Erresistentziarako arma da umorea; edo izan daiteke, behintzat. Hori da Mikel Orbegozo euskal presoak kaleratu duen komiki liburutik ondorioztatzen dena. Preso nago du izenburua Ataramiñe elkarteak argitaratutako lanak, eta Irribarrez pixka bat libreago azpi izenburua. Espetxeko bizimoduaren egunerokoa da Orbegozok erakusten duena, baina begirada bihurri, umoretsu eta ironikoz. Kolorez betetako marrazkiz dago osatua liburua, inguru eta errealitate ilun bat azaldu arren: bakartzea, errepresioa, gose grebak...
«Bizirik irauteko beharrezkoa du umorea Mikelek [Orbegozok]», azaldu du Maria Etxarri egilearen amak Iruñean izandako liburuaren aurkezpenean. Egilerik gabeko aurkezpena izan da, ezinbestean, sei urte baitira Orbegozo espetxeratu zutela. Leongo kartzelan dago egun, eta han egin ditu marrazkiak ere. Horregatik, ezkutuan atera behar izan dituzte bere lan guztiak kalera senide eta lagunek, eta hori dela eta hartu behar izan du bestek aurkezpenean haren liburua aurkezteko lana.
Patxi Huarte Zaldieroa komikigilea izan da haietako bat. Egoera gordinean ere errealitateari umorez begiratzeko duen gaitasuna aitortu dio liburuari. Gehiago ere bai: «Nire izenez sinatuko nuke haren marrazki bat baino gehiago, umorearen eta errealitatearen espektru berean gaudelako».
Euskara eta erdara nahasian
Euskaraz eta gaztelaniaz daude testuak, nahasian, espetxeko errealitatearen isla. Euskaraz mintzo dira presoak, eta gaztelaniaz, aldiz, kartzelako langile eta poliziak. Eta umorez marrazten du bereizketa hori ere Orbegozok.
Nahasian doaz ironia eta salaketa ere komikiko tira gehienetan; euskal presoen argazkien aurka hartutako neurriei eskainitakoetan, eta kartzelako buruek presoen aurka hartzen dituzten neurriei buruzkoetan, adibidez. Badira marrazki intimoagoak ere, ordea. Espetxe barruko amatasunari eta maitasunari buruzkoak, esaterako.
Irribarrez libreago
Kartzelako egunerokoa umorez kontatzen duen 'Preso nago' komiki liburua kaleratu du Mikel Orbegozok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu