Idazleak eta, bereziki, ilustratzaileak aspaldidanik ari zaizkie eskatzen argitaletxeei bertako egileek sortutako album ilustratuen aldeko apustua egiteko; eta album ilustratuak argitaratzean, ez egiteko lekua soilik kanpotik datozen lan euskaratuei. Durangoko Azokaren aurtengo ekitaldia ohi baino oparoagoa izango da bertako egileen album ilustratu berrietan, eta argitaletxe batzuen ausardiari eta lanari zor zaio hori, neurri handi batean. Album ilustratuan, testuak adinako garrantzia du irudiak; testuak adina edo gehiago kontatzen du irudiak; irudia ez da kontakizunaren menpeko elementua, testua bezain elementu burujabea baizik.
Erein argitaletxeak bost album ilustratu berri aurkeztu ditu Durango Azokaren aurreko egunetan. Horietako bi Galtzagorri elkarteak Artelekun antolatutako Marraz(i)oak ilustrazio tailerretan sortutakoak dira, eta tailerraren izenburu bera duen bilduma jarri dute abian: Basajaun eta Martin, Yolanda Arrietak idatzi eta Maite Caballerok ilustratua; eta Mozoloaren bakardadea, Juan Luis Zabala BERRIAko kazetariak idatzi eta Begoña Durrutik ilustratua; gainerako hirurak Ereinen Albumak bilduman argitaratu dira: Lauviaren giltza, Ivan Landak idatzi eta ilustratua; Gure etxea, Ruben Ruizek idatzi eta Eider Eibarrek ilustratua eta Mundua berdea ote da dena?, Juan Ignacio Mendizabalek idatzi eta ilustratua.
Harkaitz Cano idazleak eta Ignasi Blanch ilustratzaileak duela bi urte gidatutako Marraz(i)oak tailerrean sortuak dira hala Basajaun eta Martin nola Mozoloaren bakardadea albumak, eta tailer hartan sortutako beste bi album ilustratu argitaratzeko asmoa dute Ereineko arduradunek, aurrerago, Marraz(i)oak bilduman: Uxue Alberdik idatzi eta Idoia Beratarbidek ilustratua bata; Leire Bilbaok idatzi eta Iratxe Lopez de Muniainek ilustratua bestea. Xabier Mendiguren Elizegik idatzi eta Aitziber Akerretak ilustratutako Motozerra narrazioa ere tailer hartan landutako obra da berez, nahiz eta beste formatu batean eta beste argitaletxe batekin argitaratu zen, 2011n, Elkar argitaletxearen Xaguxar sailean.
Mezulariren Albokan, hiru
Mezulari argitaletxeak bi bildumaren bidez egiten du album ilustratuen aldeko apustua: Alboka, zazpi urte bitarteko haurrentzakoa; eta Abarka, helduentzat pentsatua. Alboka bilduman, hiru lan berri ditu aurten Mezularik: Ai, ai, ai, Yolanda Arrietak idatzi eta Ainara Azpiazuk ilustratua; Gaua balkoian, Leire Bilbaok idatzi eta Eider Eibarrek ilustratua; eta Sekretuaren zaporea, Ana Urkizak idatzi eta Concetta Probanzak ilustratua. Abarka bilduman, ez du aurten liburu berririk Mezularik: Peru Abarka lehiaketako lan sarituak argitaratu ohi dira bilduma horretan, eta aurtengo ekitaldian saria eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak.
Cenlit argitaletxearen Denonartean zigiluak ere bi album ilustratu berri kaleratu ditu: Ttalo. Artzain txakurra, Natalia Soriak idatzi eta ilustratua; eta Ipurtargien festa, Iñaki Zubeldiak idatzi eta Estibalitz Jalonek ilustratua. Elkarrek Joxantonio Ormazabal idazlearen eta Iraia Okina ilustratzailearen Ilargia esnatu da argitaratu du. Album ilustratutzat jo daiteke Eguberria. Ohitura, kantu eta istorio ere, Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Elena Odriozolak ilustratua.
Horrez guztiaz gain, Pamielak, urtero bezala, album ilustratuen Etxepare sariaren lan irabazlea argitaratu du, Miren Asiainen Hara!, kasu honetan.
Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Irudia, lagun baina burujabe
Album ilustratuen uzta oparoa da aurten Durangoko Azokan, argitaletxe batzuek egin duten apustuari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu