artolak ere azpimarratu du halako proiektuak laguntzea eta aurkezpenean idazlearen alboan egotea «plazer handia» dela. Bide batez, 1994. urtean Igartza beka sortu eta martxan jarri zutenak eta «urte luzetan hor izan direnak» —Xabier Mendiguren Elkarreko editoreari begira— zoriondu eta omendu nahi izan ditu, «idazle gazteei laguntza emateaz gain, euskal kultura sustatzea izan dutelako beti gogoan».

Irati Irizar Alvarez ingeniaria da ikasketaz, eta irakasle eta aholkulari lanetan ere jardun du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.