Diskoen liburuxketan taldekideen izenak agertzen dira zerrendatuta. Eta gero, baldin badauka, behintzat, ekoizlearena. Musikazale askorentzat, halere, abstraktua da haren lana. Entzuleak, normalean, ez du jakiten zein zeregin daukan zehazki. Grabaketa prozesuaren «lema» eramaten duen pertsona da ekoizlea, Mikel Fernandez Krutzagarentzat. Esparrua «oso zabala» dela iruditzen zaio Kaki Arkarazori: «Azken batean, gure betebeharra da musikariek duten ideia era ahalik eta gardenenean diskoan islatzea». Hori gauzatu ahal izateko, ekoizlea musikaria izatea ia-ia ezinbesteko baldintza dela pentsatzen du Karlos Osinaga Txap-ek. «Simil bat erabiliko dut azaldu ahal izateko. Aktore bat zuzentzeko, egun batez behintzat aktorea izan beharko zenuke lehenago». Esperientziatik eratorritako iritzi bat edukiko duelako, hain zuzen, eta uste hori, hortaz, kualifikatua izango delako jotzen dira taldeek ekoizleengana disko bat grabatzerakoan. «Soinu jakin bat nahi dutelako», Arkarazoren aburuz. «Aurretik egin dituzun ekoizpenak gustatzen zaizkielako», Jose Lastraren ustez. Iritzi kualifikatu hori behar dute, azken finean.
Modu askotara parte hartzen dute ekoizleek disko baten grabaketan. «Askotan gertatzen da ekoizleek ez dugula lanik egin behar kantuen barruan, eginak etortzen zaizkigulako». Orduan teknikari soil bihurtzen dira, ia-ia: ondo grabatzea, soinu lodi eta zorrotzen arteko erlazioa orekatzea... Hori izaten da haien eginkizuna. Arkarazo da mintzo dena. M-ak edo Negu Gorriakeko kide izandakoa, Garate Estudioak ireki zuen, Andoainen (Gipuzkoa), 2000. urtean. Alboan teknikari bat izanda, «soilik» ekoizpena egitea du gustukoen. «Lanik politena, sorkuntza lana, hor dago, ekoizpenean. Kantuak hartu eta hasieratik kontrolpean izatea. Baina oso zaila da jada. Egiten zen, egin nuen, baina egun ez dago baliabide ekonomikorik». Hori da ekoizlearen lanaren «muturretako bat», Osinagarentzat. «Kasik kantuaren konposizioan parte hartzen duzu. Beste muturrean dago teknikari hutsa izatea. Eta erdibidean, berriz, abaniko zabala. Gure herrian, normalean, oinarriaren gainean lan egiten da». Bonbereneako estudioan egiten ditu grabaketak, eta Lisabo, Dut, Berri Txarrak, Twelve eta Tulsaren lanak ekoitzi ditu, besteak beste.
Lastrak ere Osinaga eta Arkarazoren antzeko ikuspegia dauka ekoizpenaz. «Dena» gustatzen zaio, baina taldearekin aritzea da harentzat bizigarriena. «Jotzea, ondo pasatzea... Izan dadila denontzako esperientzia interesgarria». Hori bai, ez die ekoizlearen beste eginkizunei muzin egiten, eta «erronka bat» iruditzen zaio beste norbaitek egindako abestiak «modu zuzenenean» amaitzea. Ama Say, Kashbad, Audience, Piztiak, Juan Carlos Perez, Zea Mays edo Split 77ren diskoak ekoitzi ditu Lastrak azken 20 urteotan.
Soinu jakin bat, zigilu hori bilatzen dute taldeek ekoizleengan, baina Lastrak pentsatzen du denetarik dagoela. «Batzuetan, besterik gabe, jatorra zarela iruditzen zaielako etortzen zaizkizu». Ekoitzitako disko kopuruak, eskarmentuak ahalbidetzen die ekoizleei soinu propio edo jakin hori lortzea. Soinu horri adjektibo bat erantsi dio Arkarazok: «Orain gutxi, The Groovies taldekoak izan dira nirekin. Nahi zuten soinu handi bat, potoloa. Amerikanoa esaten zaio». Osinagak ez daki zer bilatzen duten taldeek harengana jotzen dutenean. «Tira, normalean egiten ditudan grabaketak nahiko gordinak dira». Lastrak ez dio adjektiborik jarri bere soinuari. «Besteek nik baino gehiago dakite nitaz». Halere, badaki zer ez duen egin nahi: «Ez ditut egin nahi garai jakin batean boladan dagoen soinua duten diskoak, iraungitze data bat dutenak. Egin nahi ditut betiko hor geratuko direnak; 20 urte barru entzun eta lehen egunean bezain onak izango direnak». Lan organikoak atsegin ditu, «pertsonek» egindakoak.
Fernandez Krutzagaren ustez, baina, egun grabaketa estudioa da musika instrumenturik garrantzitsuena. Besteak beste, Benito Lertxundi, Oreka Tx eta Benito Lertxundirekin aritutakoa da,eta 2004an Grammy sari bat eman zioten Kepa Junkeraren K diskoan egindako lanagatik. «Grabatzeko erabiltzen den teknikak sortzen du soinuaren parte handi bat; kasu askotan, %80».
Estudioaren erabilera
Arkarazok, berriz, argi dauka: «Estudioan tranpa asko egin behar dituen taldeak ez du etorkizun handirik. Hasieratik hasten bazara dena konpontzen, dena makillatzen kanta bat itxuratzeko, izorratuta zaude». Haren iritziz, estudioa gainerabili egiten da. Eta horretan alde handia dago talde «eskas» baten, eta «Vetusta Morla edota Anparo Sanchez batzuen» artean. «Ez dute orraztaldirik behar. Ez dute erabiltzen ez klaketarik, ez afinaziorik. AEBetan eta Kuban artista handiekin lan egiteko aukera izan dut, eta klaketa aipatzen zaienean, zera esaten dute: 'Zer? Zer da hori?'». Lastra uste berekoa da: «Garrantzitsuena neska polita izatea da, makillajearen gainetik. Polita bada, makillajea ez da beharrezkoa. Hortaz, oso polita bada eta gehiegi makillatzen baduzu, azkenean pailazo baten itxura hartuko du».
Lan egitea, jotzea, bueltak ematea eta ematea da bidea naturaltasuna lortzeko, Osinagaren ustez. Beste simil zinematografiko baten bidez azaldu du: «Sekuentzia natural bat lortzeko, buelta pila bat eman behar dira, eta gezur asko esan. Ez badituzu esaten, ez da sinesgarria izaten, eta itxura artifiziala hartzen du». Sinesgarritasunari lotuta, amuari heldu dio Lastrak: «Zineman erreala den zerbait lortu nahi baduzu, esfortzu handia egin behar duzu, estra batzuk egin behar dituzu emaitza sinesgarria lortzeko».
Makillatzen da soinua, txertatzen da efektu bat, aukeratzen da gitarra bat edo bestea, baina grabaketa batean «puntu psikologikoa» da alderdirik garrantzitsuenetako bat Osinagarentzat, garrantzitsuena ez bada. Hortaz, psikologo lana ere egiten dute ekoizleek. «Izan ere, zalantza askori, beldurrei aurre egin behar izaten diete musikariek estudioan, grabatzea ez delako haientzat ohikoena. Zu zaude laguntzeko, aholkuak emateko», pentsatzen du Lastrak. Eta musikarien onena ateratzen ahalegintzen dira, «karisma hori» azaleratzen, Osinagaren iritziz. «Batzuetan, lokalean sekulako puntua hartzen du, baina gero grabaketan ezin...». Xarma hori estudioan ateratzen laguntzeko, Lastrak uste du hobea dela ekoizleak berak musikari gisa esperientzia izatea. «Normalean, Euskadin lan egiten dugunok instrumenturen bat jotzen dugu. Hortaz, beste musikari batzuekin komunikatu behar baduzu, lengoaia komun bat hitz egin beharra daukazu». Behar da, haren ustez, soinuaren, grabaketa estudioaren eta tresnen ezagutza bat edukitzea. Uste bera du Osinagak, baita Arkarazok ere, baina horrek beste ideia bat gehitu dio bere ikuspegiari. «Igual ez da beharrezkoa musikaria izatea ekoizle izateko. Baina hala ez bada, dena jakin beharko luke musikaz. Ekoizlearen dohain garrantzitsuena bere background musikala da. Jakin behar du, adibidez, zein soinu duten, zehazki, poparen historian egin diren disko onenek».
Krutzagak ez du ikusmolde horrekin bat egiten, ordea. «Ekoizleak ez ditu zertan teknika guztiak menperatu. Ez dauka jakin beharrik mahai batek nola funtzionatzen duen. Baina jakin behar du nola lortu soinua».
Diskoak, hanburgesak bezala
Gertatzen da batzuetan antzematen dela nork egin duen diskoa, zein ekoizlek, taldea bera ezagutu aurretik ere. Arkarazori ez zaio hori gustatzen. Lastraren irudiko, taldeei nortasuna kentzen zaie horrela. «Mcdonalds gisako ekoizleak dira. Ekoizle horrek hanburgesak egiten ditu. Formula bat dauka, funtzionatzen du, eta jendeak berarengana jotzen du. Baina disko guztiak igualak ateratzen dira. Beharbada, arrakasta edukiko du taldeak, baina haien etorkizunarentzako kaka bat izango da». Iruditzen zaio taldeek kontzienteki jotzen dutela ekoizle horiengana. «Taldeek, gero diskoa entzundakoan, ez dute hartzen ezustekorik». Arkarazorentzat, Madrilgo ekoizle batzuek, adibidez, soinua desnaturalizatzen dute. «Egun irrati-formulan entzuten diren kanten %80ri liposukzioa egin zaie». Hori dela eta, Osinagak nahiago ditu hemengo ekoizpenak: «Gure kabuz ikasi dugu rocka egiten eta grabatzen. Lengoaia bat, kode bat asmatu dugu. Igual nirea delako, baina nahiago ditut hemengo ekoizpenak. Naturalagoak iruditzen zaizkit. Muturrekoak ez ditut gogoko. Bestela dena bihurtuko litzateke MTV, eta akabo».
Steve Albiniren ekoizpenak (Shellac, Low, Neurosis...) gogoko ditu Osinagak; baita Arkarazorenak berarenak ere. Garate estudioetako jabeak, berriz, beste bi erreferente aipatu ditu: Quincy Jonesek Michael Jacksonekin egindako diskoak eta Rick Rubinek Johnny Cashekin ateratako American Recordings bilduma. Taldearen nortasuna bezala, ekoizlearen zigilua antzematen delako lan horietan.
Konponketak, harmoniak, estrukturak proposatzen dituena da ekoizlea. Musikarien psikologoa estudio arrotzean. Iritzi kualifikatu hori.
Musika. Ekoizleen lana
Iritzi kualifikatu hori
Bateria jotzaileari zein kaxa erabili gomendatzen diotenak dira. Moldaketak proposatzen dituztenak, kantu bakoitzari eman beharreko tenpoa iradokitzen dutenak. Gibson edo Fender gitarren artean aukeratu beharra daukatenak. Musika ekoizleak dira. Malguak. Edo inposatzaileak. Musikariek soinu jakin bat bilatzeko asmoarekin jotzen dute haiengana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu