Idazleak: Benjamin Lacombe eta Sebastien Perez. Ilustrazioak: Benjamin Lacombe. Itzultzailea: Jose Antonio Sarasola. Argitaletxea: Ibaizabal.
Iratxo eta izaki mitologikoen unibertsoan sakontzeko proposamena egin digute Ibaizabalekoek. Formatu handian —32X29 cm—, trokelatu ikusgarriekin eta era guztietako marrazki, gutun, prentsa ohar eta idazkiekin jantzita dator maitagarrien liburu mardul hau.
Izan, XIX. mendeko Aleksander Bogdanovitx errusiar entomologoaren egunerokoa da —zientzialari asmatua bera—, zeina Rasputin beraren aginduz Bretainiako basoetan barneratzen den, hango inguruetako aztien sona ikertu eta espezie fitologiko berriak aurkitzeko. Bertan dela, ordea, ikerlari ohartzen da sendabelar bakoitzaren ondoan, sinbiosian, iratxoak bizi ohi direla. Hasierako harridura aldia gaindituta, entomologo errusiarra izaki harrigarri horiek ezagutzen hasiko da eta, miretsirik, haien artean mundutik aparte egon nahi duela ohartuko.
Irudietan edertasun eta ikusgarritasunerako grina dago —liburuaren osotasunean sumatzen dena, bestalde— eta zinez liburu orri-horitu zahar baten aurrean gaudela ematen du, arlo guztietan zaindua datorrena: garai bateko argazki zuri-beltz lausoetatik hasi, ikertutako landare eta iratxoen marrazki ñabartuekin jarraitu eta tarteka agertzen diren koloreztatutako erretratuekin borobiltzeko.
Benjamin Lacomberen irudigintza goren-nahi horren beste ale ikusgarri bat argitaratu du Ibaizabalek berriki, Edurnezuri klasikoaren berrargitarapenean. Zortzi urtetik aurrerakoentzat. •
Literatura. Haur eta gazte literatura. 'MAITAGARRIEN BELARRAK'
Irudi ikusgarriak album ikusgarrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu