Irudiak eta musika uztartuta hasiko da 52. Jazzaldia

Charles Lloyd saxofoi jotzaile estatubatuarra sarituko du Donostiako jaialdiak, uztailaren 22an, Trinitate plazan

2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
MUSIKA. Programazioaren azken xehetasunak jakinarazi ditu Donostiako 52. Jazzaldiak, eta tartean, jaialdiari hasiera emateko ikuskizun berezia izango dela azaldu dute arduradunek. Uztailaren 20an, Poem of a Cell: Triptych of Love and Ecstasy izeneko emanaldia izango da Zurriola hondartzan, 22:30ean hasita. Stefan Winter soinu artista alemaniarrak sortutako ikuskizuna da, eta irudiak eta musika uztartuko ditu. Hain zuzen, aldi berean hiru film proiektatuko dituzte hiru pantailatan, non mundu guztiko 250 musikari inguruk interpretaturiko lanak entzungo diren; halaber, 60 musikarik zuzenean joko dute ikuskizunean.

Jaialdia ireki ohi duen Jazz Ball Band-a, hortaz, hurrengo egunean izango da. Eta uztailaren 25era bitarte, ehundik gora kontzertu izango dira, hamazazpi agertokitan. Besteak beste, Bryan Ferry, The Pretenders, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Kamasi Washington, Gregory Porter, Macy Gray, Hiromi eta Abdullah Ibrahim izango dira Donostian.

Haien artean izango da Charles Lloyd ere, aurten Donostiako Jazzaldia saria jasoko baitu musikariak. 1938an jaio zen, Memphisen (Tennessee,AEBak), eta jazz munduko saxofoi jotzaile entzutetsuenetakoa da; bere laukote berriarekin joko du, uztailaren 22an, Trinitate plazan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saria «ilusio bereziz» jasoko duela adierazi die musikariak.

Kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.