Iraungitze data eta gazteen ahalegina

Bad Brains makal aritu da Azkena Rocken; Primus eta QOTSAren esperimentazioa eta indarra gailendu dira

Primus taldeko Les Calypool baxu jotzailea, ostiral gaueko kontzertuan, Azkena Rocken. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Iker Barandiara
Gasteiz
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bezperan baino askoz jende gutxiagok ireki zituen ateak bigarren egunean, baina, hala ere, Riff Truckers taldeak zur eta lur utzi zituen kontzertura bildutakoak: Gernikako red-neck-ek erakutsi zuten Busturialdean atzerrikoei inbidiarik ez dion punk-rock-and-roll eta country ikuskizuna egiten dutela. AEBetako ildo rockeroari jarraituta, Reverend Horton Heat erreferentea da punk-rock-and-roll eta rockabillyan eta, hortaz, Azkenarako oso aproposa. Kontrabaxua oinarri duen hirukoteak emanaldi klasikoa egin zuen, baina agertokia handi gelditu zitzaien. Bazen garaia euskal taldeak ordu hobean jartzeko: Atom Rhumba talde bizkaitar-nafarrak Mendizabalako karpari zingiretako lurruna, Sly & Family Stonen groove-a eta JSBEren rock kadentzia itsatsi zizkion, besteak beste. Taldekideek, ohi bezala, guztia eman zuten, eta horri eskerrak alde zituzten zale ugariek bezperako gehiegikeriak ahaztu, eta dantzari ekin zioten. Ondo koipeztutako makina bat da, akatsik ez duena, eta oraingoan ere Joseba Irazoki gitarra jotzailea gailendu zen. Bukaera aldera, Cabezafuego baxuak lehenengo ilaran ia ero zegoen ikusle bat agertokira igo zuen guztion harridurarako. Basakeria, perfekzioa, ezinezko erritmoak eta umorea guztia batean.

Cheap Trick aitonek oso sasoi onean daudela erakutsi zuten. Beatles eta Big Starren pareko pop-rock pieza ederrei erritmo oso rockeroak gehitu zizkieten. Marinel jantzitako Robin Zander abeslari nekaezinak eta Rick Nielsen gitarra ikaragarriak erakutsi zuten trikimailu merkeek, onak badira, ez dutela iraungitze datarik. Baina badira hain ondo zahartzen ez direnak ere. Ia 20 urte pasatu dira hardcorearen sortzaile Bad Brains rastafarien taldea Euskal Herrira (lehenengoz eta) azkenekoz etorri zenetik, eta belaunaldi oso batek burmuinean zizelkatuta ditu haren kantuak. Hala ere, espero bezala, kontzertu gazi-gozoa izan zen. Soinua oso kaskarra zen, gitarra apurtua entzuten zen, eta H.R. Throat abeslariak (geldiezina izan zenak) etxeko egongelan balego bezalako jarrera izan zuen. Gainera, hardcore eresiak beraien kantutegiko reggae piezekin tartekatu zituzten, giroa pixka bat motelduz. Halako batean, baina, soinuak hobera egin zuen, eta Darryl eta Dr. Know instrumentistek egindako ahaleginak merezitako emaitza jaso zuen. Kantu aukeraketa itzela izan zen (Banned in DC, At the Movies, Reignition, The Regulator, Big Takeover…) eta aurrealdean ikaragarrizko pogoa izan zen. Jarraian perfekziora pasatu ginen, Azkenan izan den talde birtuoso eta esperimentalena izango denera: Primus taldeak zur eta lur utzi gintuen, diskoetako jazz-rock funketik haratago zuzenekoan esperimentatzeari ekin ziolako. The Residents gogora ekarri zizkiguten bi astronauta erraldoiren azpian, Les Claypool baxulari ezentrikoaren hirukoteak ikaragarrizko ikuskizuna eman zuen, ikusle batzuentzat neketsuegia: Indiako oihartzuna, metala, jazza barra-barra, erritmo tribalak, giro elektronikoak……

Queens of The Stone Age bizitza aseguru bat da, badakizu ez dutela inoiz erratuko, serioegiak eta dotoreegiak dira horretarako. Josh Homme hotzak hasiera-hasieratik jendea poltsikoratu zuen, eta ikusleek pozarren abestu zituzten mende honetako hit!-ak diren piezak: No One Knows jostaria, metaletik hurbilago dagoen First I Give It, Feel Good Hit of the Summer» stoner oso azeleratua…… Pogo itzela, aurrean eta atzean, eta jendea kantu egarriz. Sorterriko Dessert Sessions-ei keinu bat egin zioten, The Lost Art of Keeping a Secret» itsaskorrarekin hainbat bihotz lapurtu zituzten arte. Gerora, izan zituzten barrura begiratzeko pasarte tribalagoak eta bluesero-psikodelikoagoak; eta azkeneko txanda luzean, energia ikaragarriz lehen diskoko Mexicola indartsua, eta QOTSAren labela duen Go by the Flow interpretatu zituzten. Akatsik gabeko zuzenekoa izan zen, baina jakin badakigu —baita beraiek ere— gehiago eman dezaketela. Bukatzeko, ohera joan nahi ez zuten milaka gautxorientzat, Clutch: Marylandeko (AEB) eszena emankorreko bizardun taldea eguneko sorpresa izan zen. Ileak tente jartzeko moduko soinuarekin eta stonerra eta metala batzen zituen oso estilo bereziarekin, countrya, hegoaldeko rocka eta 70eko hamarkadako hard-rocka zanpatu egin zituzten. Hardcorean ikasitako karisma handiko abeslariak taldekideen presentzia urria ederto estali zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.