Musika

Irlandar musikaren ahots lotsagabea

Shane MacGowan The Pogues taldeko abeslari karismatikoa hil da, 65 urterekin, hainbat urtez osasun arazo larriak izan ostean. Irlandako musika tradizionala punk izpirituz zabaldu zuen mundu osora.

Shane MacGowan
Shane MacGowan, 2011. urtean, Wiessenen emandako kontzertu batean, Austrian. HERBERT P. OCZERET / EFE
mikel lizarralde
2023ko abenduaren 1a
04:55
Entzun

Orain dela hiruzpalau egunekoa da irudia. Shane MacGowan ospitaleko ohean, erabat zargaldua, eta, ondoan, argazkia lagunduz, haren emazte Victoria Mary Clarkeren mezu hunkigarri bat, agurra aurreratzen. Argazki hori plazaratu eta egun gutxira –atzo, hain zuzen ere– hil zen Shane MacGowan, The Pogues taldeko abeslari zela Irlandako musika mundu osora hedatu zuen musikaria. 65 urte zituen, eta ia hamarkada bat zeraman osasunez oso larri.

Musika munduan pareko gutxi izan dituen pertsonaia izan da MacGowan. Irlandar etorkinen semea zen, eta Kenten (Ingalaterra) jaio zen, 1957an, Eguberri egunez, baina bere haurtzaroko lehenengo urteetan hainbatetan izan zen gurasoen herrian, Tipperaryn. Kontatzen zuenez, han ikasi zuen errezatzen eta birao egiten, baita gitarra jotzen ere, eta oheratu aurretik bi garagardo pinta edatera ere ohitu zen. Gaztaroan, berriz, punka ezagutu zuen —The Clashen kontzertu batean bere orduko neska lagunak lepoan emandako hozkada baten ondorioz, odoletan azaldu zen hainbat komunikabideren azalean, eta nolabaiteko ospea lortu zuen egun batetik bestera—, eta horrek dena aldatu zuen harentzat, punkean aurkitu baitzuen irlandar etorkinen seme-alabek barnean gordetzen zuten dena kanpora ateratzeko erreminta.

Punk talde batean ere aritu zen hasieran, baina, txikitan musika irlandarra etengabe entzundakoa izanik, 1980ko hamarkadaren hasieran garbi ikusi zuen nondik jo behar zuen. Tradizioa berreskuratuko zuen, baina bere erara emanda, eta musika baliatuko zuen, bere arbasoen istorioak kontatzeaz gain, barnean pizten ari zitzaion harra zabaltzeko.  

Irlandarren ahotsa

1982an, Pogue Mahone taldea sortu zuten MacGowanek, Peter Spider Stacyk (txirula), Jem Finerrek (banjoa) eta James Fearnleyk (akordeoia), eta berehala batu zitzaizkien Cait O’Riordan (baxua) eta Andrew Ranken (bateria). Ez zekiten jotzen —Stacyk jo gabea zuen ordura arte txirula—, baina adorea eta lotsa gutxi izatea zituzten lagun. The Pogues deitura hartuta, 1984an argitaratu zuten lehenengo diskoa, Red Roses for Me, taldearen nortasun zeinu guztiak agerian uzten zituen lana. Han zegoen tradizioarekiko mira (Waxies’ Dargle, Poor Daddy), eta baita tradizio hori bereganatzeko saiakera ere (Streams of Whisky). Baina, batez ere, ahots lotsagabe bat aurkezten zuen, MacGowanena, Irlandako musikari miresmenez baina askatasun erabatekoz begiratzen ziona.

 

 

1980ko hamarkadaren bigarren partean bizi izan zuen The Poguesek bere aldi gorena. Rum, Sodomy & The Lash (1985) diskoan aurrerapauso bat eman zuten MacGowanek eta lagunek, eta, Elvis Costelloren ekoizpenarekin, punkaren arrastoak leundu zituzten, taldearen alderdirik sentikorrena azaleratzeko (A Pair of Brown Eyes). Nolanahi ere, handik hiru urtera jo zuen goia taldeak, oihartzunari dagokionez behinik behin. If I Should Fall from Grace with God-ek (1988) taldearen bi kanturik ezagunenak biltzen ditu, Fiesta parrandazalea eta Fairytale of New York, Kirsty McCollen parte hartzearekin grabatutako gabon kanta. The Pogues ezagutzen ez dutenek ere ezagutzen dituzten piezak horiek, biak ala biak. 

 

MacGowanek ez zuen inoiz ezkutatu alkoholarekiko zaletasuna, eta 1980ko hamarkadaren amaieran bestelako substantzia batzuk ere hasi zen kontsumitzen. Horrek berak asko murriztu zituen haren abesteko gaitasuna eta zuzenean aritzeko ahalmena, eta, The Poguesekin beste bi disko atera ostean, taldetik kanpo utzi zuten. The Popes taldearekin itzuli zen, baina, ordurako, haren itzala ez zen iraganekoa, eta XXI. mendera autosuntsitutako mito gisa iritsi zen. 2020an, Julian Templek eta Johnny Deppek agur itxura zuen dokumental bat eskaini zioten, Crock of Gold.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.