Kultura

Iraupenez laburrago baina kultur eskaintzaz bete-beteta dator Durangoko Azoka

Aurreko urteetan baino iraupen laburragoa izango du aurten Durangoko Liburu eta Disko Azokak: bost egunez egingo da lehenagoko seien ordez, abenduaren 4tik 8ra. Izan ere, eskoletako haur eta gaztetxoentzat eta sektoreko profesionalentzat atontzen zen estreineko eguna kentzea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, eskaintzaz oparo dator: ia 400 liburu eta 60 disko aurkeztuko dira. Horrez gain, kultur ekitaldi asko egingo dira, horietako hainbat aurten azokaren ardatza izango den 'Sortzaileen geografia' gai nagusiaren inguruan. Argizaiola saria, berriz, Txillardegiri emango dio Durangoko Azokak.

2004ko azaroaren 17a
19:31
Entzun
Bi berrikuntza nagusi izango ditu aurten Durangoko Azokak antolatzaileek, Gerediaga Elkarteko kideek, gaur azaldu dutenez: batetik, aurreko urteetan baino egun bat laburragoa izango da, ikasleentzat eta sektoreko profesionalentzat antolatzen duten eguna kentzea deliberatu baitute. Bestetik, haurrentzako gune berezi bat egongo da bi helburu betetzeko:gurasoak azoka ikusten lasaiago ibiltzea, eta, gainera, tailerrak eta ekitaldi bereziak izango direnez, haur eta gaztetxoak irakurzaletzea.

Guztira 297 standizango dira aurten Durangon, eta horietan 382 liburu (310 euskaraz, 71 gazteleraz eta bat frantsesez), 60 disko, 32 aldizkari, 23 bideo, 8 software produktu eta hamar Interneteko atari eta edizio digital aurkeztuko dira.

Kultur egitarau oparoa

Nolanahi ere, Durangoko Azoka ez da izaten liburuak, diskoak eta gainerako produktuak erakusteko eta saltzeko gune hutsa, baizik eta kultur topagune bat izaten da. Ildo horretatik, egitarau bete-betea osatu dute antolatzaileek bi hari nagusiren inguruan. Batetik, 'Sortzaileen geografia' da aurtengo kultur ekitaldien ardatza, eta horren inguruan hitzaldiak emango dituzte Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi', Bernardo Atxaga, Jesus Mari Olaizola 'Txiliku', eta Unai Elorriaga idazleek zein Mikel Markez kantariak.

Beste haria, berriz, mendeurren biren inguruan biribiltzen da: aurten dira 100 urte Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon jaio zirela, eta biak izango dituzte gogoan Durangoko Azokan. Hain zuzen ere, bi gizon horien inguruan egingo du Azokaren sarrera hitzaldia Xabier Apaolaza EHUko irakasleak, abenduaren 4an, eguerdiko 12:30etan.

Omenaldia Txillardegiri

Dena den, aurten Durangoko Azokak inor hartu badu gogoan Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' idazle eta hizkuntzalaria izan da hori. Hain justu, Txillardegik jasoko du kulturgileak omentzeko Durangoko Azokak eman ohi duen Argizaiola saria. Abenduaren 4an, iluntzeko 20:30etan izango da ekitaldia, San Agustin Kulturgunean, eta hainbat musikarik, idazlek eta bertsolarik hartuko dute parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.